tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Canneseko Urrezko Palmorriaren irabazlea, ''I, Daniel Blake'', eta Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea, ''Fuocoammare / Fire at Sea'', Perlak saileko aukeraren barruan
Canneseko Urrezko Palmorriaren irabazlea, ''I, Daniel Blake'', eta Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea, ''Fuocoammare / Fire at Sea'', Perlak saileko aukeraren barruan
Donostia Zinemaldiaren 64 edizioak Ade, Barras, Dudok de Wit, Frears, Hansen-Løve, Koreeda, Kusturica, Lafosse, Larraín, Loach, Ozon, Puiu, Rosi, Sachs eta Verhoeven-en azken lanak aurkeztuko ditu
Ostirala, 2016(e)ko abuztuaren 19

Gaur egungo munduaren bidegabekeria eta desberdinkeriak, familia eta maitatzeko eta ahazteko modu desberdinak: horra hor zer alderdi jorratu dituzten aurtengo film garrantzitsuenetako batzuen argumentuek. Film horiek munduko zinema-jaialdi onenen "gomendioz" iristen zaizkigu Perlak sailera, eta aurten zinemagile hauek aurkeztuko dizkigute beren azken lanak sail horretan: Maren Ade, Claude Barras, Michael Dudok de Wit, Stephen Frears, Mia Hansen-Løve, Hirokazu Koreeda, Emir Kusturica, Joachim Lafosse, Pablo Larraín, Ken Loach, François Ozon, Cristi Puiu, Gianfranco Rosi, Ira Sachs eta Paul Verhoeven.

Berlinen eta Cannesen gaur egungo mundua irudikatzen eta salatzen duten filmak saritu dituzte. Gianfranco Rosik urtebetetik gora eman zuen Lampedusan, immigranteen lehorreratze masiboko gune bihurtu den Italiako irlan. Azken Berlinaleko epaimahaiaren presidente Meryl Streepen ustez, Fuocoammare / Fire at Sea filmak argi erakusten du "zertarako gai den dokumental bat: guri atentzioa emateko eta gu esku-hartzera eta ekitera behartzeko".

Beste arreta-dei bat da, halaber, I, Daniel Blake filma, Canneseko Urrezko Palmorriaren irabazlea; iragan asteburuan, gainera, Publikoaren Saria jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian. Ken Loach-ek (Nuneaton, Erresuma Batua, 1936) bere ibilbidean praktikan jarri duen errealismo sozialaren beste adibide bat ere bada. Haren ohiko gidoilariak, Paul Lavertyk, idatzia, bi biktimak aurka duten burokrazia-sistema batean biziko dituzten gorabeheren berri ematen du filmak.

Britainiako beste zinemagile beterano eta goraipatu batek, Stephen Frearsek (Leicester, 1941), inoiz izandako soprano txarrentzat hartutako abeslariaren erretratua egingo du Florence Foster Jenkins filmean, New Yorkeko oinordeko xelebre baten abentura ekarriz. Meryl Streep Donostia saridunak hezurmamitzen du protagonista. Talenturik izan gabe ere opera-abeslari bihurtzea lortuko du, bere senar eta ordezkariaren eta pianistaren konplizitateari esker. Senarra Hugh Grant-ek antzezten du, grazia handiz; pianistaren papera, berriz, Simon Helberg-ek betetzen du (The Big Bang Theory).

Hirokazu Koreeda (Tokio, 1962) Donostian gehien estimatutako zinemagile garaikideetako bat da: lautan lehiatu da Sail Ofizialean - Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo, aruitemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (2011) filmekin. Azken horrek gidoi onenaren saria jaso zuen, eta bitan lortu du Publikoaren Saria -Soshite chichi ni Naru / Like Father, Like Son (2013, Epaimahaiaren Sari Nagusia Cannesen) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015) filmekin-. Aurten hirugarrenez lortzeko aukera izango du, Cannesen estreinatutako Umi yorimo mada fukaku / After the Storm filmari esker. Bertan, tifoi batek berriz bere familiarekin elkartzeko aukera emango dio gizon bati. Japoniar zuzendariaren gai gustukoenetako bat da: duela zenbait urte semearen ikuspuntutik aztertu zuen; oraingoan, ordea, aitaren ikuspuntutik begiratzen dio.

Familia, aitaren heriotza eta norberak munduan betetzen duen lekua daude, halaber, Cristi Puiuren (Bucarest, 1967) Sieranevada /Sierra Nevada filmaren ardatz-gunean. Filma Canneseko sail ofizialean izan zen azkeneko zinema-jaialdian.

Toni Erdmann filmean, aitaren bisitak erabat astinduko du egoitza Bucaresten duen Alemaniako enpresa bateko langile baten bizitza. Maren Aderen (Karslruhe, Alemania, 1976) hirugarren film luzeak FIPRESCI saria jaso zuen Cannesen.

Joachim Lafossek (Uccle, Belgika, 1975) zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen iaz Les chevaliers blancs / The White Knights filmari esker (duela gutxi estreinatu da Espainiako zinema-aretoetan). Aurten, maitasuna bukatzean zer gertatzen den aztertuko du L’économie du couple / After Love filmean. Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua, hamabost urteko harreman baten ondoren bananduko den baina etxe berean bizitzen jarraituko duen bikote bat ekarriko digu.

Perlak sailaren edizio honetako zinemagile hasiberri bakarra dago: Claude Barras (Sierre, Suitza, 1973). Bost film labur egin ondoren, Cannesen saritua eta Annecyko zinema-jaialdian aukeratua izan da haren lehen film luzea, Ma vie de courgette / My Life as a Courgette animazio-filma. Suitzak, bestalde, Oscar sarietarako hautagai izateko aukeratu du. Ez da izango saileko animazio-film bakarra: Michael Dudok de Witek zuzendutako La tortue rouge / The Red Turtlek Sari Berezia irabazi zuen Canneseko Un Certain Regard sailean. Herbeheretar zuzendariak, zeinak Oscar bat irabazi baitzuen Father and Daughter film laburrari esker, gizaki baten bizitzaren aro guztiak barne hartzen dituen istorio bat dakar, irla tropikal batean girotua. Japoniako Ghibli estudioaren eta Europako zenbait ekoiztetxeren arteko koprodukzio bat da.

Emir Kusturicak (Sarajevo, 1954) sari zinematografiko nagusi guztiak irabazi ditu bere lan-ibilbidean: Urrezko Lehoia lehen filmari esker (Sjećaš li se Doli Bel? / Do You Remember Dolly Bell?, 1981)eta zuzendari onenaren saria Venezian (Crna macka, beli macor / Black Cat, White Cat, 1998), Urrezko bi Palmorri -Otac na službenom putu / When Father Was Away on Business (1985) eta Underground (1995) filmengatik- eta zuzendari onenaren saria (Dom za vešanje / Time of the Gypsies, 1989) Cannesen, eta Zilarrezko Hartza Berlinalen (Arizona Dream, 1993). Na mliječnom putu / On the Milky Road filma Venezian estreinatuko da eta Monica Bellucci eta Kusturica bera izango ditu protagonista. Serbiar zinemagileak 2007tik egindako lehen fikzio-filma da.

Ira Sachsen (Memphis, 1965) Little Men Berlinen estreinatu zen, Generation sailaren barruan. Hamahiru urteko bi mutikoren laguntasun-istorio bat kontatzen du, Brooklynen, uda batean. Sachsek Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Sundancen Forty Shades of Blue filmari esker, eta fikzioko film luze onenaren Teddy saria Berlinen Keep the Lights On filmagatik.

Donostia Pablo Larraínen (Txileko Santiago, 1976) ibilbide guztiaren lekuko izan da 2008an Zinema Eraikitzen 13 irabazi zuenetik, Tony Manero filmarekin. Bere filmean, Larraínek Nerudaren gain jartzen du begirada; Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen, bere lehen lana eta No filma bezala. Biak ala biak Perlak sailerako aukeratuak izan ziren. Txiletar zinemagilea Venezian lehiatu zen Post Mortem filmarekin, eta iaz Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Berlinalen El club filmari esker. Gael García Bernalek hezurmamitzen du etenik gabe poetari segika dabilen polizia-prefeta, Óscar Peluchonneau, eta aurten zinema latinoaren Jaeger–LeCoultre saria jasoko du filmaren gala-emanaldian, Victoria Eugenian.

Larraínek bezala, Mia Hansen-Løvek (Paris, 1981) Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian egin zuen debuta, bere lehen film luzearekin: Tout est pardonné. Louis Delluc sariarekin aitortu zioten lan hura. Bigarren lana, Le père de mes enfants, Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta Eden filmarekin Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen 2014an. Bere azken filma, L’avenir / Things to come, Berlinen estreinatu, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen han.

L’avenir / Things to Come eta Elle filmek protagonista bera dute: Isabelle Huppert zoragarri bat (Donostia saria 2003an). Paul Verhoevenek (Amsterdam, 1938), Robocop, Basic Instinct eta Showgirls filmen egileak, bortxaketa bat hartu du abiapuntutzat komedia polemiko eta zoro bat egiteko.

François Ozonek (Paris, 1967) I. Mundu Gerraren ondorengo Alemaniako hirixka batera darama bere unibertso pertsonal eta bereizgarria. Pierre Niney (The Odyssey) eta Paula Beer (The Dark Valley) dira protagonistak. Ohikoa da Ozon zinema-jaialdi onenetan ikustea; Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmagatik, eta Venezian estreinatuko du bere azken filma.

 

Elle
Paul Verhoeven  (Frantzia)

Badirudi Michèle ez duela ezerk ukitzen, emakume horietako bat dela. Bideojoko-enpresa handi bat zuzentzen du eta burdin eskuz kudeatzen ditu hala negozioak nola bere bizitza sentimentala. Egun batean ezezagun misteriotsu batek eraso egingo dio Michèleri, etxean dela, eta errotik aldatuko zaio bizitza. Erabakitasunez, Michèlek bere erasotzailea bilatuko du, eta orduan jolas moduko bat hasiko da haien artean, edozein unetan gaiztotu daitekeen jolas bat.


Florence Foster Jenkins
Stephen Frears  (Erresuma Batua)

1940ko New Yorken girotua, Florence Foster Jenkins filmak New Yorkeko goi-gizarteko oinordeko ospetsuaren benetako istorioa kontatuko digu. Florencek obsesioz jarraitu zion opera-abeslari handi bat izateko ametsari. Ahots ederra zuela uste zuen, baina beste guztientzat guztiz zatarra zen, barrea eragin arte. Haren "senar" eta managerrak, St. Clair Bayfield ingeles aktore aristokratikoak, bere Florence maitea egiatik babesteko asmo sendoa zuen. Baina Florencek Carnegie Hallen kontzertu publiko bat emateko erabakia hartzean, St. Clairek bere bizitzako erronka zailenari egin beharko dio aurre.


Frantz
François Ozon  (Frantzia)

Alemaniako herri txiki bat, I. Mundu Gerraren ondoren. Anna egunero doa kanposantura bere mutil-lagun Frantz-en heriotza deitoratzera. Hura Frantzian hil zen, bataila batean. Egun batean Adrienekin topo egingo du: Frantzen hilobira loreak uztera joandako frantses gazte bat. Adrien gerra galdu berri duen herrialde batean egoteak aurkako amorruak piztuko ditu.


Fuocoammare / Fire at Sea
Gianfranco Rosi  (Italia - Frantzia)

Lampedusako irla Italiako hego-muturrean dago. 1990etik hona Afrikako lurretatik datozen etorkin ilegalen lurreratze-gune masibo bihurtu da. 20 urtean baino apur bat gehiagoan, 20.000tik gora pertsona ito dira, gerratik eta gosetik ihes egiteko aukera bila, askorentzat Europarako sarbide den puntu horretara iristeko ibilaldian. Samuele irlan bizi da; 12 urte ditu, eskolara doa eta habailaz harriak botatzea eta ehizan joatea du gustoko. Lehorrean egitekoak diren jolasak maite ditu, nahiz eta inguruko guztiek itsasoari buruz hitz egin, eta haraino iristeko itsasoa gurutzatzen saiatzen diren gizon, emakume eta haurrei buruz.


I, Daniel Blake
Ken Loach  (Erresuma Batua - Frantzia - Belgika)

Daniel Blake-k, 59 urteko arotz ingeles batek, bihotzeko arazoak ditu, eta bere bizitzan lehenengoz gizarte-laguntzak eskatzeko premian ikusiko du bere burua. Medikuak lan egitea debekatu dio, baina administrazioak lanpostu bat topatzera behartzen du, isuna jasoko ez badu. Enplegu-bulegoetarako bere joan-etorrietan, Danielek Katie ezagutuko du, bi umeren ama ezkongabea. Katiek bere hiritik 450 km-ra dagoen etxebizitza bati baiezkoa eman behar izan zion, harrera-etxe batera eraman ez zezaten. Britainia Handiko zentzugabekeria administratiboen mordoiloan preso, Daniel eta Katie elkarri laguntzen saiatuko dira.


La tortue rouge / The Red Turtle
Michael Dudok De Wit  (Frantzia - Belgika)

Irla bakarti batean abandonatutako gizon bat ihes egiten saiatuko da, etsi-etsian, harik eta egun batean bizitza aldatuko dion dortoka bitxi bat aurkituko duen arte.


L' Avenir / Things to Come
Mia Hansen-Løve  (Frantzia )

Nathaliek Filosofia irakasten du Parisko institutu batean. Biziki maite du bere lana eta ongi pasatzen du gogoetatzen. Ezkondua, bi seme-alabekin, familiaren, ikasle ohien eta bere amaren artean banatzen du bere denbora. Ama oso emakume posesiboa da. Egun batean, senarrak esango dio beste emakume bategatik uzten duela. Nathaliek praktikan jarri beharko ditu askatasunari buruz dituen teoriak, eta berriz asmatu beharko du bere bizitza.


L' économie du couple / After Love
Joachim Lafosse  (Frantzia - Belgika )

Elkarrekin hamabost urte eman ondoren, Mariek eta Borisek banantzea erabakiko dute. Marie da beren bi alabekin batera bizi diren etxearen jabea, baina Borisek berritu du goitik behera. Borisek ez du beste inon bizitzerik; beraz, etxepe berean bizitzen jarraitu beharko dute. Dena esanda dagoenean, bietako inor ez dago amore emateko prest.


Little Men
Ira Sachs  (AEB)

Uda Brooklynen. Jake-n gurasoak aitonaren etxera joan dira bizitzera. Urteak dira Tonyren amak azpiko denda alokatzen duela. Hamahiru urteko bi haurrek, Jakek eta Tonyk, baterako interes asko dituztela aurkituko dute.


Ma vie de courgette / My Life as a Courgette
Claude Barras  (Suitza - Frantzia)

Courgette ("kuiatxo") ezizen misteriotsua da 9 urteko mutil batentzat. Haren istorio berezia, hala ere, harrigarriro unibertsala suertatzen da. Amaren bat-bateko heriotzaren ostean, Courgette polizia atsegin baten lagun egin da, Raymond-ena. Raymondek harrera-etxe batera lagunduko dio Courgetteri, adin bereko beste ume batzuen artean bizitzera. Hasieran, Courgetteri kosta egingo zaio bere lekua topatzea ingurune arrotz eta zenbaitetan zakar horretan. Baina Raymond-en eta bere lagun berrien laguntzarekin, Courgettek konfiantza izaten ikasiko du, eta benetako maitasuna eta familia berri bat aurkituko du azkenean.


Na mlijecnom putu / On the Milky Road
Emir Kusturica  (Erresuma Batua - Serbia)

Udaberria gerra-garaian. Egunero, esne-saltzaile batek astoz zeharkatzen du frontea, balei itzuri eginez, bere merkantzia preziatua soldaduei eramateko. Bere zereginean zorionak ukitu du eta herriko neska eder batek maite du; badirudi etorkizun lasaia duela zain... harik eta italiar emakume misteriotsu bat iritsi eta bizitza hankaz gora jarriko dion arte. Hala hasiko da maitasun-istorio kartsu eta debekatu bat, biak abentura fantastiko eta arriskutsu sorta batean murgilduko dituena. Patuak batu ditu, eta ez ezer, ez inor ez dirudi haiek geldiarazteko gai...


Neruda
Pablo Larraín  (Txile - Frantzia - Argentina - Espainia)

1948. urtea da eta Gerra Hotza Txilera iritsi da. Kongresuan, Pablo Neruda senatariak Alderdi Komunista traizionatzea leporatuko dio gobernuari; González Videla presidenteak, ondorioz, forua kenduko dio. Ikerketa Poliziaren prefetari, Óscar Peluchonneau-ri, poeta atxilotzeko aginduko diote.


Sieranevada
Cristi Puiu  (Errumania - Frantzia)

Charlie Hebdoren aurkako atentatuaz geroztik hiru egun eta bere aitaren heriotzaz geroztik 40 egun igaro direla, Lary –40 urte, sendagilea– larunbata familiarekin igarotzera joango da, hildakoaren oroimenez bildu baitira. Ekitaldia, ordea, ez da aurrez ikusitako moduan garatuko. Bere beldurrei eta iraganari aurre egitera eta familiaren barruan betetzen duen lekua berriz pentsatzera behartuta, bere egia esan beharko du Laryk.


Toni Erdmann
Maren Ade  (Alemania - Austria)

Ines egoitza Bucaresten duen Alemaniako enpresa garrantzitsu batean dabil lanean. Bizimodu erabat ordenatua darama, bere aita Winfried bat-batean iritsi eta ustekabeko galdera bat egiten dion arte: ''Zoriontsua al zara?''. Ezin erantzunean, bizitza astinduko dio apur bat lotsarazten duen aita horren presentziak. Baina bere bizitzari berriz zentzua ematen lagunduko dio, alegiazko pertsonaia bati esker: Toni Erdmann alaia. Filmak FIPRESCI saria irabazi zuen Canneseko 2016ko zinema-jaialdian.


Umi yorimo mada fukaku / After the Storm
Hirokazu Koreeda  (Japonia)

Ryota iraganean bizi da, egile saritu moduan emandako ospe-uneetan. Dibortziatu eta gero lasterketetan gastatuko du irabazten duen diru guztia, eta ezingo du semearen mantenu-pentsioa ordaindu. Ustekabeko tifoi batek gauzen nondik-norako guztiak aldatuko ditu.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea