Cristian Jiménez zuzendari txiletarra Donostian izango da berriro, eta Sofiaren istorioa kontatuko digu: 35 urteko emakume honek bi seme ditu, izugarri maiteak. Baina azken boladan guztia gaizki aterako zaio. Duela gutxi banandu denez, arima bakean izatea du gogoan, eta alderantzizko isiltasun-botoa egitea erabakiko du: urtebete emango du mugikorrik, telebistarik, Internetik eta irakurketarik gabe. Bakeak, ordea, ez dio asko iraungo.
Cristián Jiménez Valdivian jaio zen (Txile), 1975ean. Zineman jardun aurretik, ipuinak idatzi eta Soziologia ikasi zuen, Santiagon, Heidelbergen eta Londresen. 2004an, bere lehenengo film laburra zuzendu zuen, El tesoro de los caracoles. Horren ondoren, honako hauek egin zituen: XX film laburra (2006), Ilusiones ópticas lehenengo film luzea (2009, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean estreinatu zuen) eta Bonsái (2011, Canneseko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen eta Donostiako Horizontes Latinos sailean lehiatu zen). La voz en off lanak Zinema Eraikitzen saileko 25. edizioan parte hartu du (Toulouse, 2014).