Hamar film berri gehitu dira Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian. Perlak saileko aukerak Jacques Audiard, Damien Chazelle, Alfonso Cuarón, Lukas Dhont, Ciro Guerra eta Cristina Gallego, Mamoru Hosoda, Nadine Labaki, Spike Lee eta Jia Zhangke zuzendarien lanak hartuko ditu barnean. Gainera, Bradley Cooperrek zuzendutako lehen filmak lehiaketaz kanpo parte hartuko du.
Jacques Audiardek (Paris, 1962) Veneziako zinema-jaialdian estreinatuko den The Sisters Brothers filma aurkeztuko du. Aurrez, Un prophète / A Prophet (2009) aurkeztu zuen Donostian, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatutako lana. The Sisters Brothers westerna Patrick deWitt idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta eta Jake Gyllenhaal, Joaquin Phoenix eta John C. Reilly ditu protagonista. Azken horrek, gainera, ekoizpenean ere parte hartu du.
Bere film berrian, First Man izenekoan, berriz ere Ryan Gosling izango du zuzendaritzapean Damien Chazellek (Providence, Estatu Batuak, 1985), iazko zuzendari onenaren Oscar sariaren irabazleak. Aktoreak Neil Armstrong hezurmamituko du; hau da, Ilargia zapaldu zuen lehenengo astronauta. Claire Foy (The Crown) antzezleak ere parte hartu du La La Land filmaren sortzailearen film honetan, zeinak hasiera emango baitio Veneziako zinema-jaialdiari.
Alfonso Cuarón (Mexiko Hiria, 1968) Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen bere bigarren lanarekin, A Little Princess (1995) izenekoarekin. Orduz geroztik, zuzendari onenaren Oscar bat irabazi du Gravity filmarengatik, eta nazioartean arrakasta handia lortu dute Y tu mamá también eta Children of men lanek. Roma filmaren bidez, 70eko hamarkadaren hasieran Mexiko Hiriko erdiko klaseen auzo batean lan egiten duen etxeko langile baten bizitza irudikatu du. Venezian estreinatuko da.
Amodio istorio tragikoaren bertsio berri honetan, A Star is Born, Bradley Cooperrek (Philadelphia, Estatu Batuak, 1975) zuzendu duen lehen filma aurkeztuko du. Cooperrek berak musikari eskarmentudun bat antzeztuko du. Estualdian dagoen artista bat, Lady Gagak jokatua, ezagutuko du, eta harekin maiteminduko da. Neskak oraindik orain alboratu ditu abeslari arrakastatsu bihurtzeko ametsak Jack ezagutu arte, honek bere berezko talentua sumatzen baitu bat-batean. Barne-barneko istorio honek bizirauteko borrokatzen ari den harremanaren erronken eta edertasunean zehar egindako bidaiara eramaten du ikuslea. Venezian egon ondoren, lehiaketaz kanpo parte hartuko du Donostian.
Lukas Dhontek (Belgika, 1991) ere bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian. Girl du izena, eta lehenengo lan onenaren Urrezko Kamera eta Un Certain Regard saileko Fipresci saria eskuratu zituen Cannesen. Dhontek mutiko jaio arren emakume dantzari izateko ametsa duen neskato baten istorioa kontatuko digu.
Ciro Guerrak (Río de Oro, Colombia, 1981) bere aurreko filmen ekoizlearekin elkarlanean, Cristina Gallegorekin (Bogotá, 1978), zuzendu du Pájaros de verano. Guerrak Zinema Eraikitzen sailean ekin zion bere ibilbideari: haren lehenengo lana, La sombra del caminante, saridun izan zen 2003an. Haren hirugarren filma, El abrazo de la serpiente, Horizontes Latinosen proiektatu zuten eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Pájaros de verano filmean, Canneseko Errelizadoreen Hamabostaldian estreinatua, benetako istorio baten bitartez azalduko digu Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria.
Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen lehenengo animazio-filma Bakemono no ko / The Boy and the Beast (2015) izan zen, Mamoro Hosoda (Nakaniikawa, Japonia, 1967) zuzendariarena. Toki wo kakeru shojo (2006) eta Okami Kodomo no Ame to Yuki (2012) lanen egileak Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatutako film bat aurkeztuko du orain Donostian: Mirai.
Nadine Labakik (Beirut, 1974) Donostian izan dituen parte-hartzeak saritan zenbatzen dira. 2007an, Publikoaren eta Gazteriaren sariak jaso zituen hark zuzendutako lehenengo lanak, Sukkar banat / Caramel izenekoak; 2011n, ikusleek Europako film onena izendatu zuten haren bigarren filma: Et maintenant on va où / Where Do We Go Now?. Capharnaüm filmak Epaimahaiaren Saria eraman zuen Cannesen. Donostian Perlak sailari amaiera emango dio eta Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagaietako bat izango da berriro.
Spike Leeren (Atlanta, Estatu Batuak, 1957) filmak atzera begiko batzuen barruan programatu dira: adibidez, .doc Ez-fikzioaren bide berriak zikloan When the Levees Broke: A Requiem in Four Acts sartu zen,eta The American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zinema beltza atzera begirakoak barnean hartu zuen Summer of Sam. Horrez gain, Ten Minutes Older.The Trumpet talde-filma Zabaltegiko Bereziak sailerako aukeratu zuten. Hala ere, aurten lehenengo aldiz izango du bere film bat Donostian saria lortzeko lehian. Malcolm X filmaren egilea, ohorezko Oscar eta Cesar sarien irabazlea, Publikoaren Saria lortzeko hautagai izango da BlacKkKlansman komedia dramatikoaren bidez. Ku Klux Klanen infiltratzen den polizia afroamerikar bati buruzko lan horrek Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Cannesen eta Publikoaren saria Locarnon.
Aldiz, Jia Zhangke (Fenyang, Txina, 1970) maiz izan da Zinemaldian azken urteotan. 2013an Cannesen gidoi onenaren saria irabazi zuen Tian zhu ding / A Touch of Sin (2013) lanarekin, eta Perlak sailean proiektatu zen. 2015ean, sail horretarako aukeratu zuten Shan he gur ren (Mountains May Depart) filma ere, Europako ekoizpen onenaren Publikoaren saria jaso zuena. The Hedonists film laburra Zabaltegi-Tabakaleran proiektatu zen, 2016an, eta urte hartan bertan Urrezko Maskorra Xiaogang Feng-en Wo bu shi pan jinlian / I Am Not Madame Bovary filmari eman zion epaimahaiko kideetako bat izan zen, Billie Augusten burutzapean. Orain, berriz ere ikusleen saria lortzen saiatuko da Canneseko lehiaketa ofizialerako aukeratutako Ash is Purest White filmarekin. Lan horretan, bere herrialdean gertatzen ari diren aldaketak deskribatzen ditu, amodio-istorio bortitz baten bitartez.
Film horiei Perlak sailean jadanik jakitera emandakoak gehitu behar zaizkie: El ángel (Luis Ortega), Petra (Jaime Rosales), Leto / Summer (Kirill Serebrennikov), Zimna wojna / Cold War (Pawel Pawlikowski), Un día más con vida / Another Day of Life (Raúl de la Fuente eta Damian Nenow), Netemo Sametemo / Asako I & II (Ryusuke Hamaguchi) eta 3 Rokh / Three Faces (Jafar Panahi).
Maitasun-istorio ikonikoaren bertsio berri honetan, Bradley Cooperek bere zuzendari-debuta egin eta Jackson Maine hezurmamituko du. Jacksonek Ally –Lady Gagak interpretatutako pertsonaia– aurkituko du, arazo larrietan dagoen artista bat, eta hartaz maiteminduko da. Allyk abeslari arrakastatsu bihurtzeko ametsa baztertu egin du, baina Jack ezagutzen duenean, hark berehala ikusiko du Allyren talentua. Intimitatez beteriko istorio honek bidaia batean eramango gaitu edertasunean barrera eta bizirauteko borrokan dagoen harreman baten erronketan zehar.
Qiao bertako mafioso Binekin maiteminduta dago. Etsai taldeen arteko borroka batean, pistola batekin tiro egingo du hura babesteko. Qiaori bost urteko espetxe-zigorra jarriko diote leialtasun-ekintza horrengatik. Espetxetik atera eta gero, Binen bila joango da, harremana utzitako lekuan berriz hasteko asmoz. Maitasun, traizio eta leialtasun istorio bat Txinako bazter auzoetan.
Spike Leek zuzendu du istorio hau, 70ko hamarkadan arrazista erradikalaren plantak egin zituen lankide baten laguntzaz Ku Klux Klanen kupulan infiltratzea lortu zuen lehenengo polizia afroamerikarrari buruzkoa.
Nazioarteko auzitegia
Zainek, 12 urteko mutilak, epailearen aurrean hitz egin behar du.
Epailea: Zergatik salatu dituzu zure gurasoak?
Zain: Bizia eman zidatelako.
Gaurdaino gizadiaren misio arriskutsuena izandakoaren istorioa kontatzen du filmak. Nola ilargiratu zuen NASAk Neil Armstrong, eta zer sakrifizio eta prezio ordaindu behar izan zuten hainbatek.
Larak 15 urte ditu eta dantzari bihurtzea da haren ametsa. Aitaren babesarekin, bete-betean murgilduko da ahalegin amaiezin horretan. Baina haren gorputzak ez dio erraz men egingo ezarritako diziplinari; izan ere, jaio zenean mutikoa zen berez.
Kun lau urteko haur mainatua da, lainezaz betea. Haren arreba Mirai jaiotzen denean, gurasoek kasu egiteari utziko diote eta aurrez inoiz bizi gabeko egoerak biziko ditu etxean. Baina, orduan, denboran zehar bidaiatuko du haren arreba nerabeak, Kunekin batera aparteko abentura bizitzeko, imajina daitekeenaz harago.
Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria azaltzen duen egiazko istorio batean oinarritutako film hau 70eko hamarkadan dago girotuta; hau da, Estatu Batuetako gazteriak hippie kultura eta, horrekin batera, marihuana besarkatu zituen garaian. Ondorioz, abiadura bizian 'enpresari' bihurtu ziren bertako nekazariak. Guajirako basamortuan, Wayuu familia indigenak bere gain hartu beharko du enpresa berriaren buruzagitza. Aberastasunarekin eta boterearekin gerra uztartuko da: haien familia, bizitzak eta antzinako tradizioak arrisku larrian jarriko dituen anaiarteko guda.
ROMA Alfonso Cuarón (Gravity, Hijos de los hombres, Y tu mamá también) zuzendari eta gidoilari Oscar saridunak orain arte egindako proiektu pertsonalena da, eta Cleo gazteari buruz hitz egingo digu. Cleo etxeko langile dabil Roman, Mexiko Hiriko erdiko klaseko auzo batean. Berau hezi duten emakumeentzako amodio-gutun bikain honetan, bere haurtzaroko zatiak berreskuratuko ditu Cuarónek, etxeko gatazken eta gizarte-hierarkiaren erretratu emotibo eta benetakoa egiteko, 70eko hamarkadako egoera politiko gorabeheratsuaren esparruan.
Charlie eta Eli Sisters aurkako mundu basati batean bizi dira. Odolez zikinak dituzte eskuak: hala kriminalen nola inozenteen odolez. Ez dute inor hiltzeko kezkarik. Haien lana da. Charlie, anaia gaztea, hiltzeko jaio zen. Elik, ordea, bizitza normala eramatearekin egiten du amets. Komodoroak gizon bat aurkitu eta akabatzeko kontratatuko ditu. Oregonetik Kaliforniara, ehiza errukigabea hasiko da, bi anaien arteko eromenezko lotura proban jarriko duen iniziazio-bidaia bat… gizatasunera eramango dituen bide bat?