"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Xiaoyu Qin zuzendari txinatarrak dokumentaletik fikziorako jauzia egin du Jianyu kaide mama filmarekin, hori bai, errealitatea erabat baztertu gabe; izan ere, tratu txarrak ematen zizkion senarra hiltzeagatik kartzelan hamar urte eman dituen eta istorio horren benetako protagonista den emakume batean oinarritzen da filma. “Hasieran, dokumental bat egin nahi nuen, baina Zhao Xiaohong ezagutu genuenean fikzio bat egitea erabaki genuen”, adierazi du Qinek. Hala ere, protagonistak bizi izan zituen benetako eszenetatik abiatzen da filma.
“Urte erdi baino gehiago eman nuen ia hamar espetxetan ikertzen eta gidoia xahutzen, ehun preso baino gehiago elkarrizketatu nituen. Hori izan zen filmeko pertsonaia guztien oinarria. Kartzelako bizitza eta hainbat emakume presoren askatasun-osteko bizipenak erretratatzea izan dut helburu, talde berezi honen bizitzetan sakonduz. Errealitatea da gidoigilerik onena; teknika artistiko guztiak baino gehiago balio du mundu errealaren energia erakusteko”, adierazi du zuzendariak.
Jianyu kaide mama filma, hain zuzen ere, mundu errealeko islaz gainezka dago. Kartzelako eszenak kartzelan bertan filmatu ziren, eta espetxeko harresietatik kanpoko eszenak, berriz, benetako emakume preso askatuak bizi ziren lekuetan. “Kartzelak kontraesanez betetako lekuak dira”, deritzo zinemagileak, eta argitu du filmean agertzen den espetxea benetakoa dela. Han eduki zuten preso protagonista, eta han ezagutu zuten elkar zuzendariak eta protagonistak. “Zuzendaria hainbat espetxetara joan zen ni bezala kondena betetzen ari ziren hainbat preso elkarrizketatzera. Ni kalera irteteko zorian nengoen, baina asko nuen kontatzeko. Uste nuen jende askok ez ninduela ulertuko, ez nekien nolakoa izango zen jendearen erreakzioa, itota nengoen, eta nirea bezalako egoera batean zeuden beste emakume batzuei lagundu nahi nien”, adierazi du Xiaohongek, hunkituta. “Asko sufritu dugu film hau egiten, baina merezi izan du”, baieztatu du.
Filmak azaleratzen duen gaietako bat emakumeen aurkako indarkeria dela azpimarratu du zuzendariak: “Filma grabatzen ari nintzenean, Zhaok esan zidan sinetsita zegoela bere mezuek beste emakume batzuentzat balio zezaketela. Arazo hau gizartean dago, eta ez soilik Txinan, unibertsala da. Espero dut filmak balio izatea auzi honi oihartzuna emateko, kontuan hartua izateko eta ahal de heinean geldiarazteko. Eta espero dut gizon askok ikustea pelikula, ispiluaren aurrean jartzeko eta gai honi buruz gogoeta eginarazteko”.
“Egungo Txinan kontrola ez delako hain zorrotza egin ahal izan dut f ilma, baina presoek nolabaiteko askatasuna dutela dirudien arren, benetan ez dago askatasunik eta zainduta daude”, esan du Quinek. Hala ere, “askotan kaiola fisikoak baino gehiago kaiola indibidualak daude”, ondorioztatu du.
“Aldi berean, errealismoa eta sinbolismoa nahastuz, iragan berreskuraezina berraztertu nahi izan nuen. Bizi-bidaia hori, beraz, emakumeen autohazkundeari buruzko parabola gisa uler daiteke”, laburbildu du.
Sergio Basurko