tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Besteak beste, Bi Gan, Hadzihalilovic eta Vernier lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko
Besteak beste, Bi Gan, Hadzihalilovic eta Vernier lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko
Asteazkena, 2018(e)ko abuztuaren 22

Bederatzi film gehitu dira Zabaltegi-Tabakalera sailaren aukeran. Beraz, hemezortzi ekoizpen (12 film luze eta sei labur) lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren lehiaketa-sail irekieneko Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko. Zinemaldiaren 66. edizioan era eta gai askotako lanak proiektatuko dira: telesailak, fikzioko nahiz animazioko filmak, artxiboko materialez editatutakoak, eta Bergmanen nahiz etorkinen egoeran oinarritutakoak.

Venezia eta Toronto igaro ondoren, Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko da Kraben Rahu / Manta Ray. Phuttiphong Aroonpheng (Bangkok, 1976) zuzendariaren lehenengo film luzeak arrantzale baten istorioa kontatuko digu; basoan zaurituta eta konorterik gabe dagoen gizon bat salbatu, eta hitzik gabeko harremana garatuko du harekin.

Kaili Blues debut sarituaren ondoren, Bi Ganek (Kaili, Txina, 1989) UnCertain Regard sailean estreinatu zuen bere bigarren film luzea, Di qiu zui hou de ye wan / Long Day’s Journey into Night. Emakume baten bila jaioterrira itzuliko den gizon bati buruzkoa da.

Cristobal Leónen (Txileko Santiago, 1980) eta Joaquín Cociñaren (Concepción, Txile, 1980) stop-motion animazioko film luzea, La casa lobo, Berlingo eta Annecyko nazioarteko zinema-jaialdien aukeran sartu da, besteak beste, eta hainbat aipamen eta sari jaso ditu. León eta Cociñaren debutak alemaniar kolonia batetik ihes egin duen gazte baten istorioa kontatzen du; ihesaren ondoren, Txileko hegoaldeko etxe batean babestuko da.

Cannes Classics sailetik, berriz, Jane Magnussonen (Stockholm, 1968) Bergman – ett ar, ett Liv / Bergman – A Year in a Life iritsiko zaigu, suediar zinemagilearen lan-ibilbideko urte garrantzitsuenetako baten berri emateko. Horiek horrela, Det Sjunde inseglet (The Seventh Seal) eta Smultronstället (Wild Strawberries) filmatu zireneko urtearen erretratua egingo du.

Mercuriales zuzendu ondoren bere bigarren film luzea ekarriko du Virgil Vernierrek (Paris, 1976): Sophia Antipolis, Cineasti del Presente sailean estreinatua. Frantses aktore eta zuzendariak Mediterraneoaren, basoaren eta mendiaren arteko lurralde bitxi batean bizi den komunitate bat aztertuko du.

Jadanik jakinarazitako Los que desean (Elena López Riera) eta 592 metroz goiti (Maddi Barber) film laburrez gain, beste zenbaitek ere emanaldia izango dute Zinemaldian. Lucile Hadzihalilovic (Lyon, 1961) Donostiara itzuliko da De Natura erakustera, 2004an Innocence opera primarekin Zuzendari Berriak saria irabazi eta 2015ean bigarren filmarekin (Evolution) Donostiako Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Berezia lortu ondoren; Inés Moldavskyk (Buenos Aires, 1987) Berlinen estreinatutako The Men Behind the Wall ekarriko digu, Tinder aplikazioaren bidez harremanetan jartzen diren emakume israeldar bati eta gizon zisjordaniar batzuei buruzko filma; eta Sobre cosas que me han pasado film laburrarekin, José Luis Torres Leivak (Txile, 1975) hirugarrenez parte hartuko du sailean, El viento sabe que vuelvo a casa (2016) eta El sueño de Ana (2017) lanen ondoren. Horiez gain, Jean-Gabriel Périoten Song for the Jungle film laburra proiektatuko da; Calaisen filmatu da, milaka etorkin Ingalaterrara igaro ahal izateko zain dauden tokian. Périoten (Bellac, Frantzia, 1974) lehenengo film luzea, Una jeunesse allemande / A German Youth, Zabaltegiko aukeran sartu zen Berlinaleko Panorama sailari hasiera eman eta gero; bigarrena, Natsu no hikarid’été / Summer Lights, Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen 2016an.

Film hauek gehituta, 18 film izango dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehian, Coincoin et les z’Inhumains / Coincoin and the Extra-humans (Bruno Dumont), Las hijas del fuego (Albertina Carri), Le livre d’image / The Image Book (Jean-Luc Godard), Da xiang xi di er zuo / An Elephant Sitting Still (Hu Bo), Belmonte (Federico Veiroj), Trote (Xacio Baño) eta Teatro de guerra (Lola Arias) ere barnean harturik.

 

BERGMAN — ETT AR, ETT LIV / BERGMAN - A YEAR IN A LIFE
Jane Magnusson  (Suedia)

Ingmar Bergmani buruzko dokumental honen ardatza haren lan-ibilbidean funtsezkoa izandako urte bat da; hain zuzen, 1957, Det sjunde inseglet (The Seventh Seal) eta Smultronstället (Wild Strawberries) maisu-lanak zuzendu zituenekoa. Baina, Bergmanen alderdi artististikoa jorratzera mugatu ordez, inoiz ez bezala heltzen dio haren bizitza intimoari eta, bereziki, emakumeekin –besteak beste, harekin lan egin zuten zenbait aktoreekin– izan zituen maitasun-harreman gorabeheratsuei.


