Made in Spain Espainiako urteko zinemaren erakusgarri bat da. Zinemaldiak plataforma bat eskaintzen dio bertako zinemagintzari nazioartean ezagutzera emateko asmoz, eta aurten hamaika ekoizpen sartu dira sailaren aukeran. Horietatik bost zuzendarien lehenengo film luzeak dira, baina beste bost zuzendarik –Daniel Calparsoro, Isabel Coixet, Álex de la Iglesia, Ramón Salazar eta David Trueba– ibilbide luzea egin dute lanbidean.
Zinemaldian aurkeztuko da, gainera, Sergio Oksman brasildarrak zuzendutako Querido Fotogramas dokumentala. Sergio Oksman Ikusmira Berriak egonaldi-programako aditu-batzordearen kideetako bat da. Querido Fotogramas filmean, aldizkari mitikoaren 70 urteko historian zeharko ibilbidea egingo dute aldizkariaren erredakzioarekin lotutako zuzendari, antzezle, kazetari eta kritikari batzuek.
Opera primen artean daude Mi querida cofradía, Marta Díaz de Lope Díaz (Ronda, Malaga, 1988) zuzendariarena, Malagako zinema-jaialdian antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga (Carmen Flores) eta Publikoaren Saria irabazi zituen filma, eta I Hate New York, Gustavo Sánchez (Úbeda, Jaen, 1978) kazetari eta zuzendariarena, Bayona anaiek ekoitzia.
Sailaren aukeran sartu dira, halaber, Diana Toucedo (Pontevedra, 1982) eta Elena Trapé (Bartzelona, 1976). Lehenak Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako Trinta lumes / Thirty Souls lanarekin egin du fikzioko film luzeen alorrean debuta; aurrez, hamasei film luzetan muntatzaile izan zen eta En todas as mans ez-fikzioko film luzea zuzendu zuen. Bigarrenak Les distàncies aurkeztuko du, Malagan Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eta zuzendaritza eta emakumezko aktore onenaren (Alexandra Jiménez) Zilarrezko Biznagak irabazi dituen filma. Trapéren lehenengo filma, Blog, Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aukeratu zuten duela zortzi urte, eta RTVE-Beste Begirada sariaren aipamen berezia jaso zuen.
Zortzi filmetan muntatzaile izan eta, aldi berean, zinemaren pedagogiari buruzko Cine en curs proiektuan parte hartu ondoren –iaztik Donostiara ekarri da programa hori (Zinema (h)abian), Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren bitartez– bere lehenengo film luzea, Con el viento / Amb el vent, zuzendu du Meritxell Colellek (Bartzelona, 1983). Cinéfondationek aukeratutako proiektuetako bat izan zen eta Berlinaleko Forum sailean izan zuen estreinaldia. Bigarren film luzea, Dúo, egiteko proiektuarekin Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Foroan ere parte hartuko du Colellek.
Ibilbide luzeko zuzendarien filmen artean, honako hauek aipa daitezke: El aviso, Zinemaldian ez ezik Cannesen, Berlinen eta Venezian ere filmak aurkeztu dituen Daniel Calparsororen (Bartzelona, 1968) azken lana; The Bookshop (La librería), Isabel Coixetena (Bartzelona, 1960), aurten film, zuzendari eta egokitutako gidoi onenaren Goya sariak irabazi dituena; Perfectos desconocidos, Álex de la Iglesia (Bilbo, 1965) zinemagileak dakarren azken proposamena, Zinemaldiaren Sail Ofizialean hainbatetan parte hartu eta gero –La comunidad (Zilarrezko Maskorra Carmen Maurarentzat), Las brujas de Zugarramurdi eta Mi gran noche–; La enfermedad del domingo, Ramón Salazarrena (Malaga, 1973), Berlinaleko Panorama sailean lehiatu den filma; eta Casi 40, David Truebak (Madrid, 1969) egindako lehenengo film luzearen, La buena vida-ren, bigarren zatia. Azken lan honekin, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Truebak Malagan. Haren aurreko fikzio-filma, Vivir con los ojos cerrados, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen eta sei Goya sari irabazi zituen; besteak beste, film onenarena.
Lucía abeslari arrakastatsua izan zen berau gorenera eta ospera eraman zuen bikotea banatu arte; ondoren, apur bat bazter geratu zen industrian. Orain bizimodu egonkorragoa darama, ezkonduta eta bi seme-alabekin, ikuskizunen mundutik erretiratuta. Baina gaztetako maitale bat kontzertu-bira txikia egitekotan da, Espainiako zenbait hiritan zehar, eta Lucíak berriz errepidera ateratzeko aitzakia gisa baliatuko ditu plan horiek. Berrogei urte betetzear daudela, aurre egin beharko diote beren bizitzako idealei uko egitearen prezio intimoari.
Mónicak, 47 urteko dantzari batek, dei bat jasoko du Espainiatik: aita oso gaixo du. Hogei urteren ostean bere jaioterrira itzuli beharko du, Burgoseko herrixka urrun batera. Iristean, aita jadanik hil da. Urte hauetan guztietan ia-ia ez du hitz egin amarekin eta, orain, familiaren etxea saltzeko laguntza eskatuko dio hark. Iritsi da negua. Betiereko isiltasuna, muturreko hotza eta familiari aurre egin behar izatea proba latzak izango dira Mónicarentzat, eta hobekien ezagutzen duen horretan bilatuko du babesa: dantzan. Filmak dantza, dokumentala eta egile-zinema uztartzen ditu, familiarteko loturei eta emakumezkoen unibertsoko harremanei buruzko kontakizun berezia eraikitzeko.
2008. urtean gaude. Jon gazteak aparteko gaitasuna du matematiketarako eta zenbaki-logikarekin obsesionatuta dago. Eskizofrenia izateagatik etorkizun handiko zientzialari-karrerari uko egin behar izan dion jenio bat da, eta fotokopia-denda batean lan egitearekin etsi behar izan du. Halako gau batean, lanetik ateratakoan, hornitegira joango dira Jon eta haren lagunik onena, David, edariak erosi nahi baitituzte bien txikitako lagun Andrearekin afaltzeko. Daviden neska-laguna da Andrea, eta hark ezkontzeko eskatu nahi dio. David dendan sartuko da, eta bitartean autoan zain geratuko da Jon. Une horretan lapurreta bat gertatuko da eta tiro baten ondorioz koma atzeraezinean geratuko da David. Ordutik aurrera, sendagaiak hartzeari utziko dio Jonek eta, erruak jota, lagunaren hilketari esanahia bilatu nahian hasiko da. Iraganeko lapurretak ikertuko ditu, guztietarako balio duen eredu matematikoa aurkitu arte. Logika horri jarraikiz, ondorioztatuko du hamar urte barru leku berean erailko dutela Nico, 10 urteko haur bat.
New York, 2007-2017. Hamarkada batez, etxeko kamera batekin soilik eta gidoirik gabe filmatuz, Amanda Leporeren, Chloe Dzubilloren, Sophia Lamarren eta T De Longen barru-barruko bizitzan sartuko da zuzendaria. Underground azpikulturako lau emakume artista eta aktibista transgenero horien lekukotzek, apurka-apurka, agerira ekarriko dute haien nortasunak eratu eta haien bizitzak eraldatu zituen iragana –batzuetan dramatikoa, beti liluragarria eta erabat apartekoa–, zatika. Haien hitzen, beldurren eta itxaropenen bidez, kanpo-ikuspegia izatetik haien patuetan emozionalki inplikatuta egotera igaroko dira ikusleak.
Anabelek filantropiari eskaini dio bizitza, senarraren karrera diplomatikoaren babespean. Bere burua interesik gabe besteei eskaintzeak izen ona ekarri dio eta bere lagunartean erreferente bihurtu da erakunde humanitarioentzako dohaintzak lortzeko. Hain justu, ongintzako afari horietako batean bere iraganari aurre egin beharko dio, catering-zerbitzarietako bat bere alaba Chiara dela jabetuko baita. Zortzi urte zituenean abandonatu zuen, eta hogeita hamabost urtetan ez du berriz ikusi. Baina ez da halabeharra izan; Chiara horren bila joan da. Hamar egunetan hogeita hamabost urte berreskuratzeko bide nekezari ekingo diote amak eta alabak, bakarrik, iraganerantz. Edo hori uste du Anabelek. Izan ere, Chiarak ezkutuko asmo bat du bidaia horretarako. Eta zein den jakitean, bere bizitzako erabaki zailenari egin beharko dio aurre Anabelek, eta ez da inoiz gehiago berdina izango.
Olivia, Eloy, Guille eta Anna Berlinera joango dira beren lagun Comasi sorpresa emateko, 35 urte beteko baititu. Hark ez die espero bezalako abegia egingo, eta asteburuan zehar agerian geratuko dira haren kontraesanak eta proban jarriko da haien arteko adiskidetasuna. Elkarrekin, denborak eta distantziak dena alda dezakeela jabetuko dira.
Carmen adin ertaineko malagar katoliko eta apostolikoa da, eta bere bizitzako ametsa betetzear da: bere kofradiako presidentea izatea. Hala izanez gero, lehenengo aldiz lortuko luke emakume batek ohore hori. Baina, azkenean, Carmenen arerio handiena aukeratuko dute kofradiako kideek: Ignacio izeneko gizon bat. Carmenentzat are gehiago korapilatuko da guztia Aste Santuko prozesioaren egunean, halako saltsa batean sartu eta inguruko emakumeen laguntzaz soilik atera ahal izango denean hartatik.
Lau bikote afaltzeko elkartuko dira ilargi-eklipseko gau batean. Adiskidetasunez eta barrez betetako gau bat, bat-batean ideia hau bururatu arte: zergatik ez egin zer edo zer desberdina? Zer gertatuko litzateke guztiek mahai gainean utziko balituzte mugikorrak, guztien eskueran? Bizitza osoak, denek bat-batean partekatuak… Jolas xaloa edo proposamen arriskutsua? Jasan ahal izango dute lagunek halako egiazkotasun-maila, aldi baterako soilik izanik ere?
Fotogramas aldizkariaren 70. urteurrena Espainiako zinemagintzan barrenako bidaia sentimental gisa formulatu da, zinema egiten, idazten eta kontsumitzen duen jendea ordezkatzen duen ahots-mosaikoaren bidez. Fotogramas aldizkariko irakurleei egindako omenaldi gisa aurkezten da dokumentala, eta Espainiako zinemagintzako eragile nagusiak izango ditu horretarako bide, aldizkariaren historia osoan erredakzioak jasotako gutun adierazgarrienak irakurriko baitituzte kameraren aurrean.
50eko hamarkadaren amaieran, bere amets handienetako bat gauzatzeko erabakia hartuko du Florence Greenek: Londresetik joan, eta Britainia Handiko kostaldean liburu-denda txiki bat irekiko du. Baina, hark uste ez bezala, herriko biztanleengan orotariko erreakzioak piztuko ditu erabaki horrek.
Albak hamabi urte ditu eta heriotzaren alderdi ezezagun, misteriotsu eta liluragarria ezagutu nahi du. Bere lagun onenarekin, Samuelekin, bertan behera utzitako etxeetan sartu, suntsitutako herriak igaro, eta bestelako mundu paralelo bat ezkutatzen duten mendi batzuetan barrenduko da. Abiaburuan inozentzia duen bidaia bat, bizitzaren eta heriotzaren arteko borrokaren misterioa aurkitzeko helburuarekin.