Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 57. Edizioa 2009  > Zinemaldiaren Egunkaria > Langilegoa bidegurutzean
Zinemaldiaren Egunkaria » LA CONTRAOLA
Langilegoa bidegurutzean
RESSOURCES HUMAINES
Asteazkena, 2009(e)ko irailak 23

Duela hamar urte Ressources humaines (1999) estreinako filma aurkeztu zuen Laurent Cantet zinemagileak Zabaltegi sailean; aktore ez profesionalez jositako aurrekontu urriko perlatxo apala.Txikia handi bilakatzen da usu,baina.Zuzendari Berriak saria ez ezik, ikusleen bihotza ere bereganatu baitzuen pelikulak. Orduz geroztik, zinema ibilbide oparoa egin du Sail Ofizialeko epaimahaiburuak, zinki. L’ emploi du temps (2001) eta Vers le sud (2005) aparten arrakastaren ostean,Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen-eta iaz Entre les murs (2008) zirraragarriarekin. Alabaina, Canteten maisulanik hunkigarriena izaten darrai Ressources humaines (1999) drama sentiberak. Europar zinema engaiatu onenaren ikur.

Aita eta semearen arteko harremana du ardatz bertan Cantetek. Frantziar zinemagilearen hausnarketa ez da belaunaldi arteko talka hutsera mugatzen, ordea. Testuinguruak berebiziko garrantzia erdiesten baitu istorioan. Izan ere, sakonean, klase arteko borrokaren parabola samina da Ressources humaines (1999) gordina, egiazki. Gurasoen etxera itzuli berri da Franck gaztea. Enpresa ikasketak egin ditu Parisen eta aita lanean ari den fabrika aukeratu du praktikak egiteko. Langile soila du aita. Bera,ostera,giza baliabideen sailean jarri dute. Gorbatadunen erresuma idilikoan.

Asteko lanaldia 35 orduetan finkatzen duen legeak zuzendaritzaren eta sindikatuen artean piztutako ika-mika bideratzen ahaleginduko da Franck xaloa; ausart eta gogotsu. Zuzendariak, baina, bekadun gaztearen lana hainbat langile –mutilaren aita, haien artean– kaleratzeko erabili nahi izango du.Amarruaz ohartzean, dilema etiko baten aurrean aurkituko du bere burua. Hala, justizia sozialaren ala etorkizun profesionalaren artean aukeratu beharko du. Eta, orduan, protagonistari Gabriel Arestik Maldizio betikoa poeman Bartzelonako unibertsitate ikasle euskaldunei eskainitako hitzak erraietan iltzatuko zaizkio: “…Zuen artetik batek / Baldin eta esplotatzen badu, / Hemendik hamar edo hiru urtera, / Beraren anaia / Obrero / Edo kondadorea / Hori, / Zuen arteko hori / Nire maldiziorik borobilenarekin /Hornituko dudala/ Sikula-sikulorum/ Mundu honetako/ Puta / Semerik/ Semeena / Bezala”. Langile grebalarien alde egingo du Franck gazteak azkenean. Proletargoaren alde eta jabeen kontra. Baina ez haien aurka bakarrik.

Langile kontzientzia lurperatu eta semeari ihesbide bat eman asmoz jabeen injustizia soziala bere egin duen aitari ere oldartuko baitzaio filmeko eszena gogor eta mingarrienean. Alta, ekaitzaren ostean barealdirik ez da izango. Bere patua, sistemak ezarritako patua, onartu duen langileari zuzentzen zaio-eta filma ixten duen azken planoan: “Non dago zure lekua?” Galderak ez du erantzunik. Ez da erretorikoa, ordea.Gogoeta bultzatu nahi du. Langilegoaren kontzientzia esnatu.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones