Ewan McGregor indarrez eta ausardiaz beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da beti; hasi ospea eman zion Danny Boyle zuzendariaren Trainspotting filmeko droga kontsumitzailetik, Star Wars sagako Obi-Wan Kenobi ezagunaren paperetik igaro, eta Nicole Kidmanekin Moulin Rouge musikal erromantikoko izar izateraino. Publikoaren onespena irabazi du bere lan bakoitzarekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan. Eskoziako aktorea saria jasotzera etorri da, baina ez esku-hutsik, The Impossible filma aurkeztuko duelako ekitaldiaren ostean. Hala, bart geroztik inoizko Donostia saridun gazteena bilakatu den Ewan McGregor J.A. Bayona zuzendariaren eskutik jaso du golardoa. Azkenik, bere emazte Eve Mavrakis-i eskaini nahi izan dio bere ibilbide osoari egindako aitormena, “nire alboan izan zarelako beti, oxala hemen izango bazina”.