Iraila, 1973. Uruguain diktadura militarra dago boterean. Tupamaros gerrilla-mugimendua duela urtebete zanpatu eta desegin zuten. Kideak espetxeratu eta torturatu dituzte. Udazken gau batean, hiru preso Tupamaro espetxetik aterako dituzte hamabi urte iraungo duen operazio militar batean. Une horretatik aurrera, herrialde guztietako kuarteletan zeharko ibilbidea hasiko da, esperimentu makabro baten mende; tortura-molde berri bat, haien erresistentzia mentalaren muga gainditzeko asmoz. Agindu militarra zehatza da: "ezin izan genituenez akabatu, ero bihurtuko ditugu". Hamar urtez baino gehiagoz, gela txiki-txikietan isolatuta edukiko dituzte presoak, burua estalirik, loturik, isilik, oinarrizko premiez gabeturik, ia-ia elikatu gabe eta zentzumenak gutxienera murrizturik. Haien gorputzak eta gogoak mugez harago bultzatu zituztenean, La noche de 12 años filmak bizirik nola atera ziren kontatuko digu.
Nazioarteko zinema-jaialdi ugaritan estreinatutako hainbat film labur eta hamarna dokumental zuzendu ondoren, Alvaro Brechnerek bere lehen film luzea idatzi eta zuzendu zuen 2009an: Mal Día Para Pescar. Canneseko zinema-jaialdiko Kritikaren Astean aurkeztu zuen filma. Bere bigarren lana, Mr. Kaplan (2014), Iberoamerikako film onenaren Goya sarirako hautatu zuten. La noche de 12 años proiektuak 2015eko Donostia Zinemaldiko Koprodukzioko Foroaren aipamen berezia jaso zuen, eta filma Veneziako azken zinema-jaialdiko Orizzonti sailean aurkeztu zen.