Werner Herzog zuzendari, gidoigile, ekoizle eta aktoreak Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 74. edizioaren —irailaren 18tik 26ra egingo denaren— inaugurazio-galan, izandako ibilbide profesionalaren aintzatespen gisa. Zinemagile alemanari Zinemaldiaren ohorezko sari handiena entregatzean, Bucking Fastard haren film luze berria —Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehian ariko dena— emango da.
Sei hamarkadatik gora damara Werner Herzogek zinemagintzan, eta zinema garaikidean itzal handienetako irudi bihurtu da; izan ere, ezohiko obra eratu du bere ibilbidean zehar (80 film inguru), obsesioak, egoera larriak eta giza naturaren kontraesanek itxuratuta egonik bere lanak. Herzogen filmak —nola fikziozkoak hala ez-fikziozkoak— protagonista ameslari eta konkistatzailez —paisaia bortitzei eta kontroletik kanpoko indarrei aurre egin behar dietenez— beteta daude. "Estasizko egiaz" duen kontzeptuak gidatuta, Herzogek gertakarien behaketa hutsa gainditzen duen zinema defendatzen du, errealitatearen beste alderdi bat erakusteko, sakon eta poetikoagoa.
Donostia Sariaren emanaldiak —Victoria Eugenia Antzokian egingo denak Kursaaleko banaketa-ekitaldiaren aurretik— Werner Herzogen azken filma barne hartuko du. Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Gleeson dituela protagonista nagusi, Bucking Fastardek bi ahizpa bikiren ezohiko istorio bat kontatzen digu: aho batez hitz egiten dute, gizon bera maite dute eta amets berberak dituzte.
1942an Munichen jaio baina Bavariako mendietako urruneko haran batean hazi zen Werner Herzog. 11 urte bete arte ez zuen ezta zinemaren existentziaren berri. 15 urterekin hasi zen zinema-proiektuak garatzen, eta, inork ez zituenez, agidanez, proiektu horiek finantzatu nahi, institutuko azken ikasturteetan altzairu-fabrika bateko gaueko txandan aritu zen lanean soldatzaile gisa. Halaber, oinez bidaiatzen hasi zen.
17 urterekin egin zuen lehengoz telefono-dei bat, eta 19 urterekin, berriz, bere lehen filma. Unibertsitatea utzi zuen (historia eta literatura ari zen ikasten).
Harrez geroztik, 80 film inguru idatzi, ekoitzi eta zuzendu ditu, hala nola Aguirre, der Zorn Gottes / Aguirre, the Wrath of God (1972); Fitzcarraldo (1982; oihanaren erdian kokatutako mendi baten gainera eraman zuen, film horretarako, lurrun-ontzi bat); Grizzly Man (2005); eta Cave of Forgotten Dreams (2010).
Horrez gain, poesia- eta prosa-liburuak ere argitaratu ditu, hala nola Of Walking in Ice, Conquest of the Helpless, eta, duela gutxi, The Twilight World eleberria.
Bayreuth hirian eta Milango La Scalan, orobat, dozena bat operetako eszena-zuzendari ere izan da, baita mundu osoko beste opera-antzoki batzuetan ere.
Aktore gisa, bestalde, Jack Reacher eta The Mandalorian filmetan (besteak beste) ere egin du lan, baita The Simpsonsen ere (gonbidatu gisa). Museoen alorrean, Hearsay of the Soul instalazio artistikoa sortu zuen New Yorkeko Whitney Museum eta Los Angelesko Getty Museum erakundeetarako. Hezkuntzaren arloan, azkenik, Rogue Film School sortu zuen, munduko zinema-eskola gehienetan irakatsi ohi denaren kontrapuntu gisa.
Bucking Fastarden protagonistak bi ahizpa dira, Jean eta Joan Holbrooke; horren estua da bien arteko lotura, ezen aho batez hitz egiten baitute, gizon bera maite dute eta amets berberak dituzte. Are gehiago, akats bera egiten dute aldi berean. Ezin dugu mundua ikusi ahizpek ikusten duten moduan, baina bai, ordea, munduak nola erreakzionatzen duen emakumeen aurrean: auzitegiak eta prentsa, lagundu nahi dietenen pertsonak eta ahizpetaz aprobetxatu nahi dutenak.