Sartu nire zinemaldira Deskonektatu
tve Gas Natural Fenosa movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Zinemaldiaren Egunkaria > “FILMEK EZ LUKETE ELKARREN ARTEAN LEHIATU BEHAR”
“FILMEK EZ LUKETE ELKARREN ARTEAN LEHIATU BEHAR”
WILLIAM OLDROYD SAIL OFIZIALA
Ostirala, 2017(e)ko irailaren 29

William Oldroyd tipo jatorra da, etxera afaltzera eramago zenukeen horietakoa. Begietara zuzen begiratzen zaitu eta jarrera atsegina du esnatu berria eta oraindik gosaldu gabe egon arren. Europar egile klasikoen egokitzapen garaikideak taularatzen espezialista da. Izan ere, iaz bere  lehen filma Lady Macbeth ekarri zuen Sail Ofizialera, eta nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria eskuratu zuen.

Iaz Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartu zenuen, eta aurten, berriz,  beste zenbait egileren lanak epaitzera zatoz. Nola sentitzen zara eginkizun berri honekin?


Egia da, nire lehen filma ekarri nuen iaz eta aurten, aldiz, epaimahaikide gisa nator. Zorioneko  sentitzen naiz, ohore handia da niretzat. Hortik aparte, pelikula bat onena dela erabakitzea oso gauza subjektiboa da. Are gehiago, iruditzen zait arteak ez lukeela konpetitiboa izan behar.  Baina tira, Rebordinosek hots egin zidanean, ezin izan nion ezezkorik esan. Eskerrak  azkenean palmaresaren erabakia erantzukizun partekatua den.

Nolakoa izaten ari da epaimahaikideen arteko harremana eta lan-dinamika?


Arlo desberdinetako profesionalak gara, gustu eta sen onekoak esango nuke. Primeran  moldatzen gara elkarrekin, baina hori bai, lan-dinamika zurruna daukagu. Ordu batak aldera  bazkaltzen dugu eta arratsaldeko lauretan pelikula bat, zazpiretan beste bat; gero afari koxkor bat eta hamabietan berriro zinemara. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta pila bat  ikasten ari naiz beste kideengandik, masterclass trinko bat izango balitz bezala.

Epaimahaikide gisa, zer eskatzen diozu pelikula bati?

Argi daukat gustatzen zaidana: istorio on bat, ondo kontatua, antzezpen sinesgarriz ehundua;  zuzendariak eta bere lantaldeak bidaia zirraragarri batera eraman nazaten eskatzen dut. Era berean, ausardia, originaltasuna eta bere ikuspegiarekiko konfiantza eduki behar du egileak.  Filmak ez du zertan nire gustukoa izan behar, baina ondo egina eta kontatua behar du izan. Horregatik gustatzen zaizkit hainbeste zinema-jaialdiak, hauetatik kanpo ezin ikus daitezkeen lanak deskubritu daitezkeelako.

Egile klasikoen egokitzapen garaikideak burutzen berezitu zara orain arte. Ez al litzaizuke gustatuko gaurkotasun handiagoko istorioei heltzea?

Bai, jakina, oxala! Istorioak sortzen didan interesaren arabera beti ere. Argi daukat ez  dudala James Ivory bezala bukatu nahi, klasikoen egokitzapenak besterik egiten ez dituen  fama horrekin.

Zerk desberdintzen du Donostia Zinemaldia beste zinema-jaialdietatik?

Jendeak  zalantzarik gabe. Donostian ikusleak dira Zinemaldiaren ardatza. Beste jaialdietan zinema- industriako ordezkariak eta filmen salmenta da nagusi. Hemen, berriz, jende arrunta joaten da emanaldietara eta oso harreman polita dago publikoarekin. Kursaalerantz doan zubia  zeharkatzen zoazela, jendeak kasu egiten dizu, zorionak ematen dizkizu. Zentzu horretan, Torontokoaren oso antzekoa da. Giroa atsegina eta abegikorra da, eta ikusleak filmei  babesa ematen saiatzen dira.

Zer pelikula mota errodatuko zenuke Donostian? Maria Cristina hotel honetan, esaterako?
Utzidazu pixka bat pentsatzen..., listo, badakit, komedia bat egingo nuke, Emma Suárezekin. Edota The Lobster (otarraina) pelikularen bertsio bat, erdaraz, Emma eta John Malkovichekin. Kar, kar…

Malkovichek antzeztu ez ezik, jantziak ere diseina ditzake…

Bai horixe, hark edozer gauza egin dezake; fenomeno hutsa da. ‘One-man band’ bat da, gizon-orkestra. Kontua gidoi on bat idaztea litzateke, eta gero hari galdetu. Oraindik ez dut nahikoa ezagutzen bere gogokoa ote naizen jakiteko.

SERGIO BASURKO

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea