Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea Artxiboa > Zinemaldia70 > Don Bosco parrokia-zinemako pantaila Barrios y Pueblos sailean (1977-1979)
Don Bosco parrokia-zinemako pantaila Barrios y Pueblos sailean (1977-1979)
01. historia
 
Clara Rus
Laura Betti Intxaurrondoko Don Bosco parrokiako zinema aretoaren irteeran, Novecentoren proiekzioaren ondoren (Festival, 12, 1977).

Barrios y Pueblos sailaren lehen edizioan, 1977an, emanaldiak egin ziren Andoainen, Villabonan, Pasaian (Trintxerpe eta Pasai Antxon), Hernanin, Zarautzen, Lasarten, Errenterian, Orion, Arrasaten, Oñatin, Legazpin eta Donostiako zenbait auzo eta lekutan (Ulian, Loiolan, Añorgan, Argazkilari Elkartean, Príncipe antzokian eta Intxaurrondon).

Historia hau Don Bosco zinema-aretoan programatutako emanaldietan ardazten da. Areto hori salestarren parrokia batena zen, Donostiako Intxaurrondo auzokoa. Trantsizioaren lehen urteetan, Barrios y Pueblos sailaren eta Donostia Zinemaldia guztiaren bilgune garrantzitsu bilakatu zen Don Bosco aretoa, mugimendu itzelekoa. Zinema-areto horretan gertatu zena ez zen salbuespena izan. Kasu paradigmatiko bat da, Barrios y Pueblos sailaren mekanismoa ulertzeko balio duena, bai eta haren helburu nagusiak ere: Zinemaldia zabaltzea, eta, batez ere, zinemaren eta uneko mugimendu politiko eta sozialen arteko harremana lantzeko espazio bat sortzea, ordura arte ikusi gabea. Aldi berean, zeharka, Don Bosco aretoko programazioa aztertuz gero, Zinemaldiko areto «ofizialetan» (Victoria Eugenia, Savoy, Antzoki Zaharra eta Miramar) programatu eta eman ziren gainerako sailen edukiak igar daitezke.

1977ko Zinemaldian bost film eman ziren Don Bosco aretoan, Barrios y Pueblos programaren barruan. Keinu politikoa izan zen film haiek guztiak programatzea: El ángel exterminador (Luis Buñuel, 1962), edizio horretan zuzendariari egin zitzaion omenaldi-ziklotik atera zen; La última cena (Tomás Gutiérrez Alea, 1976) kubatar filma; L'assassinio di Federico Garcia Lorca (Alessandro Cane, 1976), Otro Cine saileko filma, Lorca y la Barraca (Miguel Alcobendas, 1977) filmarekin batera eman zena; eta Mina, viento de libertad (Antxon Ezeiza, 1977) eta Novecento (Bernardo Bertolucci, 1977), informazio-saileko filmak. Intxaurrondon egin zen Novecento filmaren emanaldia izan zen edizio hartan jende gehien bildu zuenetako bat. Ikusmin izugarria eragin zuen auzoan Filmeko protagonista Laura Bettik eta Bertolucci berak solasaldian parte hartzeak, eta, bide batez, Zinemaldiak urrats handi bat egin zuen, bere ohiko egoitzaz eta audientziaz harago joanda.

Laura Betti Intxaurrondoko Don Bosco parrokiako zinema aretoaren irteeran, Novecentoren proiekzioaren ondoren (Festival, 12, 1977).

Emanaldien ostean egiten ziren solasaldietako eztabaida politiko biziak ziren Barrios y Pueblos saileko programaren ezaugarri nagusietako bat. Adibidez, 1977an, Mina, viento de libertad mexikar-kubatar ekoizpenaren emanaldiaren ostean egin zen solasaldiari buruzko aipamenak egin ziren Festival aldizkarian. Mariaren Bihotza parrokian egin zen solasaldia, Ulia auzoko Bizilagun Elkartearen operazio-basean, eta filmaren zuzendari Antxon Ezeizak ere hartu zuen parte. 1977ko Zinemaldian egin zuen donostiar zinemagileak lehen agerraldi sozial eta politiko publikoa, Mexikoko erbestealdiaren ostean.

Festival, 5, 1977.

Zinemaldia 70: todas las historias posibles (Z70) proiektuaren esparruan, Mina, viento de libertad filmaren beste emanaldi baten berri izan dugu: Don Boscon egin zen, eta emanaldi hartan berriro hartu zuen parte Antxon Ezeizak. Ikerketa-taldeak saio horiek barrutik ezagutzeko aukera ematen diguten argazki sorta bat aurkitu du Maite Berradre argazkilariaren bilduma pribatuan (Berradre bera izan zen Barrios y Pueblos Batzordearen bultzatzaile nagusietako bat). Orain arte argitaratu gabeko argazki horietan, programan parte hartzen zuten ikusleen kopurua eta aniztasuna ikus daiteke; horiek dira aretoa bete-betean funtzionatzen erakusten duten argazki bakarrak, oraingoz.

Mina, viento de libertad (Mina, askatasun haizea) filmaren emanaldia, Don Bosco parrokiako zinema aretoan. Maite Berradre-ren argazkiak.

1978. urtean finkatu egin zen Barrios y Pueblos saila; urte hartako Zinemaldiaren memoriaren arabera, emanaldi eta ikusle kopuruak gora egin zuen. Era berean, auzo eta herri gehiagotara zabaldu zen ekimena: batetik, Donostiako Amara Berri, Amara Zaharra eta Gros auzoetara, eta, bestetik, Antzuola, Azpeitia, Beasain, Burlata, Eibar, Elgoibar, Hondarribia, Irun, Lazkao, Tolosa, Bergara, Zubieta, Zumarraga eta Zumaia herrietara.

Donostia Zinemaldia, Memoria 1978.

1978ko Zinemaldiko ekitaldi nabarmen eta berritzaileenetako bat Emakumeek egindako zinema izeneko zikloa izan zen. Donostiako Emakumeen Batzarrak sustatu zuen ziklo hori Zinemaldiko hautapen-batzordearekin eta, besteak beste, Ciné-Femmes International erakundearekin lankidetzan. Emakume zuzendari garaikideen funtsezko lanak eman ziren. Programa horretako zazpi film bota zituzten Barrios y Pueblos sailaren zenbait aretotan: The Double Day (Egun bikoitza, Helena Soldberg-Ladd, 1975), Hra o jablko (Sagarraren jolasa, Věra Chytilová, 1976), Восхождение (Igoera, Larisa Shepitko, 1976), Kilenc hónap háboru (Bederatzi hilabete, Marta Mészaros, 1976), Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1976), La petición (Pilar Miró, 1976) eta Vámonos, Bárbara (Cecilia Bartolomé, 1976). Don Bosco aretoko programazioan zerrenda horretako bi film eman ziren (La petición eta Vámonos, Bárbara), eta, era berean, ziklo horretan ez zeuden emakumeek zuzendutako beste lan batzuk ere sartu ziren programan, hala nola La última aventura de Rip Kirby (Leticia Alegre, 1976) film laburra eta Agnieszka Holland zuzendariaren Zdjęcia Próbne/Probak (Pawel Kedzierski eta Jerzy Domaradzki zuzendariekin batera zuzendua, 1977). Hurrengo urtean, ez zen egin horrelako ziklo bat, baina Barrios y Pueblos saileko programaren bidez jarraitu zuen Emakumeen Batzarraren eta Zinemaldiaren arteko elkarlanak. Hori dela eta, Don Bosco zinema-aretoan, besteak beste, emakumearen egoera ikuspegi feminista batetik jorratu zuten eztabaidak egin ziren, hala nola A Woman Under the Influence (Emakume bat eraginpean, John Cassavettes, 1974) filma oinarritzat hartuta.

Festival, 12, 1979.

1978ko edizioan, nabarmentzeko moduko saila izan zen Azken hamarkadetan ikusi ez genuen zinema. Zentsura frankistak zinemaren historian eragindako hutsuneetan jartzen zuen arreta ziklo horrek. Barrios y Pueblos sailean eman ziren programatutako zenbait film: Tierra de España (Joris Ivens, 1937); Las Hurdes, tierra sin pan (Luis Buñuel, 1933); Sbatti il mostro in prima página (Bortxaketa baten albistea lehen orrialdean, Marco Bellocchio, 1972); Macbeth (Orson Welles, 1948); Мать (Ama, Vsevolod Pudovkin, 1926); Три песни о Ленине (Lenini buruzko hiru kantu, Dziga Vertov, 1934) eta Freaks (Tod Browning, 1932).

1979an, herri gehiagotara zabaldu zen Barrios y Pueblos saila, Deban, Eskoriatzan, Urnietan, Tuteran eta Iruñean emanaldiak eskainita. Aldi berean, bere programazioa dibertsifikatzen jarraitu zuen Zinemaldiak, eta sail berriak sortu zituen, adibidez: Artearen eta saiakeraren panorama (egile-zineman espezializatutako merkatu bat sustatzeko asmoz), Nazionalitateen zinema zikloa (Juan Miguel Gutiérrezen rola funtsezkoa izan zen; estaturik gabeko nazioetan eta duela gutxi independentzia erdietsi zuten herrialdeetan ekoitzitako zinema ikusgarri egitea zen ziklo horren helburua), Erretiratuentzako zinema-zikloa eta Haurrentzako zinema-zikloa doako programak. Horrenbestez, zenbait lan-ildori eutsi zitzaien, eta lan-ildo horien bitartez Zinemaldiko programazioan ikuspuntu estetiko eta politiko berriak txertatzeaz gain, jaialdiaren egitura hedatu nahi zen, bai eta aurrez kontuan hartzen ez zen publiko berriekiko interakzioa ere –hain zuzen, bi urte lehenago, lan-ildo horiek hasi zen jorratzen Barrios y Pueblos saila–.

Nolanahi ere, urte horretatik aurrera, Barrios y Pueblos ekimenaren sustatzaileek funtsezko arazo bat jakinarazi zuten: FIAPFren araudiak eta banaketa-enpresek Sail Ofizialeko filmen emanaldi kopurua eta hura eman zezaketen herrien kopurua mugatzen zuten. Hori dela eta, Batzordeak Zinemaldiaren zinematekako filmak hartu beharko zituen. Aurreko edizioetan saritutako filmen kopiez zegoen osatuta artxibo hori (gaur egun, Euskadiko Filmategian dago); izan ere, banaketa-enpresek nahitaez entregatu behar zituzten kopia horiek Zinemaldiaren bilduman biltegiratzeko. Apurka-apurka, gero eta leku handiagoa joan ziren hartzen film horiek Barrios y Pueblos saileko programan; bestalde, gero eta estreinaldi eta beste sailetako hautapen gutxiago sartzen zituzten. Beste faktore batzuekin batera –hala nola 80ko hamarraldian auzotarren mugimenduaren desmobilizazioa gertatu zen–, aldaketa horren ondorioz interesa galtzen joan ziren Barrios y Pueblos saileko programazioaren jarraitzaileak, eta, azkenean, behin betiko desagertu zen saila 1986an.

Aldaketa horren erakusgarri, 1979. urtean, Don Bosco aretoko Barrios y Pueblos saileko programazioa Zinemaldiko zinematekako filmez egon zen osatuta, honako hauek izan ezik: Perla w koronie (Koroako perla, Kasimierz Kutz, 1979) eta Faustrecht der Freiheit (Indartsuenaren legea, Rainer Werner Fassbinder, 1975).

Donostia Zinemaldia, Memoria 1979.

Fassbinderren lana, Sebastiane (Derek Jarman, 1976) eta Un hombre llamado Flor de otoño (Pedro Olea, 1978) filmak hautatu zituen Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak [EHGAM] emanaldiak eta eztabaidak egiteko, Barrios y Pueblos Batzordearen babesarekin. Solasaldi pedagogikoak ziren saio horiek, eta aniztasun eta askapen sexualaren inguruan sentsibilizatzeko balio zuten. Garrantzitsua da azpimarratzea lankidetza hori egiten hasi zirenean, oraindik indarrean zegoela Arriskugarritasunaren eta gizarte-errehabilitazioaren Legea, alegia, homosexualitatea eta transexualitatea sistematikoki zigortzeko erabiltzen zen legea. Izan ere, 1979ko Zinemaldia hasi baino hilabete gutxi lehenago, Joseba Gabilondo Marques aktibistak eta beste batzuek «euskal Stonewall» gisa definitu dutena gertatu zen Euskal Herrian. Polizia Nazional batek Francisco Vadillo Francis trabestia erail zuen Errenterian, eta, horren ondorioz, mobilizazio-giroa hedatu zen gay eta transexualen eskubideen alde. Horrek guztiak ikusgarritasuna eman zien kolektibo horiei, eta EHGAM sortzeko behin betiko bultzada izan zen. Programa horren bidez –gay-mugimenduko militanteekin batera diseinatua–, Barrios y Pueblos Batzordeak berriro erakutsi zuen zinema-kultura uneko mugimendu sozialekin konektatzeko erreakzio-gaitasuna.

Festival, 7, 1979.

Z70 proiektua lantzen ari ginela, EHGAMeko militante eta kide sortzaileetako batekin jarri ginen harremanetan: Mikel Martín Conderekin. Zinema-saio haietan parte hartu zuen; beraz, haren testigantza oso aberasgarria izan zen. Azaldu zigun intentsitate politiko eta aldarrikatzaile itzela erdietsi zuela Barrios y Pueblos sailak, eta gogorarazi zigun auzo-elkarteen, zinekluben eta mugimendu sozialen presioagatik sortu zen sail hori babesleku eta borroka eta erresistentziarako gune bilakatu zela.
«Diktadura faxistatik irten berri ginen, eta gauza asko zegoen egiteko. Guri zinema gustatzen zitzaigun, eta bagenekien kultura-ibilgailu horren bidez hainbat errealitate sozial ikus eta identifika zitezkeela, Zinemaldi «handian», Zinemaldi «dotorean», hiriari «maila» ematen zion Zinemaldian ikus ezin zitezkeenak. Gu gay-mugimenduko aktibista eta militante ginen, eta oso argi genuen zein zen gure helburua. Eta baliatu egin genuen. Barrios y Pueblos sailaren bidez, gay-auzia ikusarazteko lehen urratsak egin genituen. Eta jardun hartan emakumeek ere hartu zuten parte, besteak beste, EHGAMeko gure kide Emilia Martín Sánchezek, bai eta beste kide batzuek ere, hala nola Santi Vicente Altxuk, Joseba Sansineneak, Juantxo Quirogak eta nik neuk.

Ni hasi berria nintzen gay-mugimenduan militatzen, eta ongi oroitzen dut hau esan genuela: «oso ongi, ez badiguzue filmak aukeratzen uzten, hau, hori eta bestea aukeratuko ditugu». Gogoan ditut hiru filmak: Un hombre llamado Flor de otoño, Sebastiane eta Fassbinderren Indartsuenaren Legea. Hainbat herritan izan ginen, eta arrakasta polita lortu genuen. Niretzat, gaur egun, berrogei urte geroago, esperientzia ahaztezina izaten jarraitzen du. Izugarria izan zen kanpotik ikusita, baina are izugarriagoa barrutik. Guk ez genuen harremana Barrios y Pueblos Batzordeko jendearekin soilik, publikoarekin ere aritzen ginen. Oso harrera ona sentitzen genuen. Gaur egun agian arraroa eman dezake, baina gure konplizeak ziren haiek guztiak. Konplizeak ginen, emakume eta gizon haiek friendly ziren, nahiz eta garai hartan hitz hori ez erabili.

Ohiz kanpoko zerbait zen Barrios y Pueblos, gozamen hutsa. Ez genuen dirurik irabazten, militanteak ginelako joaten ginen, gure interesagatik, argi genuelako ezin genuela espero besteek egitea gugatik guk geuk egiten ez genuena. Alderdi kulturalari dagokionez, bagenekien hezkuntzaren bidez landu beharreko gaia zela aniztasun sexuala, eta gure zeregina jendea sentsibilizatzea zela, sexualitatearen eta gay eta lesbianen eskubideen gaineko ikuspegi iraultzailea hedatzea.

Oraindik ere ongi baino hobeto eta ilusio handiz gogoratzen dut nola zegoen Lasarteko Tedoso zinema, jendez mukuru.Emanaldia amaitu ostean, bertatik bertara hitz egiten genuen jendearekin. Niretzat txundigarria zen jendea eztabaidan geratzea. Ni ohituta nengoen eztabaidekin; izan ere. zinema ikustea gustatzen zitzaidan, eta sarritan parte hartzen nuen zineklub eta foroetan. Hori dela eta, nire begiez ikus nezakeen bospasei urte lehenago nor geratzen ginen eta bospasei urte geroago, berriz, nor geratzen ziren. Erabat kontziente nintzen ––guztiok ginen– amu bat ginela, morboa eragiten baitzuen homosexualak eta lesbianak ezagutzeak, berritasuna zen eta. Baina gozamen hutsa zen: jendeak errespetu itzelez jokatzen zuen, oso maitekor. Berotasun handiz gordetzen dut oroitzapen hura nire baitan. Eta bagenekien, nolabait, etorkizuna zeukan zerbait egiten ari ginela: aniztasun afektibo-sexuala berdintasunean bizi ahal izatea. Izan ere, orduan indarrean zegoen Arriskugarritasunaren Legea, eta jendea, oraindik, espetxera joaten zen. Ahaldundu egiten gintuen esperientzia bat zen».

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea