José Giovanni, zuzendari, gidoilari eta nobelagile frantsesa, oso nabarmena izan zen, zalantzarik gabe, Frantziako polizia zinemaren urrezko urteetan, eta bera izango da Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko atzerabegirakoaren protagonista. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak Espainiako Zinematekaren lankidetzarekin antolatuko duten ziklo horren barne, Felipe Cabrerizok idatzitako liburu bat argitaratuko da Giovanniren lan osoaren inguruan.
José Giovanni (1923-2004) Joseph Antoine Roger Damiani izenarekin jaio zen Parisen, korsikar jatorriko familia aberats batean. Harenak dira polizia eleberriko orrialderik bikainenetako batzuk, eta baita Estatu Batuetako film noir generoa bezain garrantzitsua izan zen Frantziako “polar” polizia zinemako orrialde asko ere. Nobelagile, egokitzaile eta gidoilari izan zen aurrenik, baina zuzendari moduan bere proiektuen erantzukizun osoa hartu zuenean, Frantziako polizia generoari begirada eta estetika bereziak eman zizkion, Jean-Pierre Melville edo Jacques Deray egile ospetsuenen parekoak. Haiekin lankidetza estuan aritu zen, hain zuzen ere, 60ko hamarkadako lehen erdian. Polizia generoak Frantziako zineman indar handia hartu zuen garai hartan, Giovanniren izena kredituetan agertzen bazen, interesa eta arrakasta ziurtatuta zeuden.
Bizitza korapilatsu eta zaila izan zuen, ilungunez betea. Handik atera zituen bere eleberrien argumentuetarako elementu ugari. Zinemara, berriz, ate nagusitik sartu zen: Le Trou eleberriak, Giovannik kartzelan emandako denbora kontatzen duenak –erailketa leporatu zioten eta heriotzara kondenatu zuten, baina gero bortxazko lanekin kommutatu zioten heriotza zigorra–, Jacques Beckerren interesa piztu zuen, eta pantaila handira eramatea erabaki zuen zinemagileak. Berehala ezarri zuen lotura estua idazlearekin, eta Giovanni hasiera batean aholkulari tekniko gisa kontratatu bazuen ere, amaieran gidoilari lanetan ibili zen harekin batera Le Trou / The Hole (1960) filmean. Becker hil ondoren plazaratu zen pelikula, eta Donostia Zinemaldiak 2016an zuzendariari eskaini zion atzerabegirakoan ikusteko aukera izan genuen.

Giovannik 1958an argitaratu zuen La evasión, kartzelatik atera eta urte eta erdira. Handik gutxira, Série Noire ospetsuko idazleetako bat zen jada. Marcel Duhamelek Gallimard argitaletxean sortu zuen polizia liburuen bilduma horrek literatura kriminalaren ikuspegi berri eta modernoa sortu zuen, tartean zirela Ipar Amerikako klasikoen frantseserako itzulpenak ere. Bere hirugarren eleberritik, Classe tous risques (1958), sortu zen Classe tous risques / The Big Risk (1960), Claude Sauteten filma, eta Giovanni gidoilari aritu zen han ere. Eta zenbait urte beranduago, Jean-Pierre Melvillek bere bigarren eleberria, Le Deuxième souffle (1958), egokitu zuen polar generoko funtsezko izenburuetako bat sortzeko: Le Deuxième souffle / Second Wind (1966). Bai film horrek, bai Sauteten filmak (Zinemaldiak atzerabegirakoa eskaini zion 2022an) Lino Ventura izan zuten aktore lanetan, generoko interpretatzaile garrantzitsuenetako bat, alegia, Jean Gabin eta Alain Delonekin batera.
1958 urte oparo hartako beste eleberri bat, L’Excommunié, oinarri hartu zen ere Jean-Paul Belmondo protagonista izan zuen Un nommé La Rocca / A Man Named Rocca (1961) pelikularako, eta hala jarraitu zuen Beckertarrekin hasitako harreman onak; izan ere, Jean Beckerrek zuzendu zuen, Jacquesen semeak. 1963an, gidoilari moduan hasi zuen Jacques Derayrekin izan zuen harreman emankorra –Symphonie pour un massacre / Symphony for a Massacre (1963), Rififi à Tokyo / Rififi in Tokyo (1963), L’homme de Marrakech / The Man from Marrakech (1966) eta Avec la peau des autres / To Skin a Spy (1966)–, eta hiru urte beranduago, gauza bera egin zuen Robert Enricorekin –Les Grandes gueules / The Wise Guys (1966), Les Aventuriers / The Last Adventure (1967) eta Ho! / Ho! Criminal Face (1968)–. Ordurako, hala ere, Giovanni jada pentsatzen hasia zen zuzendaritzan. La Loi du survivant / Law of Survival (1967) pelikularekin egin zuen kameraren atzeko debuta. Gerra garaiko polar horretan bere gai nagusietako hiru agertzen dira: Frantziako Erresistentzia II. Mundu Gerran, Korsikako ingurugiroak eta traizioa.

Handik aurrera, eta Henri Verneuilen Le Clan des Siciliens / The Sicilian Clan (1969) filmaren salbuespen bakarrarekin (polar generoko ezinbesteko pelikula, Giovanniren gidoi eredugarriarekin, Auguste Le Bretonen eleberrian oinarrituta, eta Ventura, Delon eta Gabin goi mailako aktoreak bildu zituena), gure protagonista zuzendaritzan ibili zen batez ere. Bere filmetan berarekin lan egin zuten zinemagile guztien ezaugarriak dauden arren, laster ezarri zuen estilo propio, gordin eta zuzen bat, bere buruari edo beste idazle batzuei egokitua, askotariko pertsonaiez betetako istorioetan: soldatapeko hiltzaileak, auzoko poliziak, sistemari aurka egiten dioten gazte matxinoak, Marseillako hanpa, gizarteratu ezin diren gaizkileak, beren kodeen arabera bizi diren bazterreko lapurrak, eskala handiko lapurretak, errugabeak direla frogatu nahi duten presoak edo urre bilatzaileak. Bere bizitza bera bezain estilo asaldatua, oso fisikoa eta abenturazalea: adibidez, mendiko zein hiriko eskalada praktikatu zuen, eta Eiffel Dorrearen puntaraino eskalatu zuen behin.
Zuzendu zituen hamabost film luzeetatik, telebistarako bi pelikula eta hiru telesail atalekin batera, bereziki aipagarriak dira Le Rapace / Birds of Prey (1968), Dernier domicile connu / Last Known Address (1970) –biak Venturarekin–, Un aller simple / One Way Ticket (1971), La Scoumoune / Hit Man (1972) –Belmondo, Claudia Cardinale eta Giovanniren aktore fetitxea izan zen Michel Constantinekin–, Deux hommes dans la ville / Two Men in Town (1973) –Delonek eta Gabinek protagonismoa partekatuz–, Le Gitan / The Gypsy (1975) –Delon produktore eta protagonista izan zuena– eta Une robe noire pour un tueur (1981), Annie Girardotekin. Bere azken bi pelikuletan, Mon ami le traître / My Friend the Traitor (1988) eta Mon père, il m’a sauvé la vie / My Father Saved My Life (2001) –Bertrand Tavernierrekin batera idatzi zuena– bere bizitzaren alderdi erabakigarriei buruzko hausnarketa egin zuen fikzioaren eremutik.

2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzerabegirakoa Klasikoak programaren baitan kokatuta dago. Programa hori Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatzen dute, nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoaren jaialdi gisa. Horiek horrela, Klasikoak programak hiru ziklo biltzen ditu zigilu beraren barruan: atzerabegirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektatzen diren Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programatzen duen zikloaren tituluak (Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan ematen dituen zaharberritutako dozena bat film).
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.