Donostia Zinemaldiko 74. edizioan programatutako zortzi film sartu dira Espainiako Lankidetza Saria eskuratzeko lehian. Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mende dagoen Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) ematen du sari hori. 2015etik, urtero ematen zaio saria giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen hoberena egiten duen Iberoamerikako filmaren ekoizleari, Espainiako eta Portugalgo filmak barne.
AECIDeko komunikazio arduraduna den Inés López del Pino izango da epaimahaiaren burua, eta Marina Palacio zinemagileak eta Eduardo Ranero kritikariak osatuko dute mahaia.
New Directors, Horizontes Latinos edo Zabaltegi-Tabakalera sailetako film iberoamerikar bati ematen zaio Espainiako Lankidetzaren Saria. Sariaren helburua da Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetza-balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko. Hamabigarren edizio honetan, saria 10. 000 eurokoa izango da Donostia Zinemaldiaren eta AECIDen arteko lankidetzari esker.
Espainiako Lankidetzaren Saria irailaren 26an emango da ezagutzera, Kursaalean egingo den amaierako galan.
XII. Espainiako Lankidetza Sarirako hautagai diren zortzi filmetatik bi New Directors sailekoak dira: Rodrigo García Sáizen Morro, eta Jaime Lorenteren El mal hijo / The Bad Son. Horizontes Latinos sailean proiektatuko dira bost hautagai: Esteban Hoyos García eta Juan Miguel Gelacioren Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months; Fernanda Tovarren Chicas tristes / Sad Girlz; Marcelo Martinessiren Narciso; Diego Lunaren Ceniza en la boca / Ashes; eta Bruno Santamaría Razoren Seis meses en el edificio rosa con azul / Six Months in a Pink & Blue Building. Eta, azkenik, Zabaltegi-Tabakalera sailean, Meritxel Collel Aparicioren Lejos de los árboles / Far From Trees.
New Directors
Bere aita misteriotsuki desagertzen denean, hamaika urteko Rubén ia ezagutzen ez duen amonarekin bizitzera joatea behartuta egongo da. Denbora gelditu dela dirudien landa-ingurune batean, belaunaldiz belaunaldi familiako zauriak nola transmititzen diren ikasiko du haurrak, eta hazi ahala, horiek sendatzen saiatuko da.
Mateo albaitaria da herri txiki batean. Semea hil zitzaionetik, errutina isilen eta izenik gabe dirauen erru baten artean igarotzen zaio bizitza. Tokiko indarkeria ez da bat-batean sartzen: ezkutuan mantentzen da, etengabeko oihartzun gisa. Oreka hauskor hori aldatu egingo da Mateok mafiaburu lokal baten txakur zauritua —Morro— sendatu behar duenean. Animaliaren eguneroko zaintzan ustekabeko lotura bat sortuko da: epairik eta hitzik gabeko harreman bat, Mateori bizitzeko zentzua itzuliko diona.
Horizontes Latinos
Bizitza hobe baten bila, Lucilak bere anaia Diegorekin bidaiatzen du Mexikotik, amarekin topo egiteko Madrilen. Amak zortzi urte eman ditu Madrilen legez kanpo lanean, seme-alabak mantentzeko. Iristen direnean, bizitza uste zutena baino gogorragoa izango da anai-arrebentzat.
La Maestra eta Paula euren taldeko igerilari onenak eta lagunik onenak dira, baina festa batean jazotako gertakari batek dena nahasiko du. La Maestra bizia eta geldiezina da, eta lagunik onenarengan zerbait aldatu egin dela nabarituko du: orain triste dago. Egia argitara ateratzen denean, biek ezinezko erabaki bati egin behar diote aurre: Paulak isilik egon nahi du, baina La Maestrak justizia nahi du. Lehen garaiezina zen adiskidetasuna, inoiz ez bezala egongo da kolokan.
Kolonbiako gatazka armatuan, semearen arrastoa galdu zuen Marthak; azken deshobiratzean hezur-kointzidentziarik ez delako albistea jasoko du emakumeak. Bide instituzional guztiak agortu ondoren, emakume talde batengana jo eta Sandra ezagutuko du. Sandrak zurrumurru bati buruz hitz egingo dio: "Lautadetatik urruneko herri batean, hildako bati mesede bat eska diezaiokezu". Elkarrekin joango dira harantz bi protagonistak, erantzun bila.
Paraguai, 1959. Erregimen militar itogarri batean, Narciso Buenos Airesetik itzuli da, rock-and-rollak liluratuta. Karismatikoa, enigmatikoa eta nola gizonek hala emakumeek desiratua, irratiko izar eta askatasunaren sinbolo bihurtuko da laster. Baina ikuskizun baten ondoren, hilik agertuko da. Isiltasunak eta beldurrak egia itotzen duten herrialde batean, nork hil du Narciso?
Mexiko Hiria, 90eko hamarkadaren hasiera. 11. urtebetetze-egunean bere lagunik hoberen Vladimirrekin maitemindu da Bruno. Gau horretan aitak GIBa duela jakingo dute, eta familia-bizitza eraldatu egingo da. Saltsa-abestietan egiten den modura, Brunoren familia abesten eta dantzatzen saiatuko da mina urruntzeko. Hogeita hamar urte geroago, Brunok filmatu eta berrirudikatu egingo du haurtzaroan erabat ulertu gabeko oroimen hura.
Zabaltegi-Tabakalera
Adela, Mexikoko soinu-artista, oihanetik Peruko Andeetara joango da Lucho gidari eta itzultzailearekin batera. Bere aitonaren —Mexikon erbesteratutako errepublikar katalan baten— legatuari jarraituz, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen soinu-mapa bat ehunduko du. Heriotzarekiko beldurra agertzen denean, errealitatea hautsi egingo da. Adelaren zeharkaldia haurtzaroko etxerako bidaia intimo bihurtuko da. Lejos de los árboles bizitzaren hauskortasunari eta gogoratzeko, entzuteko eta maitatzeko beharrari buruzko istorioz beteta dago.