tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Belodromoan lan hauek aurkeztuko dira: 'Arde Madrid'; 'Dilili à Paris'; 'Ni distintos ni diferentes: campeones', eta 'Smallfoot'
Belodromoan lan hauek aurkeztuko dira: 'Arde Madrid'; 'Dilili à Paris'; 'Ni distintos ni diferentes: campeones', eta 'Smallfoot'
Ostirala, 2018(e)ko abuztuaren 3

Antonio Elorza belodromoan, 3.000 pertsona baino gehiagorentzako zinema-aretoan, lan hauek aurkeztuko dira: Arde Madrid Paco León-ek eta Anna R. Costak sortutako telesaila, osorik; Dilili à Paris / Dilili in Paris (lan honekin Michel Ocelot bueltan dugu, Kiriku pertsonaia sortu zuenetik 20 urteren ondoren); bi emanaldiko saio bat (Campeones, Javier Fesser zinemagilearena eta urteko film espainiar arrakastatsuena, eta Ni distintos ni diferentes: campeones, filmari buruzko dokumentala), eta Smallfoot animaziozkoa, Karey Kirkpatrick-ek zuzendua, non yetiaren mitoa guztiz aldatuta aurkezten digun.

Arde Madrid telesaila 1961eko benetako gertaera batean oinarrituta dago, hain zuzen, Ava Gardner Madrilen Juan Domingo Perónen goiko solairuko bizilaguna izan zenekoan. Hauek dira protagonistak: Paco León (zuzendaria ere bada), Inma Cuesta, Debi Mazar, Anna Castillo eta Julián Villagrán. Istorioa, Estatu Batuetako aktorearen etxeko langileen ikuspuntutik kontatua, komediaren eta thrillerraren artean mugitzen da.

Michel Ocelotek (Villefranche-sur-Mer, Frantzia, 1943) Dilili à Paris lana aurkeztuko du Donostian; istorio horretan, Kaledonia Berritik etorritako neskato batek Parisen, belle époque garaian, gertatzen ari diren neska gazteen bahiketak ikertuko ditu. Ocelotek Kirikou et la sorcière (Kiriku eta sorgina, 1998) arrakastatsua egin zuenetik hogei urte igaro dira; lan horrekin film luze onenaren saria irabazi zuen Annecyko Festibalean, eta arrakasta hark balio izan zuen Frantziako eta Europako animaziozko filmen industria ezagutzera emateko. Gero, Kirikou et les bêtes sauvages (Kiriku eta baspiztiak) (2005) eta Kirikou et les hommes et les femmes (2012) heldu ziren.

Belodromoan, halaber, bi saioko emanaldi bat izango dugu: Campeones, Javier Fesserzinemagilearen lana eta Espainiako urteko filmik arrakastatsuena, eta Ni distintos ni diferentes: campeones, Fesserren filmari berari buruzko dokumentala, Álvaro Longoriak zuzendua eta ekoitzia, eta filmeko benetako pertsonaiek protagonizatua.

Azkenik, Smallfoot animaziozko filma izango dugu, adin guztietako publikoari zuzendutako filma, jatorrizko musika duena eta izen handiko aktoreekin. Smallfoot lanean, yetiaren mitoa alderantzikatu egiten da: yeti gazte eta azkar batek, berak halakorik ez zegoela uste zuen, zerbaitekin topo egingo du, gizaki batekin, hain zuzen ere. Filma Karey Kirkpatrickek zuzendu du (Over the Hedge), Kirkpatrick eta Clare Serak idatzitako gidoiarekin, John Requak, Glenn Ficarrak eta zuzendariak asmatutako istoriarekin eta Yeti Tracks Sergio Pablosen liburuan oinarrituta dago. Gogoan izan behar da Pablosena izan zela Despicable Me filmaren (Belodromoa 2010) jatorrizko ideia. Smallfoot Bonne Radfordek, Ficarrak eta Requak ekoitzia izan da eta filmaren jatorrizko bertsioan, honako hauek jarri diete ahotsa protagonistei: Channing Tatum, James Corden, Zendaya, Common, LeBron James, Danny DeVito, Gina Rodriguez, Yara Shahidi, Ely Henry eta Jimmy Tatro.

 

© María Heras/ Movistar+
ARDE MADRID
Paco León, Anna R.Costa  (Espainia)
Antzezleak: Inma Cuesta, Paco León, Debi Mazar, Anna Castillo, Julián Villagrán, Ken Appledorn, Ósmar Núñez, Fabiana García Lago, Moreno Borja, Miren Ibarguren

Madril, 1961. Ana Mari neskazaharra, herrena, frankista eta Sección Femeninako irakaslea da. Francoren aginduz, Ava Gardnerren etxera zerbitzatzera joateko mandatua jasotzen du, hura espiatzeko helburuarekin. Horretarako, Manolorekin ezkonduta dagoelako itxurak egin behar ditu; Manolo aktore amerikarraren txofer bihurtuko den bizinahi bat dugu. Movistar+eko telesail osoaren estreinaldia.


 

DILILI À PARIS / DILILI IN PARIS
Michel Ocelot  (Frantzia)

Dililik, Kaledonia Berriko neskatoak, bere lagun banatzailearen laguntza du Parisen, Belle Époque garaian, gertatzen ari diren neska gazteen bahiketa misteriotsuak argitzeko. Bere ikerketa-lanetan ohiz kanpoko zenbait pertsonaia aurkituko ditu eta argibide batzuk emango dizkiote.

 

SAIO BIKOITZA: "NI DISTINTOS, NI DIFERENTES: CAMPEONES" + "CAMPEONES"

NI DISTINTOS NI DIFERENTES: CAMPEONES
Álvaro Longoria  (Espainia)

Dokumental honek Campeones filmeko protagonisten benetako istorioak kontatzen ditu. Bidaia emozionala, guztiok gure bizitzan dugun errealitate ezezagun batera; hau da, eurak kontuan hartzen ez dituen mundu batean bizi diren eta irakasteko asko duten pertsona batzuena.


CAMPEONES
Javier Fesser  (Espainia)
Antzezleak: Javier Gutiérrez, Athenea Mata, Juan Margallo, Luisa Gavassa, Daniel Freire, Jesús Vidal, Sergio Olmo, Julio Fernández, Jesús Lago, José de Luna, Fran Fuentes, Gloria Ramos, Alberto Nieto Fernández, Roberto Chinchilla, Stefan López

Marco saskibaloi profesionaleko talde bateko bigarren entrenatzailea da. Epai judizial baten ondoren, saskibaloi-talde berezi bat entrenatu beharko du: desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatutako talde bat. Marcorentzat berarentzat ere harrigarria gertatuko da abentura horretan bera izatea ikastuna: talde horretan bizitzeko gogoa da nagusi eta benetan garrantzia duten gauzak hartzen dira kontuan.


 

SMALLFOOT
Karey Kirkpatrick  (AEB)

Smallfoot lanean, yetiaren mitoa alderantzikatu egiten da: yeti gazte eta azkar batek halakorik ez zegoela uste zuen zerbaitekin topo egingo du, gizaki batekin, hain zuzen. "Gizaki" horren berri izateak yetien komunitate xumea aztoratuko du: zenbat gauza gehiago existituko dira herrixka elurtutik hara?

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea