2001ean, Bissaun, entzunezko eta zinematografiako materiala zuen artxibo bat atera zen agerira. Ia-ia erabat suntsitutako metrajeak Gineako zinemagintzaren sorreraren fede ematen du, betiere Amílcar Cabral-en, 1973an eraildako iraultzaburuaren, ikuspegi deskolonizatzailearen barruan. Sana na N’Hada eta Flora Gomes ginear zinemagileekin lankidetzan, baita beste aliatu batzuekin elkarlanean ere, Filipa César zuzendariak bidaia bat irudikatzen du, non iraganeko material hauskorrak amets egiteko prisma gisa funtzionatzen baitu, haren bitartez begiratu dezagun. Berlinen digitalizatua, zuzenean erakutsia eta komentatua, materialak eztabaida, kontakizun eta iragarpenak sustatzen ditu. Hasi Ginea-Bissauko herrixka isolatuetatik eta Europako hiriburuetaraino, film mutu horiek dira jendeak, krisian dagoen mundu baterako, antidotoak bilatzeko duen heldulekua.
Filipa César (Oporto, 1975) artista eta zinemagileari mugimenduan dagoen irudiaren eta haren harreraren arteko muga lausoek pizten diote jakin-mina, baita dokumentalaren alderdi fiktizioek eta zinemagintzaren praktikak berezko dituen alderdi ekonomiko, politiko eta poetikoek ere. 2011tik Guinea-Bissauko zinemagintzaren jatorriak ikertu ditu, Luta ca acabada inda (Borroka amaitu gabe dago oraindik) talde-proiektuaren barruan. Orobat, Berlingo Arsenal – Institute for Film and Video Art eskolak antolatutako Living Archive eta Visionary Archive ikerkuntza-proiektuetan parte hartu du.