Sartu nire zinemaldira Deskonektatu
tve Gas Natural Fenosa movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Zinemaldiaren Egunkaria > MARGUERITE DURASEN GERRA EGUNETAKO MEMORIA SUBJEKTIBOA
MARGUERITE DURASEN GERRA EGUNETAKO MEMORIA SUBJEKTIBOA
Igandea, 2017(e)ko irailaren 24

Hasierako planoan Mélanie Thierry/ Marguerite Duras zutik ageri da, haren buruaren soslaia dakusagu, argi kontra. Zigarro bat erretzen ari da eta begietan samina sumatzen zaio, keak paintaila osoa lausotzen duen arte. Orduan, filmak denboran atzera egiten du, 1944ko Frantzia okupatura garamatza, Duras idazle gazte bikainak nazien aurkako Erresistentzian aktiboki parte hartzen zuen garaira.

Marguerite Durasek 1985ean argitaratu zuen “Samina” eleberria, zeinean II. Mundu Gerra bitartean haren senarraren atxiloketa eta deportazioak sortarazi zion oinazea kontatzen den. Kondairak dioenez, kutxa batean denboraldi jasanezin hartako gorabeherak biltzen zituen bi koaderno zahar aurkitu, eta eskuz izkiriaturiko paper haietatik abiatu zuen Durasek istorioaren bere bertsioa. Eta orain, berriz, Emmanuel Finkiel zuzendariak inerako filmatu du bere egokitzapen  propio eta “subjektiboa”.

Isiluneez josirik eta off-eko ahotsean, protagonistak nobelako pasarteak irakurtzen ditu, haren pentsamenduak bailiran; eta saminez beteriko gogoeta hauek ikuslea giro hertsigarri batean harrapatzen dute. “Hori lortzeko –esan du zuzendariak–, ezinbestekoak izan dira Mélanie Thierry-ren ahots xurxularia eta presentzia aldi berean eder eta oinazetu itxurakoa”.

“Nik Durasek idatzitakoa moldatu dut, ordea, filmeko pertsonaia nobelan erakusten den pertsonaiaren eta benetako idazlearen arteko nahasketa bat da. Bi bide, bi iturri desberdin dira protagonistaren izaera osatzen dutenak”, azaldu du Finkelek prentsaurrekoan.

Zuzendariaren hitzetan: “Sasoi hartako Paris tientoz eta mimoz berreraikitzen saiatu gara, dudarik gabe hiria bera filmeko beste protagonistetako bat baita, eta ez garrantzi gutxikoa gainera”, adierazi du errealizadore frantziarrak.

Zuzendariarekin eta ekozileekin batera Donostian dagoen Mélanie Thierry aktoreak aitortu duenez, “pentsamendu eta sentimendu propioetan oinarritu naiz pertsonaiarengan dagoen desordena itzelean ikertzeko”. Bere rola bikain baino hobeto betetzen duen aktoreak “Durasen beste zenbait heroisetan” inspiratu dela azaldu du, “Jeanne Moreau-n, esaterako”. “Hala ere –erantsi du–, antzezle paregabe haietara gehiegi hurbildu gabe”. Hasiera batean, hain idazle ospetsuaren azalean barneratzeak “sekulako bertigoa” sortzen ziola aitortu du. Eta orduan, zuzendariak pare bat lore esan dizkio: “Mélanieren begiek samina islatzen dute; tristezia primeran egokitzen zaio".

SERGIO BASURKO 

La douleur filmeko protagonista, Mélanie Thierry. Ondoan, Finkiel zuzendaria.
La douleur filmeko protagonista, Mélanie Thierry. Ondoan, Finkiel zuzendaria.

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea