Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea Artxiboa > - Artxiboa > Artxiboa
Artxiboa

'Artxiboa', Donostia Zinemaldiaren historiaren web-orria

Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) eskuragarri daude, aurrez aurre nahiz online kontsultatzeko, artxiboa.sansebastianfestival.com webgunean. Horrez gain, webguneak 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du. Fitxa horietan deskribatutako materialak aztertu ahal izango dira, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero.

Artxiboa webgunearekin burutu da 2018an Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) hasitako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasea. Proiektu horren xedea da Zinemaldiaren artxibo historikoa –Zinemaldiaren sorreratik, 1953tik, gorde dena– kontserbatzea, ikertzea eta kontsulta publikora zabaltzea. Ekimenaren kolaboratzaileak dira Euskadiko Filmategia, MedialabTabakalera eta Kutxa Fundazioa, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak babesten du.

Webgunean honako hauek daude eskuragarri: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 711 ale –1954tik gaur egunera arteko aleak kontserbatzen dira–; Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere. Webgunean eskura daitezkeen digitalizazioak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude argitaratuak, salbu eta egile-eskubideengatik beste lizentzia murriztaileago batzuen pean argitaratu behar direnak.

Webguneak sekzio ugari ditu, eta, haien bidez, Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatu daiteke. 70 edizioak izeneko atalean, edizio bakoitzeko datuak kontsulta daitezke, urtez urte. Ikerketak atalaren barruan dago Historiak sekzioa –artxiboko materialetatik abiatuta egindako dibulgazio-saiakuntzak– eta bertsio digitalean biltzen ditu gaur egun arte egindako argazki-erakusketak, bai eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazioa ere. Bilduma digitalak atalean daude Hilabeteko dokumentua sekzioa, Zinemaldiko egunkariak, kartelak eta argazkiak. Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak daude; eta Bisitatu eta kontsultatu artxiboa atalak materiala online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduari buruzko informazioa eskaintzen du.

Proiektuaren izenburuarekin bat etorriz –Zinemaldia 70: historia posible guztiak–, pertsona bat webgunera sartzen den bakoitzean, ongietorri-orriak edukien lagin berri bat osatuko du artxiboko material desberdinetatik abiatuta. Horrela, webgunearen aurkezpena ez da inoiz berdina, eta konbinazio amaigabeak ditu. Konbinazio horiek, gainera, ugaritu egingo dira, fitxategia digitalizazio berriekin aberasten den heinean. Lehen fase hori amaitu ondoren, taldeak lanean jarraituko du funtsak kontserbatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko prozesuetan –etorkizunean ikus-entzunezko materiala ere sartuko dute–, bai eta artxiboaren inguruko ikerketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen ere.

Bestalde, webguneak inbentario bat du, artxiboan gordetzen diren objektuei dagozkien 27.000 katalogazio-erregistro baino gehiago kontsultatzeko aukera ematen duena; objektu horiek, digitalizatuta dauden gorabehera, behar bezala deskribatuta eta lokalizatuta ageri dira. Material horiek (batez ere administrazio-dokumentazioa eta korrespondentzia, prentsa-artxiboa, argazkiak eta kartelak) aurrez aurre aztertzeko aukera dago Euskadiko Filmategiko irakurketa-aretoan,–webgunearen bidez hala eskatzen duten irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek soilik izango dute aurrez aurre aztertzeko aukera–.

Bildumaren epe luzeko kontserbazioa bermatzeaz eta haren irisgarritasuna ahalbidetzeaz gain, proiektuaren lehen fasearen helburu nagusia izan da artxibo bizi bat sortzea, Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat, pentsaera, ikerketa eta sorkuntza garaikidearen inguruko elkarrizketa kritikoetara irekia. Horretarako, EQZEko graduondoko ikaslez osatutako taldeek garatutako ikerketa-ardatzak zehaztu dira proiektuaren hasieratik. Pablo La Parra Pérez ikertzailea aritu da horiek zuzentzeko lanetan, Zinemaldiko zenbait departamenturekin lankidetzan. Ikerketa-fokuek Zinemaldiaren historian oso ezagunak ez diren edo argitaratu ez diren alderdietan jarri dute arreta: Francoren diktaduraren garaiko zentsura zinematografikoa; Trantsizioaren urteetan izan zituen eraldaketak eta demokratizazioa; Zinemaldiaren ikusizko historia ikuspegi kritiko eta feministatik berrikustea, haren argazki-ondarearen bitartez; ikasle eta zinema-eskolen parte-hartzea, hala nola 60ko hamarkadan egindako zinematografia-eskolen lehen topaketa, gaur egungo Nest saila eta 1983. eta 1985. urteen artean egindako Bideo Jaialdia.


 


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones