François Ozon zinemagile frantziarra berriro etorriko da Donostiara (2000an, Sail Ofizialean lehiatu zen Sous le sable filmarekin, eta, 2009an, Le Refuge obrarekin Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen). Irakasle baten eta ikasle baten arteko harremanei buruzko filma da Dans la maison. Joko azkar honetan, errealitateak eta fikzioak bat egiten dute nahasteraino; ez dakigu gazteak zer asmo ilun dituen edota noraino iritsiko diren bere azpijanak.
Zuzendariaren Regarde la mer (1997) erdimetrajea Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zuten; geroxeago, lehenengo film luzea egin zuen, Sitcom (1998). 2000. urtean Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen Sous le sable filmarekin, eta 2009an, Le refuge lanarekin; azken honi esker epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen. Hona hemen bere beste film batzuk: 8 femmes (2002), Swimming Pool (2003), 5 x 2 (2004), Le temps qui reste (2005), Angel (2007), Ricky (2009) eta Potiche (2010).