DE NATURA (Film laburra)
Lucile Hadzihalilovic  (Errumania)
Antzezleak: Mihaela Manta, Maria Manta

De Natura bat-bateko poema bat da, bi neskatoren ibilaldi lasai eta alaia, naturaren erdian, helduen begien bistatik urrun. Baina, orduan, apurka-apurka desagertzen hasiko da poza, nostalgia bihurtuko da ametsa, eta errepidearen ertzean, udako fruitu ustelen artean, aurpegi lauso batzuk agertuko dira. Bizitzaren zikloak ez du murrizten munduaren magia, ilargiaren nahiz eguzkiaren argipean egon.


DI QIU ZUI HOU DE YE WAN / LONG DAY'S JOURNEY INTO NIGHT
Bi Gan  (Txina)
Antzezleak: Sylvia Chang, Yongzhong Chen, Jue Huang

Luo Hongwu Kailira itzuliko da, bere jaioterrira, aspaldian handik ihes egin ondoren. Maite zuen eta inoiz ahaztu ez duen emakumearen bila hasiko da. Bere izena Wan Quiwen zela esan zion…



KRABEN RAHU / MANTA RAY
Phuttiphong Aroonpheng  (Thailandia- Frantzia)
Antzezleak: Wanlop Rungkamjad, Aphisit Hama, Rasmee Wayrana

Tailandiako kostaldeko herri batetik hurbil, milaka Rohingya errefuxiatu ito diren lekuan, gizon zauritu eta konorterik gabea aurkituko du bertako arrantzale batek basoan. Arrotza jasoko du, eta hark ez du hitzik ere esango; adiskidetasuna eskaini, eta Thongchai deituko dio. Baina arrantzalea bat-batean itsasoan desagertzen denean, apurka-apurka bere lagunaren lekua beteko du Thongchaik: haren bizitzan, etxean, lanean eta emazte ohiarekin…


LA CASA LOBO
Cristóbal León, Joaquín Cociña  (Txile)

Txilen alemaniar erlijio-fanatikoen sekta batetik ihes egin ondoren, etxetzar batean babestuko da María gaztea. Han bi txerrik, bertako bi biztanle bakarrek, egingo diote abegi. Amets batean bezala, etxeko unibertsoak Maríaren sentimenduei erantzungo die. Astiro, animaliak gizaki bihurtuko dira, eta etxea amesgaiztoko mundu. Colonia Dignidad-en kasua harturik oinarri, sektaren buruak bere jarraitzaileak doktrinatzeko egindako maitagarri-ipuin bat itxuratzen du La casa lobo filmak.


THE MEN BEHIND THE WALL (Film laburra)
Ines Moldavsky  (Israel)

Tinder. Emakume bat gizon bila. Gizon bat emakume bila. Oso erraza izango litzateke guztia, emakumea Isralen egongo ez balitz, eta gertuko gizonak Zisjordanian egongo ez balira. Ines Moldavsky israeldar zuzendaria legez debekatuta dituen gizonak ezagutzekotan da. Zisjordanian sartzeko muga zeharkatu, eta eremu fisiko ezezagun hori esperimentatuko du. Elkarrizketak telefono-dei birtualetan eta bilera errealetan gauzatzen dira. Indarkeriaren oihartzuna – mugak bortxatu nahian.


SOBRE COSAS QUE ME HAN PASADO (Film laburra)
José Luis Torres Leiva  (Txile)
Antzezleak: Claudio Riveros

Sobre cosas que me han pasado Marcelo Matthey idazlearen liburuan dago oinarrituta. Mattheyk eskolako idazlanak gogorarazten dituen estilo batean kontatzen du bere bizitza. Idatziz jasotzen ditu kaleetan, etxeetan eta hondartzetan zeharko ibilaldi etengabeetan ikusi, sentitu eta pentsatutakoak, baina prozesuak, gertakizunen eta pentsakizunen denbora-lerroa, eta elkarren segidako asoziazioen zantzua –kalean dabilen norbaiten elkarren segidako urratsak bezala– besterik ez ditu ateratzen ahazmenetik. Film labur honetan, irudien eta soinuen bidez atzematen dira berehalako inpresioak, normalean denboran galtzen diren momentu iheskorrak.


SONG FOR THE JUNGLE (Film laburra)
Jean-Gabriel Périot  (Frantzia)

Calaiseko Oihana, desegin aurreko asteetan: milaka migrante bizi dira bertan, Ingalaterrara joateko zain edo, besterik gabe, norbaitek haien gaineko ardura hartzeko zain. Eremu abandonatu horretan nora ezean, gure axolagabekeriatik onik ateratzeko itxaropenez.


SOPHIA ANTIPOLIS
Virgil Vernier  (Frantzia)
Antzezleak: Dewi Kunetz, Sandra Poitoux, Hugues Njiba-Mukuna, Bruck, Lilith Grasmug

Sophia Antipolis: teknopolis bat Frantziako Rivieran, ametsak gauzatu beharko liratekeen leku batean. Baina, gainazalaren azpian, zelatan dira beldurra eta etsipena. Eguzki faltsu baten pean, bost bizitzak emakume gazte baten istorio asaldagarria planifikatuko dute: Sophiarena.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea