Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Perlak sailak 16 film luze hartuko ditu, horietako gehienak munduko zinema-jaialdi nagusietan aintzatespena lortu dutenak. Hautatutako hamaika film Cannesen izan dira eta, besteak beste, sari hauek beretu dituzte han: Urrezko Palma, zuzendari onenaren ex aequo sariak eta emakumezko eta gizonezko aktore onenen sariak. Beste film batzuk, berriz, Venezia, Berlin, Sundance eta halako beste jaialdi batzuetatik igaro dira. Saileko film guztiak lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko, Olivier Nakache eta Éric Toledanoren Juste une illusion izan ezik, hark lehiaz kanpo emango baitio amaiera Perlank sailari.
Perlak sailean Nelyubov / Loveless (2017) obra erakutsi ondoren, Andrey Zvyagintsev (Novosibirsk, 1964) zinemagile errusiarra Minotaur (Epaimahaiaren Sari Nagusia Cannesen) film luzearekin itzuliko da sailari hasiera ematera. La femme infidèle / The Unfaithful Wife (Claude Chabrol, 1969) filmaren egokitzapen librea da Minotaur, arrakasta handiko enpresaburu baten erretratua izanik: eta hainbat presioz inguratuta, bizitza gainbeheratzen hasiko zaio. Vozvrashchenie / The Return (2003) izan zen Zvyagintseven lehen film luzea, eta Urrezko Lehoia eskuratu zuen Venezian obra horrekin; Cannesen, geroago, gizonezko aktore onenaren saria lortu zuen, Zvyagintseven Izgnanie / The Banishment (2007) lanagatik, Konstantin Lavronenko aktoreak. Elenak (2011) Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Cannesko Un Certain Regard atalean, eta Leviafan / Leviathanek (2014), berriz, Golden Globe bat jaso zuen (lehen film errusiarra izanik golardo hori beretzen), Cannesen gidoi onenaren saria eskuratzeaz eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua izateaz gain.
Louis Garrel, Camille Cottin eta Pierre Lottin izanik protagonistak, Juste une illusion / Just an Illusion da Olivier Nakache (Suresnes, 1973) eta Eric Toledano (Paris, 1971) frantsesen film berria, Perlak sailari amaiera emango diona, Frantzian izugarrizko arrakasta komertziala izan ondoren. Tandem frantziarrak estuki lotuta jarraitzen du Donostia Zinemaldiarekin; izan ere, Sail Ofizialari amaiera eman zioten Intouchables / Untouchable filmarekin (nazioarteko arrakasta erdietsi zuten, 2011n, obra horrekin). 2014ko edizioan ere amaiera eman zioten zuzendari frantsesek Samba filmarekin, eta Urrezko Maskorra beretzeko lehiatu ziren lehendabizikoz Le sens de la fête / C'est la vie (2017) filmarekin, eta. Canneseko zinema-jaialdia lehiaz kanpo itxi ostean, Perlakera itzuli ziren 2019an, Hors Normes / The Specials filmarekin, eta film onenaren Publikoaren Saria irabazi zuten.
Sundancen Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu eta Berlinalen lehiaketa ofizialean parte hartu ondoren, Beth de Araújo zinemagile estatubatuarrak (San Frantzisko, 1985) bere bigarren film luzea erakutsiko digu Donostia Zinemaldian. Josephinek —Channing Tatum, Gemma Chan eta Mason Reeves dituenak protagonista— bortxaketa bat ustekabean ikusi ondoren neskato bati geratuko zaion trauma islatzen du.

Astérix: Le Domaine des Dieux (2014) eta Astérix: Le Secret de la Potion Magique (2018) animaziozko filmak Alexandre Astierrekin batera zuzentzeagatik ezaguna, Louis Clichy animatzaile frantsesak (Chartres, 1977) bakarka zuzendutako bere lehen lana erakutsiko digu: Le corset / Iron Boy. WALL-E (2008), UP (2009) eta 3Dko halako filmetan Pixarren luzaroan lan egin ondoren, Clichyren lehen film luzea animazio tradizionalarekin sortua da; Cannesko Un Certain Regard atalean Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen lan horrek, bai eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Publikoaren Saria Film Luze Onenari ere Annecyko jaialdian.
Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreek gizonezko aktore onenaren saria jaso zuten, ex aequo, Cannesen, Coward filmean egindako lanagatik (I. Mundu Gerran borrokatu eta maitemindu egiten diren bi soldaduren rola egin dute film horretan). Lukas Dhont (Gante, 1991) zinemagile belgikarrak bere hirugarren filma erakutsiko du Donostian; Girl (Perlak, 2018) bere lehen film luzea ere Donostian aurkeztu zuen. Cannesko Un Certain Regard atalean lehen lan onenaren Urrezko Kamera eskuratu ondoren, Girlek Publikoaren Saria eta Sebastiane saria irabazi zituen Donostian. Closek —Dhonten hurrengo lanak— Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Cannesko lehiaketa ofizialean, 2022an Oscar sarietarako izendapen bat lortzeaz gainera.
Jordan Firstman (New York, 1991) idazle, ekoizle eta aktore estatubatuarrak Club Kid erakutsiko digu, bere lehen film luzea zuzendari gisa; Firstman bera izanik protagonista nagusia, Cara Delevingnerekin, Diego Calvarekin eta beste aktore batzuekin. Film luze honek —Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatuak— New Yorkeko jaietako sustatzaile baten istorioa kontatzen digu: protagonistaren bizitza, gehiegikeriaz betea, aldatu egingo da 10 urteko haur bat ezagutzen duenean; emakume ezezagun baten hitzetan, gizonaren semea da ume hori.
Virginie Efirak eta Tao Okamotok emakumezko aktore onenaren saria lortu zuten, ex aequo, Cannesko jaialdian, Ryusuke Hamaguchi (Kawasaki, 1978) zuzendari japoniarraren Soudain / All of a Sudden filmean egindako lanagatik; bertan, bi adiskidek kapitalismoaz eta haren gizagabetasunerako soluzioaz hausnartuko dute. Horrela, Hamaguchi Zinemaldira itzuliko da, non Passion (New Directors, 2008) —bere lehen lana— estreinatu zuen. Asako I & II (2018) Perlak sailean aurkeztu zuen; sail berera itzuli zen 2021an bi filmekin: Drive My Car (Fipresci Sari Nagusia, 2022; nazioarteko film onenaren Oscar saria) eta Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy. 2023an ere parte hartu zuen sail berean Evil Does Not Exist filmarekin (Lurra Sariaren irabazlea).
Na Hong-jin (Seul, 1974) zuzendari hegokorearra lehenengoz izango da Donostia ZInemaldian Hope pelikularekin. Akzioz, umorez eta estralurtarrez beterik dagoen film luze berri hau Canneseko lehiaketa ofizialean hautatu zuten, baina zinemagilearen beste hiru lanak ere garrantzitsuak dira: The Chaser (2008), Cannesko Midnight Screenings atalean proiektatua; The Yellow Sea (2010), Cannesko Un Certain Regarden estreinatua— eta Goksung / The Wailing (2016), Cannesen lehiaz kanpo erakutsia.

John Malkovich, Sam Rockwell eta Steve Buscemi aktoreez osatuta dago Wild Horse Nineren —Martin McDonaghen (Camberwell, 1970) azken filmaren— aktore-zerrenda. Zinegile britainiarrak fikziozko film labur onenaren Oscar saria irabazi zuen Six Shooter (2004) lanarekin, eta bere lehen film luzeak (In Bruges, 2008) jatorrizko gidoi onenaren BAFTA saria jaso zuen, kategoria berean Oscar sarietarako izendatua izateaz gain. Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmarekin (Perlak, 2017) Publikoaren Saria jaso zuen Donostian zuzendari britainiarrak, baita bi Oscar sari ere Frances McDormand eta Sam Rockwellentzat (emakumezko aktore nagusi onena eta antzeztaldeko aktore onena, hurrenez hurren); film onenaren Golden Globe saria lortu zuen, halaber, The Banshees of Inisherin (2022) filmarekin.
Veneziako Mostran estreinatu ondoren, Nanni Moretti (Brunico, 1953) zuzendari eta aktore italiarrak Succederà questa notte / It Will Happen Tonight aurkeztuko du Zinemaldian (iaz Donostian filmatu zen, partzialki, filma). Eshkol Nevo idazlearen Hungry Heart / Lev Raev kontakizunen bilduman inspiratua, Louis Garrel eta Jasmine Trinca ditu protagonista filmak. Ez da lehenengo aldia zinemagileak Perlak sailean parte hartzen duela, hauekin ere izan baitzen: La stanza del figlio (2001, Urrezko Palmaren irabazlea Cannesen), Mia Madre (2015ean sailari amaiera eman zion), Abril (1998) eta Habemus Papam (2011). Mia Madre Cannesen lehiatu zen, bai eta Caro Diario ere (zuzendari onenaren sariaren irabazlea).
Perlak sailak, halaber, Cannesko aurreko edizioan film onenaren Urrezko Palma irabazi duen (Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI Sariaz gain) obra ere barne hartuko du. Fjord filmean, Cristian Mungiu zinemagile errumaniarrak (Lasi, 1968) Sebastian Stan eta Renate Reinsve zuzendu ditu. Bi senar-emazte errumaniar-norvegiar oso erlijioso dira protagonistak, eta urrutiko fiordo batean kokatutako herri batera joango dira bizitzera, baina bikotearen hezkuntza-metodo tradizionalek hango komunitatearen susmoak piztuko dituzte. Zuzendariak 4 luni, 3 săptămâni și 2 zile / 4 Months, 3 Weeks and 2 Days lanarekin irabazi zuen bere lehen Urrezko Palma (Perlak, 2007; FIPRESCI Grand Prix), eta ohikoa da Cannesen bere karreraren hasiera-hasieratik: zuzendariaren lehen film Occident (2002), adibidez, Quinzaine des Cinéastes atalean aurkeztu zen. Geroago, Cannesko sail ofizialean lehiatu zen bi hauekin: După dealuri (2012), gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak (Donostia Zinemaldiko Eastern Promises atzerabegirakoan bildua 2014an); Bacalaureat (2016), zuzendari onenaren saria; eta R.M.N. (Perlak, 2022).
Tangles Perlaken emango den animaziozko bigarren filma da. Leah Nelson (Vancouver, 1984) kanadarrak zuzendutako lehen film luzea da, Cannesen Emanaldi Berezi gisa estreinatua. Filmak Julia Louis-Dreyfus, Abbi Jacobson, Bryan Cranston eta Seth Rogen aktoreen ahotsak ditu, besteak beste, eta Kanadako jaioterri kontserbadorera ama alzheimerduna zaintzera itzuliko den emakume gazte baten istoria kontatzen digu. Han, ikasi egingo du bere familia bitxia eta amaren buru-narriadura onartzen.

Pawel Pawlikowski (Varsovia, 1957) gerraosteko Europara itzuliko da Fatherland filmarekin, Ida (2013) —ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea— eta Zimna Wojna / Cold War (Perlak, 2018; zuzendari onenaren saria Cannesen) film luzeekin jada hasitako bide bat. Poloniarraren azken filmak zuzendari onenaren saria beretu zuen, ex aequo, Cannesen; 1949n dago kokatuta eta Thomas Mann (Hanns Zischler) idazlearen —Nobel saria jaso zuenaren— eta haren alaba Erika aktore, idazle eta rally-pilotuaren (Sandra Hüller) arteko harremanean dago zentratuta. Biek errepidez bidaiatuko dute erortzear den Alemanian zehar.
Rami Malek, Tom Sturridge eta Luther Ford antzezleak dira The Man I Love filmeko protagonistak; Ira Sachs zuzendariaren (Memphis, 1965) film berriak —Cannesko lehiaketa ofizialean parte hartu zuenak— underground artista bat du protagonista, une erabakigarri bati aurre egin beharko diona 80ko hamarkadaren amaierako New Yorken. Zuzendari estatubatuarra hainbat aldiz hautatu izan dute Sundancen: The Delta (1996) bere lehen lana; Forty Shades of Blue (2005), Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea; Keep the Lights On (2012); Passages (2023) eta Peter Hujar's Day (2025). Married Life (2007) Torontoko zinema-jaialdian estreinatu eta Frankie (2019) Cannesen lehiatu zen; Berlinaleri dagokionez, berriz, Generation eta Panorama sailetan parte hartu zuen, hurrenez hurren, Little Men (2016) eta Love is Strange (2014) lanekin (biak Perlak sailean programatuak geroago).
Olivia Wildek (New York, 1984) zuzendu du, protagonista izateaz gain, The Invite, satira, egoera-komedia eta drama uztartzen dituen filma, bikote-bizitzaren une desberdinetan sor daitezkeen arrakalak eta gatazkak zuzenean lantzen dituena. Film luzea Sundancen erakutsi ondoren, Wilde Donostiara itzuliko da Seth Rogen, Penélope Cruz eta Edward Norton aktoreekin batera, bere garaian Don't Worry Darling (Perlak, 2022) —bere bigarren filma zuzendari gisa— aurkeztu ondoren. Halaber, Booksmart arrakastatsuak (2019) lehen lan onenaren Independent Spirit saria eman zion Wilderi.

Film horiez guztiez gain, Javier Ambrossi (Madril, 1984) eta Javier Calvoren (Madril, 1991) La bola negra obra ere bilduko du Perlak sailak. La bola negra jada iragarri zen Donostia Zinemaldiaren 74. ediziorako programatutako ekoizpen espainiarren aurkezpenean; nabarmentzekoa da zuzendari onenaren saria eskuratu zuela, ex aequo Pawel Pawlikowskiren Fatherland filmarekin, Cannesen.
Armani Beauty –Zinemaldiaren official beauty sponsor laguntzailea– da Perlak saileko babeslea.
Errusia, 2022. Gleb —enpresari arrakastatsu bat— gero eta presio korporatibo handiagoen eraginpean dago, eta mundua geroz eta ezegonkorragoa denez, eraiki duen bizitza ordenatua gainbeheratzen hasi eta indarkeriara bultzatuko du horrek gizona.
1985. Vincentek 13 urte beteko ditu laster, Parisko aldirietan bizi da erdi-klaseko bere familiarekin: kasurik egiten ez dion anaia zaharrarekin eta egunak borrokan ematen dituzten gurasoekin. Jada ez da ume bat, baina heldu bat ere ez. Vincentek bizitzako zalantza handiei buruz galdetzen dio bere buruari: identitatea, adiskidetasuna, familia, erlijioa, desioa, lehen amodioak... eta zergatik dirudien helduek ez dutela zalantza horietako bat ere konpondu.
Peter, gehiegikeriekin, musika elektronikoarekin eta gau amaigabeekin bizitzera ohitutako, New Yorkeko underground festen sustatzailea da, eta mundua irauli egingo zaio emakume ezezagun bat etxera etortzen zaionean Arlorekin, 10 urteko mutiko batekin. Ezinezko egoera gisa hasitako jazokizun hark laster emango dio bide nola ustekabeko hala eraldatzaile izango den lotura ero, dibertigarri eta samur bati.
Basakeriaz inguratuta baina samurtasunak batuta, Lehen Mundu Gerrako bi soldaduk maitasun eta arte santutegi hauskorra topatu dute Belgikako trintxeratako itzalen artean. Lukas Dhonten Cowardek galdera sakon bat egiten dio gerrara bidalitako belaunaldi bati: munduak indarkeria eskatzen duenean, desertatzea ausardia ekintza egiazkoena al da?
Fatherland Thomas Mann idazlearen —Literaturako Nobel sariaren irabazlearen— eta haren alaba Erikaren —aktore, idazle eta rally-pilotuaren— arteko harremanean dago zentratuta. 1949ko udan, Gerra Hotzaren goren-unean, aita-alabek errepide bidezko bidaia gogor eta hunkigarri bati ekin zioten, Buick beltz batean, erortzear zen Alemania batean zehar: Frankfurtetik (Amerikako Estatu Batuen menpe) Weimarreraino (Sobietar Batasunak kontrolatua). AEBetan 16 urte erbesteratuta eman ondoren, Thomas Mannek aurre egin beharko dio, aberri banadu bati ez ezik, bere familiaren barneko haustura sakon bati ere bai.
Gheorghiu familia, bikote errumaniar-norvegiar oso erlijioso bat izanik, fiordo urrun batean kokatutako herri batera joan da bizitzera, eta harreman estua garatuko du bizilagun berriekin, Halberg familiarekin. Seme-alabak lagun egingo dira, hezkuntza-desparekotasunak egonik ere. Elia Gheorghiu nerabea, egun beaten, gorputzean ubeldurak dituela agertuko da ikastetxean, eta komunitateak zalantza izango dute: gurasoek seme-alabei ematen dieten hezkuntza tradizionalak zerikusirik izango ote du horrekin?
Laguntza guztiak baso-suteei aurre egiteko desbideratu dira, eta komunikazio guztiak etenda daude. Bum-seok, Hope Harborreko polizia-postuko burua, eta Sung-ae agentea borrokan hasiko dira pertsona zaharrez betetako herrixka bat defendatzeko; bitartean, mendietan, Sung-ki eta piztia arakatzera atera ziren biztanleak harrapakin bihurtuko dira. Ezjakintasun gisa hasitako zerbait hondamendiaren iturri izango da, eta giza gatazkak handitu ahala, tragedia neurtezin bilakatuko da azkenik.
San Frantziskoko Golden Gate Parken ezustean bortxaketa baten lekuko izan ondoren, 8 urteko Josephine indarkeriaz eta paranoiaz jokatzen hasiko da. Traumak familia desegonkortu eta gurasoak justizia eta galdutako segurtasuna berreskuratzeko modua bilatuko dute.
Hiru gizonen bizitza interkonektatuen narrazioa, hiru garaitan. Sexualitateak eta desioak, minak eta herentziak estuki lotutako hiru existentzia. Federico García Lorcaren azken lanetako bat, amaitu gabea.
Le corset / Iron Boyk 11 urteko mutiko baten istorioa kontatzen digu: aitaren urratsei jarraitzen saiatuko da Christophe, bizi diren baserrian lagunduz. Alabaina, dena aldatu egingo da medikuak kortse metaliko bat agintzen dionean, horrek baserriko eguneroko zereginak baztertzera behartuko baitu. Bat-bateko aldaketa horrek, haatik, aukera emango dio Christopheri zaletasun berriak deskubritzeko, hala nola igeriketa eta musika, bizitza betirako markatuko dioten lagunak ezagutzeaz gain.
Zaharrentzako egoitza bateko zuzendari gisa, Marie-Louk ahalegin handiak egiten ditu egoiliarren duintasuna entzutean eta errespetatzean funtsatutako arreta-filosofia berritzaile bat ezartzeko, baina egoitzako langile batzuk ez daude horrekin ados. Alabaina, Marie-Louren bizitza betirako aldatuko da Mari zuzendari japoniarra ezagutzean: minbizia dauka emakumeak. Adiskidetasun sakona sortuko da bi emakumeen artean, eta elkarrekin saiatuko dira "ezinezkoa ahalbidetzeko".
Matteo tenis partida bat jokatzen ari da emaztegaiz jantzitako emakume bat pistan sartzen denean. Greta da. Zapatak erantzi, erraketa bat hartzen du eta jokatzea proposatzen dio. Zazpi urtez, Matteok emakume hori izango du gogoan. Biek beren bide eta bizitza paraleloak egiten dituzten bitartean, badirudi patuak ez dituela berriro elkartu nahi. Baina egun batean berriz elkartzen dira eta agian, orain bai, haien unea iritsi da. Gaur gauean gertatuko al da?
90eko hamarkada, San Frantzisko hiria. Ama, alzheimerrak jota, nortasuna galtzen hasten zaionean, Sarahk atzean utziko du artista eta aktibista gisa duen bizitza, eta bere familia xelebrearen herri txiki eta kontserbadorera itzuliko da. Hasieran irudituko zaio egoera bere gain hartu ahalko duela, baina laster ulertuko du gaixotasunaren errealitate latz eta nahasgarria onartuz baino ezingo duela bihurtu bere familiak behar duen alaba.
Joe eta Angela senar-emazteak krisian daude. Pina eta Hawk bizilagun enigmatikoak afaltzera gonbidatzen dituztenean, itxuraz inozentea den gau baten ondoren, aitorpenak, ezkutuko nahiak eta egoera deseroso bezain dibertigarriak sortuko dira, haien arteko harremana proban jarriko dutenak.
80ko hamarkadaren amaierako New York kartsuan, Jimmy George agertoki undergroundeko artista ezagunak une erabakigarria bizi du bizitzan; nolanahi ere, edertasuna eta maitasuna posible dira.
1973, Txile, estatu-kolpea baino lehentxeago. Chris eta Lee CIAko agenteak Santiagotik, destinatuta dauden tokitik, Pazko uhartera bidali ditu MJ bulegoburuak. Uharteko estatua ezin ezagunagoen artean, eta lankide beteranoek euren iragan ilunekin eta orainaldiko konspirazioekin borrokatu bitartean, Chrisek bi ikasle errebeldeekin ezarriko duen lotura berriak arriskuan ipiniko du guztion paradisu isolatu hartarako bidaia.