Carlos Sorín argentinarrak bosgarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Aurretik, Eversmile New Jersey pelikularekin 1989an, Historias mínimas filmarekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2002an, 50. edizioan), Bombón, el perro lanarekin (FIPRESCI saria, 2004an) eta El camino de San Diego pelikularekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2006an, 54. edizioan) parte hartu zuen. Film berriaren protagonista Marco da, 50 urteko alkoholiko ohia. Desintoxikatzeko, zaletasun bat bilatzea iradokiko diote: arrantza aukeratuko du, eta, horretarako, Patagoniako herri txiki batera joango da. Bertan bizi da, hain zuzen, bere alaba, aspaldi ikusi ez duena.