Ia bere osotasunean Norvegiako Bergen hiri ederrean kokatutako istorio honek neska gazte baten burmuinerantz, eta zehazki haren oroitzapenen kutxarantz bidaiatzera gonbidatzen gaitu. Eszena umoretsu eta dibertigarriren bat salbu, amesgiroko drama txiki hau berez tristea da, malenkoniatsua, eta akzioei baino hausnarketari garrantzi gehiago ematen diona.
Irtenbiderik gabeko tragedia baten aurrean, Dagny ilehori samurrak bere bizitza labur baina intentsuan gehien maitatu eta zaindu izan duten lagun, ahaide nahiz ezagunak gogora ekarriko ditu: ahizpa, lagun mina, laneko nagusia, lagun ezagutu berria, aitona...Batzutan noraezean ezagutuko dugu, dantzan, lanean, pasian, eta ondokoarekin solasean bestetan. Bere oroitzapenetatik kanpo, berez heriotza bizitzen ari dela adierazteko, fantasiazko irudi esanguratsuak gehitu dizkio zuzendariak tarteka hunkitu eta jakingura ere sorrarazikoduen zinta honi. Ikusgarriak dira, adibidez, grabitaterik gabeko mundo irudikatu horretan etxeak eta guzti airean zintzilik erakusten dituzten irudiak.
Ekoizpen honen berezko arduradunak filmaren soinu banda sinatu duten We Are the City rock talde kanadiarreko kideak dira. Ez da harritzekoa, beraz, zenbait unetan bideoklip sorta ikusten ari garela iruditzea. A.M.