Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Donostialdeko Kutxabanken arduradun Gerardo Cangasek gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dituzte Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehiatuko diren europar, asiar eta latinoamerikar zinemagileen hamahiru lehen edo bigarren filmen izenak.
Zinemagile berriak –hots, zinema pentsatu eta egiteko molde berriak– ezagutzera eman nahi ditu New Directors sailak. Aurten nork bere buruarekin zein familiarekin izaten dituen gatazkak jorratuko ditu, Errusiako urrutiko baserri batean, XIX. mendeko Vietnamen, 90eko hamarkada hasierako Jugoslavian nahiz Suitza garaikidean. Izan ere, besteak beste jokaleku horietara bidaiatu dute aurten aukeratutako hamahiru zinemagileak. Edizio honetan, sortzi opera prima eta bost bigarren film ditugu.
Koldo Almandozek (Donostia, 1973) ibilbide luzea egin du film laburraren munduan, Kimuak programarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lotuta. Hain zuzen ere, 1997an Zabaltegin programatu zuten haren lehen film laburra, Razielen itzulera, eta bi hamarkadaren ondoren sail horretantxe aurkeztu zuen Sipo Phantasma ere, Rotterdamen estreinatu eta gero. Oreina bigarren film luzea du.
Mapa filmari esker Goya sarirako izendatua izan zen Elías León Siminiani (Santander, Espainia, 1971), eta Apuntes para una película de atracos aurkeztera datorkigu orain. Bestalde, Nataliia Meshchaninova (Krasnodar, Errusia, 1982) Rotterdamen lehiatu zen Kombinat ‘Nadezhda’ / The Hope Factory izeneko lehen film luzearekin; Serdtse Mira / Core of the World obran, landetxe bateko albaitaria hartu du ardatz. Eta Ama Doren / Hold my hand lanaren ondoren, Balkanetako gerrara itzuli da Ismet Sijarina Nëntor i ftohtë / Cold November filmean. Oraingoan aurrekarietara joan da, Kosovoren autonomia desegin zeneko garaira.
Hadrian Marcu (Brăila, Errumania, 1976) zuzendariak Un om la locul lui / A Decent Man aurkeztuko du, amodio-dilema batean ezbaian dagoen gizon bati buruzko filma. Iaz, hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako ekoizpenei zuzendutako Glocal in Progress ekimenaren lehen edizioan aukeratua izan zen. Bodgan Dumitrache da protagonista; hau da, iazko gizonezko aktore onenaren zilarrezko maskorraren irabazlea, Pororoca filmean egindako lanarengatik.
Horrez gain, aukeran sartu dira Para la guerra, Francisco Marise (La Plata, Argentina, 1985) zuzendariaren lehen lana, Javier Rebollo zinemagileak ekoitzitakoa (muntaketan ere parte hartu du), eta Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus, Hiroshi Okuyama (Japonia, 1996) musika-bideoen egile saridunaren lehen filma.
Ines María Barrionuevoren (Córdoba, Argentina, 1980) film laburra, La quietud (2012), Locarnoko sail ofizialaren lehian izan zen; haren lehen film luzea, Atlántida (2014), Berlinalerako aukeratu zuten Generation 14plus sailean. Julia y el zorro filmean, emakume baten eta haren 12 urteko alabaren dolua jorratzen du. Antzerkiaren esparruan lan egin eta nazioarteko zinema-jaialdietan film laburrak aurkeztu eta gero, Lila Avilés (Mexiko, 1982) zuzendari, ekoizle eta aktoreak gela-zerbitzarien egunerokotasuna xehatu du La camarista izeneko bere lehen film luzean.
Film laburren alorrean egindako ibilbidean zenbait sari bildu eta gero (besteak beste, Teneriffa ekoizpenari esker), lapurtzen eta bizitza ezkutua eramaten hasiko den atleta baten benetako istorioa hartu du oinarri Hannes Baumgartner-ek (Männedorf, Suitza, 1983) bere lehenengo filma, Der läufer / Midnight Runner, egiteko.
Snow, Laurits Flensted-Jensen (Aarhus, Danimarka, 1985) zuzendariaren graduazio-filma, Rotterdamen aukeratua izan zen eta film labur dokumental onenaren saria jaso zuen Danimarkako Akademiarengandik. Haren fikzio-film laburra, Melon Rainbow, berriz ere programatu zuten Herbeheretako zinema-jaialdian eta sari nagusia irabazi zuen Odensen. Neon Heart lehen film luzea du.
Cannes Short Film Corner-ean parte hartu eta gero, Grasshopper lanarekin, Ash Mayfair (Ho Chi Minh, 1985) vietnamdar zuzendariak film luzearen alorrean egin duen lehenengo lana aurkeztuko du Donostian: The Third Wife. 2014an, Spike Lee Film Production Fund sariaren irabazle gisa aukeratu zuen Spike Leek filmaren gidoia.
Celia Rico Clavellinoren (Sevilla, 1982) Luisa no está en casa film laburra Cannes Short Film Corner-erako eta Veneziarako aukeran sartu zen eta film labur onenaren Gaudí saria lortu zuen. Viaje al cuarto de una madre lehen film luzea du; gidoiak Berlinale Talents plataformaren Script Station Lab-ean parte hartu zuen, eta Lola Dueñas eta Anna Castillo ditu protagonista.
Datozen asteetan jakinaraziko ditugu New Directors saila osatuko duten gainerako filmen izenak. Sail hau Zinemaldiak talentu zinematografiko berrien alde egiten duen apustuaren parte da; haien filmak ikusgai jartzeko plataforma bat da. Kutxabank-New Directors saria irabazi duten azken hiru filmak Espainian estreinatu dira: Le nouveau /The New Kid (2015), Park (2016) eta Le semeur / The Sower (2017).
Kutxabank-New Directors saria nazioarteko epaimahai batek ematen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte. Kutxabankek New Directors sailari ematen dion babesa finantza-erakundeak Donostia Zinemaldiari kolaboratzaile ofizial gisa beste urte batez ematen dion babes zabalago baten parte da.
Sail honetako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
Elías zinema-zuzendariaren ametsa lapurreta-film bat egitea zen. 2013ko udan albiste bat irakurriko du "Vallecaseko Robin Hood"-en, "estolderiako banda"-ren buruzagiaren, atxiloketari buruz. Orduan, bere ametsa gauzatzeko aukera aurkitu duela sentituko du. Eskutitz bat bidaliko du Robin Hood zigorra betetzen ari den espetxera. Itxura guztien kontra, handik hiru astetara erantzuna jasoko du Elíasek. Robin Hoodek onartu egin du berari bisitan espetxera joatea.
Yura mutil gaztearen familiak Tokio utziko du landazabal elurtsuan amonarekin bizitzera joateko. Eskola berrian moldatzen ikasi beharko du, eta kristau-ikastetxea da gainera. Hasieran harrituta geratuko da bera eta bere ikaskideak otoi egitera deitzen dituztenean, baina pixkanaka-pixkanaka ingurune berrira egokituko da. Egun batean, otoi egiten ari dela, aurrean Jesus txikitxo bat agertzen zaiola ikusiko du. Yurak Jesusi eskatzen dion nahi bakoitza egia bihurtuko da, eta Jainkoaren boterean sinesten hasiko da.
Jonas Widmer Suitzako korrikalari onenetako bat da eta Olinpiar Jokoetan parte hartzean du jarrita arreta. Kirolaz gain, sukaldari arrakastatsua da Jonas eta bere neska-lagun Simonerekin bizitzera joateko asmotan da. Baina Jonasen bizitza perfektua hankaz gora jarriko dute haren anaia zenaren oroitzapen gero eta ugariagoek. Ezkutuko bizitza tragikoari ekingo dio, gauez emakume gazteei lapurreta eginez. Benetako historia batean oinarritua.
Julia aktore ohia eta haren alaba, Emma, Córdobako (Argentina) herri bateko etxetzar batera joan dira bizitzera. Negua da eta Juliak etxea txukundu behar du, saltzeko. Denbora igaro da haren senarra, Emmaren aita, hil zenetik, baina oraindik dolua bizi dute. Egunak ilun igaro dira. Tristurak Julia isildu du eta alabarekin hotz dago. Egun batean, bere betiko lagun Gasparrekin topo egingo du Juliak. Gasparrek antzerki-lehiaketa batean parte hartzeko konbentzitu nahi du Julia. Juliak, Emmak eta Gasparrek beren bizitzak berreraikitzeko modua aurkituko dute, familia mota berri baten proiektu zalantzaz betea hasirik.
Eve gela-zerbitzari gazteak Mexiko Hiriko luxu handiko hotel batean lan egiten du. Beirazko dorre esklusibo horretan dirudunek hartzen dute ostatu, eta hain dira aberatsak, Evek atzean uzten dituzten ondasunei buruzko fantasia intimoen bidez soilik irudika dezakeela haien bizitza. Txanda luze eta nekezak tarteko, Evek ezin du bere haurra zaindu; aldiz, hoteleko ostatu-hartzaileei euren seme-alabekin lagundu behar die. Dena dela, ziur da bere egoerak hobera egingo duela mailaz igo eta exekutiboen suiteetan lan egitera bidaltzen badute, eta horregatik onartzen ditu lan-ordu nekagarriak. Helburu hori lortu nahian, hoteleko helduentzako hezkuntza-programan izena emango du...
90eko hamarkadaren hasieran, Jugoslaviako gobernuak Kosovoren autonomia bertan behera utzi, haren Parlamentua desegin, eta nazioko telebista itxi zuen. Agintari berriek erakundeko bizitza osoa berrantolatu zuten; bitartean, herritar gehienek manifestazio baketsuak eginez erantzun zuten. Zorigaiztoko garai hartan, Fadili artxibozainak bi aukeraren artean hautatu behar du, ongi jakinik biak ala biak direla bidegabeak. Horiek horrela, nahi gabe eta gogoz kontra, lotsa "irentsi" eta alde guztietatik datorkion presioa eta ospe txarra jasango ditu, arrazoi bakar bategatik: bere familiaren ongizatea.
Neon Heart bizitzaren eta elkarren atzetik dabiltzan hiru pertsonaren istorioa da. Laura Danimarkako etxera itzuliko da Estatu Batuetako pornoaren munduan aldi batez lan egin eta gero. Oraindik haren bideoak daude Interneten, baina bizitza normala berreraikitzen saiatuko da. Niklas, Lauraren mutil-lagun ohia, sendatzen ari den adiktu bat da, eta bere lan berrian aurkituko du bizitzaren zentzua, Down sindromea duten bi gizon zainduz. Biekiko enpatia berria garatu ahala, bere lanpostuko arau zurrunak betetzeari utziko dio eta egoera labainean jarriko du horrek. Frederik, Niklasen anaia nerabea, hooligan gisa errespetua lortu nahian dabil; lagunek egoera zailetan sartzeko presionatzen dute, eta gizonezko harrokeriaren exijentziei aurre egin beharko die. Iraganeko eta oraingo momentuen bidez, tabuz eta desioz betetako bidaian zehar jarraituko diegu Laura, Niklas eta Frederiki, loturak eratzen eta hausten diren bitartean.
Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.
Para la guerra filmak kubatar soldadu internazionalista baten oroitzapenak eta bakardadea aztertzen ditu, haren gorputzari eta haren (ez)ohiko keinuei behatuz. Para la Guerra tirorik gabeko gerra-filma da baina zauri bat duena: indar berezietako beterano horrena. Duela 30 urte egindako misiotik bizirik atera ziren komandoko kideen bila ari da.
Egorrek 25 urte ditu eta albaitari dabil landetxe batean, non ehiza-txakurrak entrenatzen dituzten hezitako azeriak erabiliz. Heldua izan arren, bere baitan oraindik zauritua izan den haur bat da eta errazagoa egiten zaio animaliekin harremanak izatea gizakiekin baino. Iraganean amarekin harreman bortitza izan eta gero, kontrolpean duen ingurune bat behar du etsi-etsian eta animaliak zaintzea eta landetxearen jabe den familia batuaren kide sentitzea, ez du besterik nahi. Animalien eskubideen aldeko aktibista batzuek mikrokosmos hauskor hori inbaditzen dutenean eta oreka labain hori galarazi, Egorren mundua lur jotzen hasiko da…
XIX. mendeko Vietnam landatarrean, Hung lur-jabe aberatsaren hirugarren emazte bihurtuko da 14 urteko May gaztea. Laster jabetuko da era bakarra duela mailaz igotzeko: hain zuzen, seme batez erditzeko gai den emakume gisa berretsi behar du bere burua. Mayk bere maila hobetzeko dituen itxaropenak aukera erreal eta tentagarri bihurtuko dira haurdun geratzen denean. Amodio debekatuari eta haren ondorio suntsigarriei aurre egin beharrean, egia basatiaz konturatuko da May azkenean: aukera urriak eta mugatuak ditu eskura.
Petru petrolio-industriako langileen komunitate batean bizi den zulatze-ingeniari bat da. Petruk sentimendu kontrajarriak ditu. Alde batetik, bere neska-lagun Laurarekin ezkontzear dago, eta haurdun da hura; bestaldetik, laneko istripu larria izan duen eta lankide baten emaztea den emakume batekin, Soniarekin, nahastuta dago. Petruren bizia hastear dagoela dirudi; aldiz, Soniak berea amaitzen ari dela sentitzen du. Laurak Petru eta Soniaren arteko harremanaren berri jasotzen duenean, guztia korapilatuko da. Petru errudun sentitzen da, baina baita datorren haurtxoaren erantzule ere. Glocal in Progressen lehenengo edizioan parte hartu zuen.
Leonorrek etxetik joan nahi du, baina ez da ausartzen amari esaten. Estrellak ez du hura etxetik joaterik nahi, baina ez da gai hura alboan mantentzeko. Bai amak bai alabak aurre egin beharko diote elkarrekiko mundua kolokan duen bizitza-aro berriari.