tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Sailak eta filmak > MURIEL BOX
MURIEL BOX
Atzera begirako klasikoa
 

Espainiako Zinematekak eta Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiarekin, Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean, Muriel Boxi eskainitako atzera begirako bat antolatu dute.

Muriel Boxen (1905-1991) obraren ezaugarri nagusia –1945 eta 1964 artean garatu zuen, hala zinema-zuzendari nola idazle gisa– gai konplexuak eta galaraziak tratatzea izan zen –prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak edo nerabeen arteko sexua–, eta aparteko buru-argitasunez eta ausardiaz tratatu ere, filmak zer-nolako testuinguru sozial eta politikotan egin ziren kontuan hartzen badugu. Zuzendari honek gai horietan egindako ekarpena funtsezkoa da berrogeita hamarreko hamarkadako eta hirurogeikoaren lehen erdiko zinema ingelesean.

Dorothy Arzner –atzera begirako bat eskaini zitzaion 2014ko Donostia Zinemaldian– eta Ida Lupino estatubatuarren kasuan bezala, haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudi gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko. Zinemazaleen artean nolabaiteko prestigioa duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baizik ez dira jaso zinemaren historia orokorrean.

Muriel Box zinema independentearen kanonetan sailka daiteke, nahiz eta genero klasikoetako gaiak landu zituen, hala nola melodrama, komedia, poliziakoa edo zinema historikoa. Haren lana, zinema-zuzendari gisa, zinema britainiarraren aldaketa-aro batean kokatzen da: ordukoak dira Ealing produkzio-etxearen komediak, beste zinemagile independente batzuen lanak –Michael Powell eta Emeric Pressburger, esaterako– eta lan dokumental kritikoen jaiotza, gero Free Cinema bilakatuko zena.

1905eko irailaren 22an jaio zen New Malden-en (Surrey), Violette Muriel Baker izenarekin, eta script modura hasi zen zinemaren munduan. 1935ean Sydney Box idazlearekin ezkondu zen eta, bien artean, handik bost urtera, Verity Films produkzio-etxea sortuko zuten, gerra-propagandarako film laburrak finantzatzeko xedearekin, Bigarren Mundu Gerran. Sydneyren arreba, Betty Box –1950eko hamarkadako ekoizle ingeles eraginkorrenetako bat– lankide izan zuten. Murielek The English Inn (1941) film laburra egin zuen Verityrako.

Hainbat antzezlan idatzi zituen, senarrarekin batera, antzeztalde amateurrentzat. Gerra ostean, senarra Gainsborough Pictures-eko zuzendari egin zutenean, Muriel gidoigintza saileko arduradun izatera pasatu zen eta The Lost People (1949) gerraondoko drama zuzendu zuen. Bernard Knowles hasi zen aipatutako filma zuzentzen, baina Murielek osatu zuen metrajearen ehuneko hirurogei. Filma Alemaniako antzoki batean dago kokatua, non bi soldadu britainiarrek hainbat iheslari zaintzen baitituzte.

1951n, Sydneyk London Independent Producers konpainia sortu zuen, eta bertan Murielek garai hartan ongi ikusiak ez zeuden –ez zineman eta ez britainiar gizartean– hainbat gai tratatu zituen, ia beti Murielek berak eta senarrak idatzitako gidoiekin. Egile-begiradaren eta genero-zinemaren arteko nahasketa batetik abiatuta lan egin zuen, eta horixe da, hain zuzen, haren bereizgarri nagusietako bat. Pribilegio batzuk izan bazituen ere, zinema-industriako hainbat aurreiritzi maskulinori –eta femeninori– aurre egin behar izan zien: aurreko urtean Jean Simmons aktoreak ahaleginak egin zituen Murielek ez zezan So Long at the Fair (1950) filma zuzendu eta, azkenean, Terence Fisher-ek eta Anthony Darnborough-ek zuzendu zuten. Muriel Box erraz adoregabetzen zen zuzendaria zen, dirudienez, baina, era berean, goranahia, nekaezina eta saiatua ere bazen.

14 film luze zuzendu zituen 1949 eta 1964 artean –baita labur bat ere–. Horien artean, sexuen arteko gerraren inguruko komedia erromantiko bitxiak nabarmentzen dira: To Dorothy a Son (1954), Shelley Winters protagonista duena eta pertsonaia batzuek herentzia bat kobratzeko dituzten gorabeherak ardatz dituena; Simon and Laura (1955), Peter Finch-ek eta Kay Kendall-ek errealitatean bikotekide diren bi aktoreren rola jokatzen dute eta BBCko programa baten protagonista bihurtzen dira; The Passionate Stranger (1957), Ralph Richardsonek txofer baten papera egiten du, eta bere ugazabandrearen –Margaret Leighton– ideia oker bat osatzen du, hark idatzitako eleberri erotiko bat irakurri ostean; The Truth About Women (1957), Laurence Harveyk antzeztutako pertsonaiak hainbat kontinentetan izan dituen maitasun-istorio koloretsu eta exotikoak birbizitzen ditu; eta Rattle of a Simple Man (1964), zuzendariaren azken filma, non futbolzale barnekoi baten eta prostituta baten arteko harremana kontatzen baita.

Dramaren arloan ere titulu distiratsuak ditu: The Beachcomber (1954), W. Somerset Maugham-ek alkoholari, erlijioari, puritanismoari eta epidemiei buruz idatzitako obra klasiko baten egokitzapena; This Other Eden (1959), non Irlandako gaia jorratu baitzuen, IRAko kide bati estatua bat egin nahi dioten hiri txiki bateko tentsioak kontatzearen bitartez; eta Too Young to Love (1960), adingabeen prostituzio eta abortuaren inguruko istorio bat, Estatu Batuetako epaitegi batean girotua, Thomas Mitchell-ek interpretatzen duelarik epaile beteranoaren papera. Kontakizun kriminal bitxiak ere filmatu zituen: Street Corner (1953), emakume polizia baten eguneroko lanari buruzkoa, erdi-dokumental gisa kontatua; Eyewitness (1956), non emakume batek hilketa bat ikusten duen zinema-areto batean, gero autobus batek harrapatzen duen eta, ospitalean, kriminalek jazartzen duten; eta Subway in the Sky (1959), gerraondoko Berlinen girotua eta Van Johnson eta Hildegarde Knef protagonista dituena.

1946an, Murielek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmagatik, zeina Compton Bennettek zuzendu baitzuen. Bera izan zen gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen bigarren emakumezkoa, Frances Marion-en ondoren (bi aldiz irabazi zuen azken horrek, 1930ean eta 1932an). Errealizaziora igaro aurretik, gidoilari edo ekoizle gisa, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako zuzendari ospetsu askoren filmetan parte hartu zuen, besteak beste, Terence Fisher, Compton Bennett eta David MacDonald-enetan.

Behin Donostia Zinemaldian proiektatu ondoren, atzera begirakoa Espainiako Zinematekan, Madrilen, eta Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekan ikusi ahal izango da, hurrengo urrian eta azaroan.


Atzera begirako klasikoa

Zinemaldiaren ohiko atala dugu zine-zuzendari klasikoei eskaintzen zaien atzera begirakoa, gutxi eta gaizki ezagutzen diren zinegileen lanetara hurbiltzen gaituena; horien artean Robert Siodmak, James Whale, William Dieterle, William A. Wellman, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, Mikio Naruse, John M. Stahl, Carol Reed, Frank Borzage, Michael Powell, Preston Sturges, Anthony Mann, Robert Wise, Ernst Lubitsch, Henry King, Mario Monicelli, Richard Brooks, Don Siegel, Jacques Demy, George Franju, Nagisa Oshima, Dorothy Arzner edo Merian C. Cooper, Ernest B. Schoedsack, Jacques Becker eta Joseph Losey buruzkoak azpimarra daitezke.

 
Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea