Silent City eta Après Mai pelikuletako ordezkariek hasiera eman zieten atzo Zabaltegi eta Zuzendari Berrien Topaketei. Urtero antolatzen diren hitzordu hauen bidez, eguerdi partean zinemazale eta zinegileak bildu nahi dituzte Victoria Eugenia Clubean. Atzoko saioan, Juan Zavalaren zuzendaritzapean, Oliver Assayas Après Moi filmaren zuzendariak eta Charles Gillibert ekoizleak 70eko hamarkadan kokatutako filmez hitz egin zuten, garaiko egoera politikoaz eta nerabezaroan gertatzen diren gorabeherez. Ondoren, Japonian kokatutako Silent City zuzendu duen Threes Anak eta Laurence Roothooft protagonistak errodajeari buruzko zehaztasunak eman zituzten istorio txikiak eta bitxikeriak umoretsu azpimarratuz. Orain arte, Topaketen protagonistak Zabaltegi sailaren filmak ziren, eta aurten aukeraketa zabaldu da, Zuzendari Berrien lanak barneratuz. Gaur, egunero bezala, pianoa eta otamenaz lagunduta, Layali Bala Noom / Sleepless Nights, Vicevaerten / A Caretaker’s Tale, No eta Zuloak filmetako ordezkariak egongo dira.