Zinema Ikasleen Nazioarteko XVI. Topaketa irailaren 25etik 29ra bitarte izango da, 65. Donostia Zinemaldiaren esparruan, eta Alemania, Argentina, Belgika, Kroazia, Estatu Batuak, Frantzia, Israel, Mexiko, Portugal, Txekiar Errepublika eta Errusiatik datozen hamalau film labur aukeratu dira 45 herrialdetako 110 eskolek aurkeztutako 209 lanen artetik.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen, hurrengo zinemagile-belaunaldiaren, lanak ezagutzera emateko asmoz. Aurten handitu egin da saila, bai iraupenean -egun bat gehitu zaio, eta bost egun izango dira guztira- bai asmoan, antolatzaileen apustu irmo gisa, eta jarduera-programa iradokitzaile bat dakar orobat. Industria zinematografikoko profesional nabarmenen bisita jasoko du, beren filmak Donostian aurkeztera datozenean: Todd Haynes eta Christine Vachon (Wonderstruck, Perlak sailean), Raymond Depardon eta Claudine Nougaret (12 jours, Zabaltegi-Tabakaleran), José Luis Torres Leiva (El sueño de Ana, Zabaltegi-Tabakaleran), Marine Francen (Le Semeur, Zuzendari Berriak sailean) eta Nobuhiro Suwa (Le lion est mort ce soir, Sail Ofizialean). Txiletar zinemagilea, gainera, Zinema Ikasleen XVI. Topaketaren Epaimahaiko presidentea izango da.
Aukeratutako film laburren emanaldiak eta eskola magistralak Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira. Masterclass saioak, zinemagileen lanen emanaldiak eta filmeko taldearekin elkarrizketak barne, erreserbatuta daude: ikasleentzat, ikusle kopuru mugatu batentzat -sartzeko, Tabakaleraren web-orrian eman dezakete izena– eta gonbidapena duten Zinemaldiko akreditatuentzat gorde dira. Film laburren emanaldietarako, aldiz, Donostia Zinemaldiaren ohiko salmenta-kanalen bitartez eros daitezke sarrerak.
“Donostia Zinemaldiak bere horretan eutsi dio talentu berriak argitara ateratzeko apustuari, eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa apustu horren giltzarrietako bat da”, gogorarazi du gaur Tabakaleran egindako prentsaurrekoan Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek.
Tabakalerako kultura-zuzendariak, Ane Rodriguez Armendarizek, nabarmendu du zein garrantzitsua den honelako proiektuak Zinemaldiaren moduko hitzordu baten esparruan eta Tabakaleraren moduko zentro batean garatu ahal izatea; izan ere, “sortzaile berriekiko konpromiso irmoa du” zentroko kultura-proiektuak.
Ikaslez osatutako epaimahai batek, irakasle bat buruan eta Orona Fundazioak aukeratua, 5.000 euroko Orona saria emango du.
Gainera, parte hartzen duten eskoletako ikaslez osatutako epaimahai espezifiko batek erabakiko du, José Luis Torres Leiva txiletar zinemagilea buruan, Panavision Saria zer zuzendariri emango dion. Irabazleari RED Epic kamera baten eta Primo lente estandarren ekipamendu osoa lagako zaio, lau astez filmatzeko, edo 10.000 euroko kreditua emango zaio Panavision materiala alokatzeko.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatuaren parte da.
FILM LABURRAK
Janka pubertaroan sartzear dago. Egun batean bere lagun Zoranarekin dantzatzera joango da. Zorana musuen, arropa berrien eta festaren moduko gaiak kezkatzen dute; Jankak, aldiz, ahal bezain luze eutsi nahi dio haurtzaroko xalotasunari. Baina ezingo ditu saihestu neska guztiek halabeharrez bizi beharreko aldaketak.
Beste negu-egun bat da, beste edozein bezalakoa ia-ia, Doron (64 urte) udaleko babes-etxeko zuzendariaren bizitzan: euri-jasa itzela, norbaitek aparkalekua kendu dio eta Bela Schorr, 212 gelako egoiliarra, gaur goizean hil da.
Abuztu beroan, Alice eta bere senideak amonaren udako etxera joango dira. Egunak aurrera egin ahala, jende-samaldak ibiliko dira etxean, etengabeko joan-etorrian; bien bitartean, Alice gero eta gehiago murgilduko da amonaren iragan kolonialean.
Paisaia basati baten erdian, Vera eta Matteo elkartzeko geratuko dira. Neskaren aitak harrapatu, eta eraso egingo dio mutilari. Borroka gogor baten ostean Matteok gizona nokeatuko du. Verak dantzatzera joan nahi duela esango dio Matteori. Matteo, aztoratuta, ihesi aterako da.
“Afganistanen bikote bat ikusi nuen teilatu gainean amodioa egiten”: oso gutxi dakigu drone militarrekin “hilketa selektiboak” egiten dituzten pilotuen eguneroko lanari buruz. Hiru estatubatuarrek off-eko ahotsean testigantza ematea onartu zuten, beren esperientziari buruz –paradoxikoki, intimitatearekin eta krudeltasunarekin du zerikusia–, Find, Fix, Finisherako haiexek filma zitzaketen aireko irudiei buruz.
Fiora eta Martin bazkaria prestatzen ari dira. Benetan elkarrekin lotzen dituen harremanaren eszenaratzea da egoera hori. Bazkaldu bitartean, Fiorak iraganeko istorio bat gogoratuko du. Martinak, gehiago jakin nahian, galdetu egingo dio.
Eskuinaldeko populismoa Ekialdeko Europan zehar hedatzen ari da, kontrolik gabeko sute bat bezala. Errazago hedatzen da auzo zuri eta lasaietan, jendea beste kultura eta bizimoduetatik gordeta bizi den lekuetan. Gidoirik gabeko dokumental honetan, Flandeseko bizitegi-auzoetako bizitzaren karikatura ironikoa egin du Sam Peetersek, eta ongi islatu du gaur egungo Europako zeitgeista.
Mar lanean den bitartean, Nico da etxean geratzen den bikotekidea, leihotik basoaren handitasunari begira eta zereginak atzeratzeko moduen bila.
Familia estandar bat bere etxe barruan zelatapean dago. Aitak, egoeraren konplize, dinamika horretan parte hartzera behartu ditu beste senitartekoak; ama bere alabekin ihes egiten saiatuko da, arrakastarik gabe.
Kolonbia mamu-lurraldea da. Bi senide paisaia mistiko horietan barrena ibiliko dira haien aita zenaren espirituaren bila. Bidaiak Bogotátik Kolonbiako oihanera eramango ditu, pentsamenduaren esferetan zehar, haien amets oinazetuen sakontasuneraino. Han zenbait erantzun aurkitu eta ustekabeko konpainia erakarriko dute.
Espetxe batean hezitzaile-lana egiteko eskaintzak familia-egoera zaila konpontzen lagundu diezaioke Jakub irakasle langabetuari. Jakuben aitaginarrebak ez dio autoestimu berez baxua okerragotzen besterik; zalantzarik ez da bestelako suhia espero zuela. Jakubek espetxean biziko dituen klaustrofobia-sentimenduek, ordea, galdera bakar bat ekarriko diote burura: bere bizitzaren gainerakoan, besteak kontrolatu ala besteen kontrolpean egon nahi du?
Dan Dailey Texaseko basamortu erdian bizi da; bertan, beren gurasoak hil dituzten haurrentzako babesleku bat ireki zuen 2009an. Bi dokumentalgile Daileyren egoitzara film bat egiteko irisi eta hura hilda aurkitzen dutenean hasten da Wandervogel.
Filatov, denbora luzez kanpoan egon ondoren, etxera itzuliko da bere anaiari lur emateko. Haren hilotza gertuko herrixka batean jaso eta etxera eraman behar du.
2016ko ekainaren 23a. Erresuma Batuan garrantzi handiko erreferendum bat ari dira egiten, eta Atlantikoaren bestaldean gero eta indar handiagoa du presidente izateko kanpaina gaitzesgarri batek. Suedian, albistegiek beti bezala jarraitzen dute. Hala ere, aldi berean, herritarrak albistegi berdin-berdin baina distortsionatua ari dira eraikitzen Alemanian.
ESKOLA MAGISTRALAK
Astelehena 25, 11:15etik 13:15era,
Raymond Depardon eta Claudine Nougaret 12 jours / 12 Days (Zabaltegi-Tabakalera) filmaren zuzendari eta ekoizlearen emanaldia eta eskola magistrala
Raymond Depardon (1942) frantses argazkilari eta zuzendari entzutetsua da. Hogei film luze dokumental zuzendu eta berrogeita hamarretik gora argazki-liburu argitaratu ditu. Gamma agentziaren sortzaileetako bat da, baita Magnum agentziako argazkilaria ere; kazetari grafiko gisa, nazioarteko gertakari garrantzitsuenetako zenbaiten berri eman du. 1991an Frantziako Argazkilaritza Sari Nagusia eman zioten. Bitan irabazi du dokumental onenaren Cesar saria: lehenbizi Reporters (1981) obrarengatik, eta Délits flagrants (1994) filmari esker ondoren. Bere azken lanen artean, La vie moderne (2008), Journal de France (2012) eta Les habitants (2016) daude.
Hogeita hamar urtez, zinemarekiko eta argazkilaritzarekiko grina berbera izan dute Claudine Nougaretek eta Raymond Depardonek. Claudinek soinua eta ekoizpena landu ditu; Raymondek, aldiz, argazkilaritza eta zuzendaritza. Artista autodidakta bi, beren ekoiztetxea sortu dute, Palmeeraie et désert, eta film ugari ekoitzi dituzte elkarrekin: Urgences (1988), La captive du désert (Cannes 1990), Délits flagrants (1994), Afriques: Comment ça va avec la doleur? (1996), Paris (1998), Profils paysans: l’approche (2000), 10e chambre - Instants d'audience ( 2004), Profils paysans: le quotidien (2005),Profils paysans: la vie moderne (2008), (2012), France (2016) eta 12 jours / 12 days (2017). Hasieratik, Claudine Nougaretek zuzeneko soinua izan du gogokoen. Musikologia ikasi ondoren, proiekzionista-lanak egin zituen, arratsaldez Louis Lumière eskolan soinua ikasi aurretik. Alain Resnais, Gèrard Junot, Chabrol eta Claude Millerren filmetan soinu-laguntzaile aritu zenean, lanbidearen eskakizunak barneratu zituen. 1986an soinuaren arduraduna izan zen Éric Rohmer zuzendariaren The Green Ray filmean; lan horrek Urrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako urte hartako zinema-jaialdian, eta Nougaret Frantziako zinemagintzako soinu-teknikari nabarmengarrienen artean finkatu zen. Beste film batzuetan ere aritu da lanean, adibidez, Les baisers de secours, Philippe Garrel-ena edo La Nage indienne, Xavier Durringer-ena. Le son direct au cinéma idatzi zuen Sophie Chiabaut-ekin batera (Éditions de la Fémis etxeak argitaratua), Raymond Depardonentzat ekoizten duen filmei bete-beteko arduraldia eskaini aurretik. Film luze bateko soinu-ingeniaritzak eskatzen dituen trebetasuna eta eskakizun teknikoak ekartzen dizkie haren dokumentalei.
Asteartea 26, 15:30etik 18:00etara,
Todd Haynes / Christine Vachon Wonderstruck (Perlak) filmaren zuzendari eta ekoizlearen emanaldia eta eskola magistrala
Todd Haynes gidoilari eta zuzendari txalotuak Poison (1991) filmarekin egin zuen film luzeen alorrean debuta eta Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundancen. Ondoren Safe (1995) egin zuen, Village Voice aldizkariak 90eko hamarkadako film onentzat jotako filma. Velvet Goldmine-k (1998) Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Cannesen, eta Far from Heaven-ek (2002) Oscar sarietarako lau izendapen jaso zituen. I’m Not There filmean fikziozko zazpi pertsonaiaren bitartez irudikatu zuen Bob Dylanen obra eta bizitza, eta 2015ean Carol filmean Patricia Highsmith egokitu, eta Oscarretako sei kategoriatarako izendatu zuten. Wonderstruck joan den Canneseko zinema-jaialdian estreinatu zen.
Christine Vachon, Independet Spirit Award eta Gotham Award sarien irabazlea, Killer Films puntako ekoiztetxe independentearen sortzaileetako bat izan zen, Pamela Koffler-ekin batera, 1995ean. Azken bi hamarkadetan 100 film baino gehiago ekoitzi ditu, Estatu Batuetako zinema independenteko film laudatuenetako batzuk tartean: Carol (Oscar sarietarako sei izendapen), Far from Heaven (Oscar sarietarako lau izendapen), Still Alice (Oscar sari baten irabazlea), Boys Don’t Cry (Oscar sari baten irabazlea), One Hour Photo, Kids, Hedwig and the Angry Inch, Happiness, Velvet Goldmine, Safe, I Shot Andy Warhol eta I’m Not There (Oscarretarako izendatua). Telebistan, hainbat Emmy eta Urrezko Globo irabazi dituen Mildred Pierce telesailaren (HBO) ekoizle exekutiboa izan zen Vachon. Haren lan berrienen artean, Goat, Wiener-Dog, White Girl eta Beatriz at Dinner aurki ditzakegu.Killer Films etxeak ekoitzi ditu, halaber, The Beginning of Everything, Christina Riccik protagonizatua (Amazon Studios) eta Todd Haynesen azken filma, Wonderstruck. Gaur egun, postprodukzio-fasean du Paul Scharder-en azken film luzea, First Reformed. Vachon Stony Brook Unibertsitateko Arte Ederretako Masterraren zuzendaria da orobat. 2012an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialaren presidentea izan zen.
Asteazkena 27, 16:00etatik 18:00etara,
José Luis Torres Leiva El sueño de Ana (Zabaltegi-Tabakalera) eta Obreras saliendo de la fábrica filmaren zuzendariaren emanaldia eta eskola magistrala
José Luis Torres Leivak hainbat film labur eta luze independente egin ditu, hala nola Ningún lugar en ninguna parte(2004), El tiempo que se queda (2007), Tres semanas después (2010), Ver y escuchar (2013) eta Qué historia es ésta y cuál es su final (2013). El cielo, la tierra y la lluvia (2008), haren lehen fikzio-film luzea, Rotterdamen estreinatu zen eta FIPRESCI saria irabazi zuen. Bigarrena, Verano (2011), Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean estreinatu zen. El viento sabe que vuelvo a casa obrarekin Zabaltegi sailean parte hartu zuen 2016ko Donostia Zinemaldian.
Osteguna 28, 16:00etatik 18:15era,
Marine Francen, Le Semeur / The Sower (Zuzendari Berriak) filmaren zuzendariaren emanaldia eta eskola magistrala
Haurtzaroa landan igaro ondoren, Marine Francen Parisera joan zen literatura eta historia ikastera. James Ivory eta Ismail Merchant-en konpainiarako ekoizpen-lan bati esker ezagutu zuen zinemagintzaren industria; ondoren, 1999tik 2012ra bitarte, Olivier Assayas edo Michael Haneke-ren moduko errealizadoreentzat aritu zen lanean, zuzendaritza-laguntzaile gisa. Lau film labur idatzi eta zuzendu ditu, horietako bat dokumentala, Le Semeur-ekin formatu luzean debuta egin aurretik.
Ostirala 29, 11:00etatik 13:30era,
Nobuhiro Suwa, Le lion est mort ce soir / The Lion Sleeps Tonight (Sail Ofiziala) filmaren zuzendariaren emanaldia eta eskola magistrala
Nobuhiro Suwak 1997an zuzendu zuen bere lehen lana, 2/Duo, eta, besteak beste, Rotterdam edo Vancouverreko zinema-jaialdietan aurkeztu zen. Haren bigarren lanak, M/Other (1999) filmak, FIPRESCI saria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian. H Story (2003) ere, Alain Resnais-en Hiroshima mon amour filmaren gaineko begirada, Cannesen estreinatu zen. Un couple parfait-ek (2005), Japoniatik kanpo egin zuen lehen filmak, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Locarnon. 2006an Paris, je t’aime talde-filmaren ataletako bat zuzendu zuen, eta 2009an berriz ere itzuli zen Cannesera Yuki & Nina obrarekin.