Andrea Ferreol Aix-en-Provencen jaio zen 1947an. Arte Dramatikoa ikasi zuen Parisen, Jean-Laurent Cocheten ikastaro ospetsuetan, eta bere jaioterriko Antoine Bourseillerren Zentro Dramatikoan. Avignongo Jaialdian estreinatu zen Molièren obra batean debutatu zuen antzerkian. Zinegintzan ustekabean sartu zen: Nizan bisitan zegoela, Jose Giovanniren La Scomoune (Marseilatarren klana, 1972) pelikulan prostituta baten paper laburra jokatzeko kontratatu zuten. Alabaina, Marco Ferreriren La Grande Bouffe (Tripa-festa ederra) filmean "madonna" babeslearen antzezpenak bihurtuko zuen europar zineko ezinbesteko aktoresa. Fassbinderren Despair (Etsipena), Schlondorffen Die Blechtrommel (Latorrizko danborra), Truffauten Le denier métro (Azken metroa), Peter Greenawayren A Zed&Two Noughts (ZOO) edo Marion Hanselen Il Maestro dira ia hogeita hamar urteetan burutu dituen ia ehun filmeetako batzuk. Azken urteotan, Andrea Ferreolek Espainian egin du lan Joan Potauren No respires (el amor está en el aire) pelikulan, eta Frantzian, Melvin Van Peebles zuzendari afroamerikarraren Le conte du ventre plein filmean, aurtengo Cannesko Kritikaren Astean ikusgai izan dena.