tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 63. Edizioa 2015  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak atzera begirakoa eskainiko die Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsack zuzendariei
Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak atzera begirakoa eskainiko die Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsack zuzendariei
Asteazkena, 2015(e)ko maiatzaren 6

Merian C. Cooperrek (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsackek (1893-1979) Hollywoodeko historiak inoiz eman duen bikote sortzaile bitxi eta estimulatzaileenetako bat eratu zuten Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren aro klasikoan. Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioak haien lana berreskuratuko du, zuzendari gisa egin zituzten pelikulei eskainitako ziklo baten bitartez.

Hainbat belaunaldiz King Kong (1933) film ospetsuaren egile izateagatik ezagutu dituzte Cooper eta Schoedsac. Bikoteak fantasiazko zinemari egindako ekarpena ez da mugatzen, ordea, Ederra eta Piztiaren mitoa birmoldatu, Gustave Doréren lanetan inspiratutako unibertso plastiko zoro eta antzinakoa sortu, eta stop motion animazio-teknika berritu zuen maisu-lan horretara. Izan ere, beste film hauetan ekarri zizkiguten erregistroek ere xarma bera dute: The Most Dangerous Game (1932) film bikaina, «gizakia gizakiaren ehiztari» gaiari buruzkoa, Cooperrek ekoiztua eta Schoedsackek eta Irving Pichel-ek egina; eta Dr. Cyclops (1940) miniaturizatutako izaki batzuei buruzko fantasia telurikoa, Schoedsackek bakarka egina.

Cooper bonba-hegazkinen pilotu izan zen Lehen Mundu Gerran, preso egon zen Alemaniako esparru batean, Poloniaren eta Sobietar Batasunaren arteko ondorengo gatazkan parte hartu zuen borondatezko eskuadroi batean, eta, geroago, Estatu Batuetako aireko armadaren koronel moduan jardun zuen berriz, Bigarren Mundu Gerran. Schoedsackek ere parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran, baina Signal Corps izeneko armadaren informazio-unitateko kide gisa. Hainbat kazetaritza-lan egin zituen eta zine-industrian hasi zen, Mack Sennett zinemagilearen Keyston Pictures estudioko kameralari moduan. Jatorriz abenturazaleak biak, antropologiako hainbat espediziotan parte hartu zuten kameralari gisa, eta hor piztu zitzaien zinema dokumentalarekiko grina.

Hala, elkarrekin genero horretako bi maisu-lan zuzenduta egin zuten debuta: Grass (1925) eta Chang (1927). Lehenengoan, Persiako (gaur egungo Iran) tribu nomada baten eguneroko bizitza irudikatu zuten; bigarrenean, berriz, Siamgo oihaneko natibo baten eta elefantekume baten arteko harremana erakutsi zuten. Gero fantasiazko filmak, dramazkoak, abenturazkoak eta misteriozkoak egin bazituzten ere, haien fikziozko filmetan indar handia izan du beti ikasbide dokumentalak: King Kongen eta Zaroffen istorioak esploratu gabeko mundu exotikoekin izandako harremanetik sortu ziren. Izan ere, haien obra guztian nahasten dira neurri gabeko fantasia eta Asiako edo Afrikako oihan eta mendialdeetako errealitatea. Hortik dator haien obra guztia bereizgarri egiten duen berezko estiloa. Bi dokumental horien ondoren, The Four Feathers (1929) filma egin zuten, A.E.W. Masson-ek ohoreari eta koldarkeriari buruz idatzitako nobela ezagunaren lehen bertsio soinuduna.



Cooper-Schoedsack bikotea lan betean aritu zen 30eko hamarkada osoan zehar, Ruth Rose (1891-1978) gidoilariarekin batera. Rosek eta Schoedsackek Galapago irletarako espedizio batean ezagutu zuten elkar, eta 1926an ezkondu ziren. Hiruren artean, hainbat generotako filmak jarri zituzten martxan; Cooperrek ekoiztu zituen eta Schoedsackek zuzendu, hala bakarka nola lankidetzan: The Monkey's Paw (1933) eta Blind Adventure lanen (1933) gisako misterio-filmak; Trouble in Morocco (1937) eta Outlaws of the Orienten (1937) gisako abentura-filmak; The Last Days of Pompeii (1935), Bulwer-Lyttonen eleberri ezagunaren moldaketa; baita John Barrymore protagonista izan zuen Long Lost Father (1934) eta beste komedia dramatiko batzuk ere. Hainbat hamarkada geroago John Guillermin-en eta Peter Jackson-en remakeak emango zituen King Kong arrakastatsua oinarri hartuta, jarraipen eta eratorpen gozagarriak egin zituzten Cooperrek eta Schoedsackek ere: Son of Kong (1933) eta Mighty Joe Young (1949). Willis O'Brienek lehenengo King Kong pelikulan hasitako stop motion estiloari heldu zion berriz Ray Harryhausen-ek Mighty Joe Young filmean, eta artisau-prozedura horren maisu handietako bat bilakatu zen une horretatik aurrera.

30eko hamarkadako fantasiazko zinemaren gailur eta 1929ko burtsaren porrotaren ostean herrialdearen egoera ekonomikoaren metafora izan zen King Kongek ekarritako erronka tekniko handiaren ostean zuzendaritzatik urrundu zen Cooper eta RKO etxeko ekoizle nagusietako bat bihurtu zen. Estudioburu gisa, film hauek ekoiztu zituen besteak beste: Fred Astaireren eta Ginger Rogersen komedia musikal dotoreetan lehena, Thornton Freelandek zuzendutako Flying Dow to Rio (1933), eta Lansing C. Holden eta Irving Pichel zizendarien She (1935), H. Rider Haggard-en eleberrian oinarritutako abenturazko fantasia, hainbat urte geroago Hammer Film etxeak ekoiztutako remake bat ekarriko zuena.

1933an David O. Selznick-ekin elkartu zen Technicolor trikromoarekin esperimentatzen aritzen zen Pioneer Pictures ekoiztetxean; teknika horrekin merkaturatu zuten lehenengo pelikula Rouben Mamoulian-en Becky Sharp (1935) izan zen. Ondoren, 40ko hamarkada bukaeran, Argosy Pictures konpainia independente txikia sortu zuen John Fordekin batera, eta konpainia horrekin ekoiztu zituzten, Forden beste pelikula batzuen artean, honako hauek: The Fugitive (1947), Fort Apache (1948), Rio Grande (1950), The Quiet Man (1952) eta The Searchers (1956). Halaber, Cooper lehenengotarikoa izan zen Fred Waller argazkilari eta zinemagileak 50eko hamarkada hasieran sortutako Zinerama formatua bultzatzen.

Atzera begirakoa Donostia Zinemaldiak antolatu du, Espainiako Zinematekarekin lankidetzan, eta, zuzendari gisa –dela biak batera dela, Schoedsackek bakarka– egin zituzten lanei eskaini zaie. Zikloa osatzeko, bi zinemagileoi buruzko liburu bat argitaratuko da.


Gogoratu, Zinemaldiko aurreko edizioetako zikloei eskainitako
liburuak Zinemaldiko Argitalpenen Dendan lor ditzakezula.

 
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea