"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko ekitaldien aurkezleak, bigarren urtez jarraian, Donostiako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko modarekin jantziko dira, Donostiako Alkatetzaren Donostia Moda Klusterrarekin (Donostiako Sustapena) egindako lankidetzari esker, tokiko diseinatzaileen lanari balioa emate aldera estatu-mailan nahiz nazioartean.
Zinemaldiak sortzaileekin eta babesten dituzten erakundeekin egindako ituna gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute, Victoria Eugenia Antzokian. Bertan izan dira, besteak beste, Donostia Moda Klusterreko arduraduna, Laura Chamorro; lehen alkateordea eta Garapen Ekonomiko, Turismo, Merkataritza eta Ostalaritzako zinegotzi delegatua, Ernesto Gasco; eta Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria, José Luis Rebordinos.
Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi du: “Zinemaldiaren eta Donostia Moda Klusterraren arteko lankidetzako bigarren urte honetako emaitzek erakutsi dute Donostiak marka ofizial bat izatea lortu duela, tokiko modaren industria guztia kanalizatu ahal izateko. Zinemaldian parte hartuta, diseinatzaileek aukera izango dute beren diseinuak erakusteko milioika ikusleren aurrean, eta horrekin, gure moda-marka finkatzea ere lortuko dugu. Era berean, Zinemaldiak klusterrean modarekin loturiko eskaera guztiak kudeatzeko erreminta aurkitu du”.
Nagore Aranburuk, inaugurazio-ekitaldiaren eta euskal zinemaren galaren aurkezleak, Cayetana Guillén Cuervo, irekiera galan parte hartuko duena, Maribel Verdúk eta Edurne Ormazabalek, amaiera-ekitaldiaren aurkezleek, eta Vanessa Rodríguezek, Perlak ataleko zuzendariak Victoria Eugenia Antzokiko aurkezpenetan sartuko dituenak, honako hauen diseinuak jantziko dituzte:
Bederatzi etxe horiek 40 estilismo baino gehiago emango dituzte, eta tartean arropa, osagaiak eta bitxiak izango dira, ekitaldien aurkezleek jantziko dituztenak. Gainera, aurten, gizonezkoen bilduma bat gehitu da, eta Zinemaldiaren zuzendaria, José Luis Rebordinos, jantziko du.
Edizio honetan, aurkezleak janzteko interesa erakutsi duten enpresen kopurua hirukoiztu egin da. 31 etxek izena eman eta proposamenak bidali dituzte, baina, azkenean, bederatzi hautatu dira. Azken egun hauetan, probak burutu dira aurkezleekin Madrilen eta Donostian (Maria Cristina Hotelean), eta ekitaldietan zehar jantziko dituzten azken estilismoak hautatu dira.
Sortzeko beste eremu batzuetan bezala, ekimenaren bitartez, Donostia Zinemaldiak tokiko modaren industriaren aldeko apustua egin du, Donostia Modaren eskutik; hau da, Donostian tokiko diseinua bultzatzeaz, gehitzeaz, garatzeaz eta ezagutzera emateaz arduratzen den klusterra, sektorea indartzera zuzendutako jardueren bitartez.