Sartu nire zinemaldira Deskonektatu
tve Gas Natural Fenosa movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Zinemaldiaren Egunkaria > MORTALA ETA KAPITALA
MORTALA ETA KAPITALA
EVA/EVA
Astelehena, 2017(e)ko irailaren 25
‘Zortzigarren bekatu kapitala’  deitu zioten garaiko afixa batean Jeanne Moreauk antzezten baino gorpuztu, haragitu, bere egin zuen Eva horri. Eta esaldi hark ez zioen gezurrik. Eta arro idazten dut nik Eva gizonezkoen  galera dela.  Sekulan betetzen ez diren desio guztien inpernura daramatza sinesbera zein maltzur, limurtzaile ala zigorkari konkistatu nahi duten horiek.
 
Hitz egin genezake film honi darizkion eragin guztietaz. Antonioni aipatu. Resnaisekin akordatu. Uhin  Berriko lagunei Loseyk zien  miresmenaz mintzo. Izkriba nezake pantailan agertzen den  Massacioren margoaren kopiaz. Eztabaidatu zergatik kamerak eskortzoz hartzen duen Adan eta Eva Paradisutik uxatuak lan hori justu momentu horretan; Virna Lisik Jeanne Moreau Torcielloko etxean aurkitzen  duen horretan . Torcielloko landetxean, maitatzen duen senarraren ezkontza-oparia izan zen logela ondoko bainuan. Ispilu aurrean.

 

Luze jardun genezake Loseyk behin baino gehiagotan plazaratu zituen pelikularen gaietaz, zertzeladetaz: Biblia, lotsa, hetero/homosexualitatea, ezkontzak dakarren ausiabatza,  suntsitzen ditugun objektu ederrak, blasfemia, ispiluak. Intentzio eta asmo anitzen xahutze berdindugabe balitz bezala sumatzen dugu askotan ez jainkoen ez gizakien legerik onartzen ez duen film hau, dardarazio bizian ikusten dugun 1962ko zeluloide puska.

Venezia bera azter genezake. Eva bezain lizun eta hilgarria den Venezia hori, Gianni Di Venanzo argazki zuzendariaren kamerak zerraldo zuribeltza bilakatzen duena. Miretsi beharrekoak dira  zeluloideak eta Adriatikoak sorturiko lanbroa, lurrun mendetako horiek. Belauniko erori beharko genuke hiletagondola ilunaren gainean ikusten dugun zurezko aingeru horren aurrean. Sartu beharko genituzke esku biak milurtetako ur lodiera likatsuan.

Hamaika, ehun, mila hitz solte  egin genezake film oparo horren inguruan. Erreferentzia guztiak bilatu.

Berba egin Loseyk, damu, urteak pasa eta gero aitortu zuen auto barkaberatasun beraz. Berba, mintzo, hitz. Alferrik ordea. Itzulinguruka aritu arren, beti  egingo genuke topo eta estropezu irudi berarekin. Beti erori- ko ginateke kontent bezain deabruak eramana  isla beraren aurrean: Evaren aurrean. Denontzat ezin deskribatuzkoa suertatu den Moreauren begiradaren menpean. Egun, deabru sofistikatua Pradaz janzten dela badakigu. Garai hartan gizonezkoen zein emakumezkoen bizitzak eta arimak deseustatzen zituen demonio desiragarria Pierre Cardinez jazten zen.

Mila buelta emango genioke Eve filmari. Zinez zeluloidezko mila aitzakia erabili.  Galdetuko genioke elkarri zergaitik Sight &Sound aldizkarian, itzuliezina den arren,  snob arekin zerikusia duen poshlust hitz errusiarra idatzi zuen Loseyk pasarte askotan (beti aldizkari horren usteetan) jarrera  intelektual burgoia azaltzeko edo salatzeko.

Mila zeharbide hartuko genuke ez aitortzeko aretoko iluntasunean emakumezko askori Eva izatea gustatuko litzaigukeela. Eta gizonezko makina bat prest izango zirela haren esklabu izateko. Nahiz eta denontzat  amets horiek horren perilosoak izan. Arriskua da Zinemak eskaintzen digun tranparik ederrena.

 

BEGOÑA DEL TESO

 


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea