tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 62. Edizioa 2014  > Zinemaldiaren Egunkaria > «Epaile eginkizunetan hasiberri hutsa naiz»
«Epaile eginkizunetan hasiberri hutsa naiz»
VLAD IVANOV (sail ofiziala)
Larunbata, 2014(e)ko irailaren 20

Planta ederreko gizona da Vlad Ivanov aktore errumaniarra, kalezulo batean gauez topatuz gero ikara sor dezakeen horietakoa. Aitzitik, buruz buruko tratuan pertsona on puska dirudi. Harrera abegitsua egin digu, irribarrea ezpainetan, zinema-jaialdi batera epaimahaiko moduan datorren aurreneko aldia honetan. “Asaldatuta nabil esperientzia berri honekin, baina oso pozik aldi berean”, aitortu digu.

Bere ofiziorako duen moldaerraztasunak Europako antzeztaldeko aktore handienetakoen artean kokatzen du Vlad Ivanov. Los Angelesen, Kritikaren saria irabazi zuen, Cristian Mungiuren 4 Months, 3 Weeks, 2 Days filmeko Bebe doktore abortistaren antzezpen bikainagatik. Bai ondoko etxeko bizilagun adeitsuak bai pertsonaia gaizto beldurgarriak irudikatzeko gaitasunak bihurtzen dute aktore berezi. Zinema arloan lan egiteaz gain, antzerkiko aktore bikaina ere bada Vlad Ivanov. Hala, Errumanian sari nazional asko irabazi ditu, hala antzerkian nola zineman egindako lanagatik.

Arestian aipatutako 4 hilabete, 3 aste eta 2 egun filmaren eskutik 2007an Donostiara lehenengoz etorri zen aldi hartako oso oroitzapen onak ditu: “Gogoan nituen oraindik hiriaren ederra eta jaialdiaren bizitasuna. Zinemaldiaren giroak zirrara ikaragarria egin zidan, eta gainera, filmak oso harrera ona izan zuen. Ba ote dago gehiago eskatzerik?”.
Arestian aipatutako 4 hilabete, 3 aste eta 2 egun filmaren eskutik 2007an Donostiara lehenengoz etorri zen aldi hartako oso oroitzapen onak ditu: “Gogoan nituen oraindik hiriaren ederra eta jaialdiaren bizitasuna. Zinemaldiaren giroak zirrara ikaragarria egin zidan, eta gainera, filmak oso harrera ona izan zuen. Ba ote dago gehiago eskatzerik?”.
Esperentzia hura gogoan eta nazioarteko profesionalekin epaile lana partekatu ahal izateak oso aukera erakargarria gertatu zitzaion, hala ere, Zinemaldiaren antolakuntzari baiezkoa ematera bultzatu ziona Fernando Bovaira ere epaimahaian egotea izan zen: “Orain bost urte inguru ezagutu nuen Fernando, bera ekoizten ari zen ‘Crematorio’ telesailean parte hartu nuenean. Horregatik ulertzen dutapur bat gaztelera, errusiar doinua zuen mafioso gaiztoarena antzeztu bainuen. Elkarrekin oso ongi konpondu ginen eta bera ere epaimahaian egongo zela jakitean ez nuen zalantzarik egin. José Sancho telesaileko protagonista ere gogoratzen dut, lastima iaz gure artetik joan izana. Estimu handia nion”.
“Europar eskolako aktorea naizenez, gehiago gustatzen zait egile zinema Atlantikoaren beste ertzetik datorrena baino. Mezua duten filmak atsegin ditut eta hori izango da nire irizpidea, ordea, beste epaimahaikoekin biltzean adostu beharko ditugu gure egitekoaren lerro nagusiak. Hasiberria naiz eginkizun hauetan eta filmak ikusten hasteko irrikitan nago”, esan digu berriki Bong Joon-Hok zuzendutako Snowpiercer pelikulan rol garrantzitsua jokatu duen aktoreak.
Paradoxikoa dirudi egile zinemaren maitale baten azken lanetako bat zientzia fikziozko filma izatea: “Gauza bat egile kutsuko lanak nahiago izatea da, baina horrek ez du esan nahi film komertzialagoei muzin egiten diedanik. Gainera, aukera zoragarria izan da Tilda Swinton, Ed Harris, John Hurt edo Octavia Spencer bezalako aktore handiekin jardun ahal izatea”.
Izan ere, tren elur-hausle honen inguruko istorioa kultuzko komiki baten moldaketa dela azaldu digu Ivanovek, “hara, Lurra glaziazio aroan sartu da, eta bizirautea lortu duten gizaki bakarrak gelditzen ez den tren bateko bidaiariak dira. Baina, klase sozialen arteko gatazka piztuko da bidaiarien artean, gizaki horien biziraupena arriskuan jarriz. Mezu soziala barne duen zientzia fikzioa da, ohi baino ilunagoa, europarragoa”.
Hori dela eta, Ivanovek ez daki zer harrera izango duen filmak Ameriketan: “Filma hango banatzaileei erakutsi genienean, 20 minutu mozteko eskatu ziguten eta ‘more action, more action’ nahi zuten. Tira, badakizu, horrelakoa da gu komedianteen bizimodua”. Horren ordainetan, otsailean Berlinen Urrezko Hartza irabazi zuen Child’s Pose filmean bikain asko jardun du.
Azken finean, Vlad Ivanov pozez zoratzen dago datozen egunetako bere lanarekin, Parte Zaharreko pintxoekin, itsasbazterrean paseo luzeak emateko aukerarekin, eta nola ez, Zinemaldiko aurtengo atzera begirakoetako bat Ekialdeko Europako zinearen ingurukoa izatearekin. SERGIO BASURKO
 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea