"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Beatriz Arias Gonzálezek zinema ikasi zuen Txileko Unibertsitatean, eta bertan hasi zuen bere ibilbidea zuzendari eta muntatzaile gisa.
Eguneroko bizitzan agertzen diren narratibak interesatzen zaizkio eta 2020an bere lehen film laburra aurkeztu zuen, El callejón de las perras, eskoletako film labur onenaren saria jaso zuena FEMCINEen. 2024an, FIDMarseille jaialdiko Flash Competition lehiaketan estreinatu zuen bigarren filma, Volver a recorrer las mismas calles. Ondoren, Donostia Zinemaldiko Nest jaialdian lehiatu zen.
Aurten, New Directors epaimahaiko kide izateko deitu dute eta horretantxe dihardu, “gustura gainera —alai esan digu—; duela pare bat urte zinema-ikasle bat besterik ez nintzen eta begira nazazue orain, profesionalekin ukondoz ukondo. Niretzat esperientzia berria da epaimahaian egotea, harrigarria. Beste kideek askoz ere ibilbide luzeagoa daukate, baina beren gisakotzat hartu naute. Beraietako bat izateko eskarmentu eskasa ez dela aitzakia esaten didate. Talde polita, eta konplizea, osatzen dugu”.
Beatricek dagoeneko bere saileko film ia guztiak ikusi ditu eta komunean dituzten hainbat alderdi somatu ditu: “Gai aldetik istorio intimoak dira gehienak, tonu fin eta delikatua darabilte, landa-eremuan kokatzen dira batzuk, hiritarragoak dira gutxi batzuk, munduaren egoera etsaiari aurre egiten dioten umeak...”.
“Tarteka filmei buruz hausnartzeko elkartzen gara eta denon iritziak entzuten ditugu, hala ere, pelikula bat ikustetik ateratzen naizenean izaten dudan lehen inpresioaz fidatzen naiz normalean”, aurreratzen digu epaimahaian izango duen irizpideaz.
Gaur egun bere hirugarren film laburra, Mira cómo respiran, amaitzen eta bere lehen film luzea –Gloria a las desgraciadas izenekoa– garatzen ari da. “Nire lehen luzea idazten ari naiz kalean gertatzen diren gauzei erreparatuz. Izan ere, kalea niretzat izaki biziduna baita.
Kalearen taupada beti izaten da inspiratzaile, kalean gertatzen diren gauzak harrigarriak dira, kontrolagaitzak. Ibili hutsarekin ideia mordoa bururatzen zaizkit”. “Valparaison egingo dut nire lehen luzea, hori argi daukat. Hemendik etxerakoan, finantzazioa bilatzeko lan garratzari heldu beharko diot”, azaldu digu.
Aspaldi gabe, Talents Buenos Aires ekimenean parte hartzeko hautatu zuten, Latinoamerika osoko zinemagile berriak biltzen dituen topaketan. Bertan, jende asko ezagutu zuen eta denak bat zetozen zinemaren eta, orohar, kulturaren egoera larriarekin. “Egia da Argentinan bizitzen ari diren egoera desastre hutsa dela. Txilen, agian, hobexeago gaude. Baina joera txarrerakoa da ikus-entzunezkoetan sartuta gabiltzanontzat. Kultura kinka larrian dago Latinoamerika osoan”, salatu du.
Epaimahaiko lanetan bai ala bai ikusi behar dituen lanetatik aparte, baditu Zinemaldian ezinbestekotzat dituen hiruzpalau film, hala nola: Lucrecia Martelen Nuestra tierra, Kleber Mendoça Tilhoren O agente secreto, eta batez ere, José Luis Guerinen Historias del buen valle”. Gainontzean, “ez zait asti handirik geratzen, nire hirugarren laburra hoteleko gelan muntatzen ari bainaiz gaueko ordu txikitan”, amaitu du.
Sergio Basurko