tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Hamabost film iberoamerikar, Espainiako Lankidetza Sarirako hautagai
Hamabost film iberoamerikar, Espainiako Lankidetza Sarirako hautagai
Asteartea, 2016(e)ko irailaren 6

Donostia Zinemaldiak eta Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID, Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren mende) Espainiako Lankidetza Saria banatuko dute, bigarren urtez jarraian, honako auzi hauek hoberen sustatzen dituen film iberoamerikarraren ekoizlearentzat: Garapen Jasangarriko 17 Helburuen zabalkundea, pobreziaren desagerraraztea eta giza eskubide guztien bermea.

64. edizioan, hamabost film hauek lehiatuko dira saria lortzeko: Sail Ofizialeko film bat (Jesús, Fernando Guzzonirena), Perlak saileko beste bat (Neruda, Pablo Larraínena), Zabaltegi-Tabakalerako hiru (Ejercicios de memoria, Paz Encinarena; El viento sabe que vuelvo a casa, José Luis Torres Leivarena; eta Oscuro animal, Felipe Guerrerorena), eta Horizontes Latinos saileko hamar film. Zehazki, honako hauek: Aquí no ha pasado nada (Alejandro Fernández Almendras), El amparo (Rober Calzadilla); El Cristo ciego (Christopher Murray), Era o Hotel Cambridge (Eliane Caffé), La idea de un lago (Milagros Mumenthaler), La larga noche de Francisco Sanctis (Andrea Testa eta Francisco Márquez), Rara (Pepa San Martín), Santa y Andrés (Carlos Lechuga), Viejo Calavera (Kiro Russo) eta X-Quinientos (Juan Andrés Arango). Saria epaimahai berezi batek emango du, Rubén López Pulido, Espainiako Lankidetza Agentziako komunikazio-zuzendaria, buru duela. Lur Olaizola Lizarraldek, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren ikusentzunezko programaren koordinatzaileak, eta Xabier Paya Ruizek, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioko Kultur Programaren Zuzendariak, epaimahaia osatuko dute.

Saria ez ezik, AECIDek beste bi jarduera sustatuko ditu Zinemaldiaren esparruan, giza eskubideekin engaiatutako herritargo global bat eraikitzeko eta kultur aniztasuna bultzatzeko helburuaren barruan:

  • “Zinema, garapena eta jasangarritasuna”-ri buruzko saioan (astelehena, irailak 19) hiru proiektu hauek aurkeztuko dira, zinemak gizartea eraldatzeko eta sentikortzeko daukan ahalmena irudikatzeko asmoz:
  1. “Mujeres de cine”: Eugenio Fontanedak koordinatutako eta AECIDek eta Notorious etxeak argitaratutako talde-liburu bat da, non 20ko eta 30eko hamarkadako Hollywoodeko ekoizpen handien eragina azaltzen baita; zehazkiago, garai hartako espainiar emakumeengan izan zutena.
  2. “Nómadas”: Jorge Martínezek zuzendutako film dokumental bat da. Martín Caparrós idazleak eta Samuel Aranda argazkilariak hitzak eta irudiak uztartuko dituzte, Maliko txoko babesgabe batean RESCATE GGKEaren babesa jasotzen duen abeltzain nomaden komunitate baten bizitzari buruz gogoeta egiteko.
  3. “El cine y las 5 P”: AECIDen babesarekin, Manuel Serrano ekoizle eta zuzendariak ikus-entzunezko hitzaldi bat prestatu du, zinemak 2030 Agenda lortzeko nola lagundu dezakeen jorratzeko. 2030 Agendan, nazioarteko komunitateak adostutako Garapen Helburuak jaso dira (Garapen Jasangarriko Helburuak-GJH), bost ardatz nagusi hauen inguruan: PLANETA, PERTSONAK, OPAROTASUNA, BAKEA eta ALIANTZAK –ingelesez 5 P deituak: Planet, People, Prosperity, Peace, Parnertship–.
  • Europa eta Latinoamerika arteko koprodukzioei buruzko mahai-ingurua (asteazkena, irailak 21)

EPAIMAHAIA

Rubén López-Pulido

Rubén López-Pulidok (Aranjuez, 1978) ardura hauek ditu AECID erakundean (Atzerriko Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Lankidetzako Espainiako Agentzia): komunikazio publiko eta instituzionaleko estrategia eta markaren, izen onaren eta ukiezinen kudeaketa. UNEDen Filosofia ikasi zuen, Napolin eta Madrilgo UPM unibertsitatean Ontzigintzako Ingeniaritza, eta LSEn (London School of Economics) Ekonomia eta Garapena. Granadako Unibertsitateko Lankidetza Masterrean irakasle dihardu, eta hainbat urtez lan egin du Nazio Batuen erakundeetan, adibidez, FAOn eta IMOn. Epaimahaikide izan da Filipinako World Premieres Film Festival jaialdian, Kazetaritzako EFE-Rey de España Sarietan eta 63. Donostia Zinemaldiko Espainiako Lankidetza Sarian. Horrez gain, komisario aritu da Lankidetzako Espainiako Agentziaren erakusketetan, eta itsas liburu bat egin du Oxfordeko Butterworth/Heineman argitaletxerako. Kultur eta zinema-kritika ugari idatzi ditu, hainbat aldizkaritan. Azkena, Hitchcock-en Vértigo filmari buruzko azterketa filosofiko eta psikonalitikoa, Eugenio Tríasen omenez. Gaur egun lanean jarraitzen du, Michael Mann zinema-zuzendaria eta hark zinema modernoan izan duen eragina aztertzeko liburu bat prestatzen.

Lur Olaizola Lizarralde

Lur Olaizola Lizarralde (Donostia 1988) Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren ikus-entzunezko programaren koordinatzailea da. Tabakaleran lan egiten aurretik, New Yorken ikusizko artista eta kultur ekoizle gisa aritu zen. New Yorken Horns & Tails ekoiztetxearekin elkarlanean aritu zen eta MoMA PS1k EXPO 1: NY erakusketan parte hartzeko hautatu zuen 71% bideolana zuzendu zuen elkarlanean. Gainera Architecture & Design Film Festival koordinatu zuen (New York eta Los Angelesen) eta New York UniversitynThe limit of our gaze, Women Filmmakers and Contemporary Documentary in Spain zikloaren lehenengo edizioa koprogramatu zuen. 2011-2012 urteetan Bartzelonako CCCBn lan egin zuen ikusentzunezko edukien dokumentalista eta muntatzaile gisa.

Xabier Paya Ruiz

Xabier Paya Ruiz (Bilbo, 1982). Itzultzailea, bertsolaria eta musikaria. Honako graduondoko tituluak egin ditu: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu-titulua Mondragon Unibertsitatean, Euskal Ikasketak Asmoz Fundazioan, Multimedia Komunikazio Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean eta Europako Kultura Modernoetako Masterra Birminghamgo Unibertsitatean. Gidoigintza ikasketak egin ditu: EITB-EIKEN Gidoi Faktoria formazio berezia, besteak beste, eta gidoilari lanak egin izan ditu telebistan. Azken hiru urteetan Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioko Kultur Programaren Zuzendaria izan da.

Espainiako Lankidetza Sarirako hautagai diren filmak

 

SAIL OFIZIALA


Jesús / Jesus
Fernando Guzzoni  (Frantzia - Txile - Alemania - Grezia - Kolonbia)

Santiago, Txile. Jesusek 18 urte ditu eta aitarekin bizi da, Hectorrekin, elkarrekin komunikatzeko ezintasuna telebistari esker arinagoa egiten zaien apartamentu batean. Hortik kanpo, K-pop talde batean dantza egiten du, lagunekin ibiltzen da, drogak hartzen ditu, klip kutreak ikusten ditu eta sexua praktikatzen du leku publikoetan, emozio gogorren bila. Eta topatu ere topatuko ditu emozio gogorrak, gau batean, lagunekin batera, atzera bueltarik gabeko gertaera baten ondorioz.

PERLAK


Neruda
Pablo Larraín  (Txile - Frantzia - Argentina - Espainia)

1948. urtea da eta Gerra Hotza Txilera iritsi da. Kongresuan, Pablo Neruda senatariak Alderdi Komunista traizionatzea leporatuko dio gobernuari; González Videla presidenteak, ondorioz, forua kenduko dio. Ikerketa Poliziaren prefetari, Óscar Peluchonneau-ri, poeta atxilotzeko aginduko diote.

ZABALTEGI-TABAKALERA


Ejercicios de memoria / Memory Exercises
Paz Encina  (Argentina - Paraguai - Frantzia - Alemania - Qatar)

Paraguaik Latinoamerikako diktadura luzeenetakoa jasan zuen 1954tik 1989ra bitartean. Agustín Goiburú izan zen Stroessner-en erregimenaren aurkari garrantzitsuena. Dokumental hau Goiburúren hiru seme-alaben oroitzapenen bitartez barneratzen da testuinguru politiko horretan.


El viento sabe que vuelvo a casa / The Winds Know That I'm Coming Back Home
José Luis Torres Leiva  (Txile)

Ignacio Agüero dokumentalista txiletarra fikziozko bere lehen film luzea prestatzen ari da, sekula bukatzea lortu ez duen antzinako dokumental-proiektu batean oinarrituta. 80ko hamarkadaren hasieran, Chiloé eskualdeko Meulín uhartean, bikote gazte bat inguruko basoetan desagertuko da, aztarnarik utzi gabe. Maitasun tragikoko istorio misteriotsu horren inguruan, mito oso bat eraiki zen. Ignacio Agüero gertakarien lekura joango da, filmerako kokalekuen eta aktore ez-profesionalen bila, eta han, pixkanaka-pixkanaka, bere filmaren bilakaera ezagutuko du.


Oscuro animal
Felipe Guerrero  (Kolonbia - Argentina - Herbehereak - Alemania - Grezia)

Oscuro animal filmak oihanetik hirirako bidaia baten istorioa kontatzen du. Hiru emakumek Kolonbiako landa-eremuetako gerraren jazarpenetik ihes egin behar dute; nork bere aldetik, baretasuna bilatzeko bidaiari ekingo diote. Behin Bogotára iritsitakoan, arnasaldi bat hartuko dute beren bizitza desbideratuen norabide berriari aurre egiteko.

HORIZONTES LATINOS


Aquí no ha pasado nada / Much Ado About Nothing
Alejandro Fernández Almendras  (Txile - AEB - Frantzia)

Vicente gazte arduragabe eta bakartia bere gurasoen hondartza-etxera itzuliko da, urtebete Los Ángelesen ikasten eman ondoren. Baina parranda-gau batek betiko aldatuko dio bizitza, bertako arrantzale bat autoarekin harrapatzea leporatu, eta susmagarri nagusitzat hartuko baitute. Vicente mozkorra zegoen eta lausotuta ditu oroitzapenak. Bai, autoan zihoan, baina zinez dio gidaria ez zela bera. Eta are okerrago: gogoratzen duenez, politikari boteretsu baten semea zihoan gidatzen.


El Amparo
Rober Calzadilla  (Venezuela - Kolonbia)

Venezuela eta Kolonbiaren arteko mugan, 80ko hamarkada amaieran, bi gizon onik aterako dira Arauca ibaiaren inguruetan gertatutako eraso armatu batetik; bertan hilko dizkiete hamalau kide, ordea. Armadak gerrillari izatea leporatuko die; larderiaz, haiek zeldatik ateratzen saiatuko dira, han daude-eta gordeta, poliziaren eta herriko jendearen babespean. Herritarrek ahaleginak egingo dituzte ez ditzaten eraman, eta haiek arrantzale hutsak direla esango dute, baina handia da bertsio ofizialari men egiteko presioa.


El Cristo ciego / The Blind Christ
Christopher Murray  (Txile - Frantzia)

Michael (30) mekanikariak kontatzen du Jainkoaren errebelazio bat bizi izan duela desertuan. Baina bere herrikoek ez diote ezertxo ere sinetsiko, eta zorotzat hartuko dute. Arratsalde batean, txikitako lagun batek urruneko herri batean istripua izan duela jakingo du. Michaelek guztia bertan behera utzi eta oinutsik lagunaren bila abiatzea erabakiko du, hura mirakulu baten bidez sendatzeko. Haren ibilerek atentzioa emango diete meategietan esplotatutako eta drogetan eroritako pertsonei; Txileko basamortuko errealitate gorria arintzeko gauza den Kristo bat bezala ikusiko dute.


Era o Hotel Cambridge
Eliane Caffé  (Brasil - Frantzia - Espainia)

Era o Hotel Cambridge filmak Brasilera iritsi berri diren errefuxiatu batzuen istorioa kontatzen du. Baliabide gutxiko langile talde batekin batera, bertan behera utzitako eraikin bat okupatuko dute São Pauloko erdigunean. Eguneroko bizitzako dramak, egoera komikoak eta munduari buruzko bestelako ikuspuntuak gertatzear den kaleratzearen mehatxuarekin nahasiko dira.


La idea de un lago / The Idea of a Lake
Milagros Mumenthaler  (Argentina - Suitza - Qatar)

Inés argazkilaria da lanbidez eta bere semea jaio baino lehen bukatu nahi du bere liburu berria. Oroimenak, oroitzapenek eta argazki-lan horrek behin eta berriz eramango gaituzte leku berera: familiaren etxea, Argentina hegoaldean. Espazio horrek Inésen bizitza markatu, eta urteen joanarekin haren nortasuna eratu zuen. Espazio horretan ateratakoa da Inések bere aitarekin duen argazki bakarra, apenas bi urte zituela. Argazki hori atera eta hilabete batzuetara, Inésen aita desagertu zen, diktadura militarraren biktima.


La larga noche de Francisco Sanctis / The Long Night of Francisco Sanctis
Francisco Márquez, Andrea Testa  (Argentina)

Buenos Aires, 1977. Franciscok, bere emaztearekin eta bi umeekin bizimodu lasaia daraman bulegari batek, diktadurako soldaduek bi pertsona bahitzear daudela jakingo du aspaldiko lagun baten bidez. Orain, erabaki beharko du ea bere bizitza arriskatuko duen bi ezezagunena salbatzeko.


Rara
Pepa San Martín  (Txile - Argentina)

Gurasoak banandu zirenetik, amarekin bizi dira Sara eta haren ahizpa txikia. Amaren bikotekide berria emakume bat da. Lauen eguneroko bizitza beste edozein familiaren antzekoa da oso, baina mundu guztiak ez du hala ikusten. Zehazki, aitak bere zalantzak ditu.


Santa y Andrés / Santa & Andres
Carlos Lechuga  (Kuba - Frantzia - Kolonbia)

Kuba, 1983. Santa baserritar bakartia Andrés zaintzera bidaliko dute. Andrés idazle gay bat da, eta Iraultzari ez zaio "fidagarria" iruditzen. Pixkanaka, bi pertsona ustez erabat desberdin horiek konturatuko dira garrantzitsuagoak direla biak batzen dituzten gauzak, biak banantzen dituztenak baino.


Viejo Calavera / Dark Skull
Kiro Russo  (Bolivia - Qatar)

Elder Mamaniren aita hil egin da eta badirudi hari ez zaiola inporta. Zurrutean jarraitzen du, karaoke eta kaleetan, eta arazoetan sartzen. Baina inork ez du nahi arduratu hartaz. Aukera bakarra geratuko zaio: aita ordezkatzea meatze alu horretan.


X500
Juan Andrés Arango  (Kanada - Kolonbia - Mexiko)

María Manilatik Montrealera iritsiko da, amonarekin bizitzera, eta ahaleginak egingo ditu giro berrira moldatzeko. Alex gazte afrokolonbiarra Estatu Batuetatik deportatuko dute; itzultzean, bere auzo zaharra kriminalek hartu dutela aurkituko du. David bere herritik joango da aitaren heriotzaren ostean, Mexiko Hirian etorkizun hobea bilatzera. X500 filmak hiru nerabe horien bizitzari jarraitzen die, Amerikako hiri desberdinetan oinaze, migrazio eta eraldaketa bide berbera egiten duten bitartean.



Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea