Nest Film Students zinema-ikasleen nazioarteko topaketaren 17. edizioa irailaren 24tik 28ra arte egingo da, 66. Donostia Zinemaldiaren esparruan. Guztira 305 lan aurkeztu dituzte 41 herrialdetako 139 eskolek, eta hamalau film labur aukeratu dira haien artetik: Alemania, Belgika, Brasil, Txile, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Israel, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errusia eta Suitzakoak. Zifra horiek esan nahi dute urtebetean %48 hazi dela jasotako film laburren kopurua, eta %26 handitu dela parte hartu duten eskolen kopurua.
Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin batera antolatzen da topaketa, eta mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutzera ematea du helburu, haiek osatuko baitute hurrengo zinemagile-belaunaldia. Bost egunez, euren filmak aurkeztera Donostiara etorri diren profesional zinematografiko nabarmenen bisita jasoko dugu: Alexander Payne estatubatuar zinemagileak, Epaimahai Ofizialeko presidenteak, astelehen goizean (irailak 24) irakatsiko du eskola magistrala; Peter Stricklandek, Sail Ofizialean lehiatzeaz gain, Nest topaketan aukeratutako zuzendariekin hitz egingo du asteartean, In Fabric filmaren emanaldiaren ondoren (15:00etan); Sophia Antipolis (Zabaltegi-Tabakalera) ikusi eta gero, asteazkenean, irailak 26 (15:00etan), Virgil Vernierrekin solasaldia egingo da; Jaime Rosalesek Petra-ri (Perlak) buruz eztabaidatuko du ikasleekin, ostegunean 15:00etan; eta, azkenik, Albertina Carri argentinar zinemagileak, zeinak Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko baitu, ikasleekin hitz egingo du Las hijas del fuego filmaren emanaldiaren ondoren (11:00etan).
Bai aukeratutako film laburren emanaldiak bai eskola magistralak Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira. Alexander Payneren eskola magistrala eta gainerako saioak –emanaldia eta zuzendariarekin solasaldia– erreserbatuta daude: ikasleentzat, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleentzat, ikusle kopuru mugatu batentzat (Tabakalerako web-orrian eman daiteke izena), eta Zinemaldiaren akreditatuentzat (gonbidapenen bidez sar daitezke). Film laburren emanaldietarako sarrera-txartelak Donostia Zinemaldiaren ohiko salmenta-kanalen bitartez eros daitezke.
Orona Fundazioak aukeratutako ikasleez osatutako epaimahai batek, irakasle bat buruan, 5.000 euroko Orona saria emango du.
Gainera, parte hartzen duten eskoletako ikasleez osatutako epaimahai espezifiko batek, Vernier buruan, Panavision saria zein zuzendarik eramango duen erabakiko du; irabazleari RED Epic kamera batez eta Primo lente estandarrez osatutako ekipamendu osoa lagako zaio lau astez filmatzeko, edo 10.000 euroko kreditua emango Panavisionen edozein material alokatzeko.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera – Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak elkarrekin antolatzen dute Nest Film Students, eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatuaren parte da.
Naturaz gaindiko izakiak egunerokoaren parte diren herrixka batean, bi pisukidek arazo errepikari bati aurre egin behar diote: haien etxeko espiritua izaki ezezagun batek irentsi zuen gauetik goizera. Haren ordezko espiritu baten eta haien izurrite-arazorako konponbide baten bila aterako dira biak.
Lagun-talde bat urtero doa leku urrun eta isolatu batera elkarren adiskidetasuna ospatzera. Orain, 36. aldiz iritsiko dira bertara, baina aurtengo urtea bestelakoa izango da. Stañak minbiziaren aurkako borroka galdu zuen eta lehenengo aldiz bost lagun besterik ez dira izango. Udaberrian, loretan den naturaren erdian, euren eskuz arkume bat hil eta Stañaren oroitzapenez edango dute.
Lurraren bazterrean, bertan behera utzitako lurretan, hitz egiten duten hizkuntza ahantzia balitz bezala bizi da jendea. Helbururik gabe bizi dira, eta errutinazko bizitzak dituzte, ageriko maitasun- eta sinpatia-adierazpenik gabeak. Emakume batek gonbit egingo dio gizonari; gizonak onartu egingo du emakumea. Inork ikusten ez duen txori baten oihu urduriek haien mundua astintzen dute; bitartean, ardi-lapur bat agertuko da bertan behera utzitako etxean.
El Manguito Sierra Maestrako baso urrunetan dagoen herrixka txiki bat da, Kuban. Hamabi pertsona bizi dira han, kanpoko mundutik isolatuta, argindarrik gabe eta gidatzeko errepiderik gabe: Idael, familia-burua; haren emaztea, Nelcis; eta haien seme-alabak, lagunak eta anaia-arrebak. Filmak familiaren eguneroko bizitza erakutsiko digu. Mundu ezezagun batean sartuko ditu ikusleak, eta agerian utziko du Kuban zenbateraino dagoen finkatuta sistema sozialista oraindik ere.
Etxe batean ezkutatuta, hiritik urrun, Alonso bere arreba maitearekin dago, Danielarekin. El León profetaren zazpigarren emazte bihurtuko dela espero du neskak, eta (diotenez) profeta ukitzeak elektrokutatu egiten zaitu. Etzaulki eta xuxurlen artean, elkarrekin ematen duten azken uda izan daiteke hau.
Emilien, Vercorseko herrixka batean bizi den piano-irakasle hipokondriako bat, dolu-aldi gogorra ari da bizitzen: duela sei hilabete, istripu batean hil zen haren maitea. Bat-batean, hildako neska-lagun kutunaren bisitak jasotzen hasiko da, ustekabean, eta bere eguneroko bizitza guztiz ordenatua korapilatuko du horrek.
Luiz Roberto Galizia garrantzitsua izan zen 70eko eta 80eko hamarkadetako antzerkigintzan. Nire osaba zen, halaber, baina nik ez nuen inoiz ezagutu. Dokumental honek bizitakoa berreskuratu nahi du, osaba Luizek bildutako eta nik hura hil eta 30 urtera aurkitutako argazki eta super 8 filmen artxiboan oinarrituta.
Asunak landare erremingarriak dira. Sei kapitulutan zehar, emakume eta neska batzuen bizitzetako une erremingarriak aztertzen ditu film labur honek.
Uda da. Mutil bat eta haren lagunak ibaira joango dira. Lau kapitulutan zehar, basoko beroak eta hezetasunak haien arteko desirak piztuko ditu.
Frantziako eskualde urrun honetan, ohikoak dira erresumin eta susmo txar tematiak, biziraupen-ekonomiaren ondorioz estigmatizatuta dagoenez. Bikote gazte honek badaki, nolabait-edo, biak elkartzen dituen maitasuna izan daitekeela horiez askatzeko modua. Baina helduek sortutako gizarte-loturak ustekabeki bortitzak dira.
Annek bere burua filmatzen du bere telefono mugikorrarekin eta ispiluan bere gorputza aztertzen du; haren ama ere, Céline, ispiluan bere gorputzari begira ari da. Emakumezko gorputz eder eta eredugarriaren nolakotasunari buruzko aurkako idealak dituzte biek. Amaren, alabaren eta amaren mutil-lagunaren artean gatazka sortuko da agerian geratzen denean Annek bideo bat igo zuela Internetera, non borroka-klubean topless eginez entrenatzen ikus baitaiteke.
Omri bere txakurra hil zeneko eguna irudikatzen duen eszena bat zuzentzen saiatuko da. Ahalegin hori zaildu egingo da aitak gertakari horiek bestela gogoratzen dituela jakiten duenean Omrik.
Hogeita gutxi urterekin, Addaik atzean utziko du bere bizitza osoa eta Siriara joango da gerra zibileko biktimei laguntzeko. Hasieran sukalde-lanetara bidaliko dute, Iliasekin batera. Addaik honako hau idatziko dio bere amari: “Ez zaitez larritu niregatik, ondo nago”. Handik bi urtera, espetxetik gutun bat jasoko du Addairen amak. Alemaniako auzitegi batek terrorismoagatik zigortu du Ilias. Addairen ama ezagutu nahi du, eta zera idatziko dio: "Gauza bat sinetsi behar duzu, asmo onez joan ginen hara”.
Etorkizunean, egunsentira arte dantzan egon zireneko 2018ko gau bat gogoratuko dute Violetak eta Guillermok.