"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Industria Sailak 2014. urteaz geroztik antolatzen du Focus on industria-ekimena, zeinaren bidez herrialde, eskualde edo lurralde batetik datorren profesional-talde bat Donostia Zinemaldira baitator, harreman profesionalen sarea zabaldu eta Industriako jardueretan parte hartzeko.
2014an, Telefilm Canadarekin elkarlanean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin batera, lehenengo Focus on jarduera antolatu zen: Focus on Canada, hamaika profesional bildu zituena. Ekimenaren arrakasta tarteko, 2015ean berriz ere Kanada izan zen lurralde protagonista. 2016an, Focus on Nordic Glocal antolatu zen Danimarka, Islandia eta Norvegiako institutu zinematografikoekin elkarlanean, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, 2017an martxan jarritako Glocal in Progress ekimenaren abiaburua.
Aurten, Estonian Film Institute, National Film Centre of Latvia eta Lithuanian Film Centre erakundeekin lankidetzan, proiektuak aribidean dituzten Estonia, Letonia eta Lituaniako hamabost ekoizlek aukera izango dute Donostian beren egitasmoetarako bazkideak aurkitzeko eta Europako nahiz Latinoamerikako beste eskualde batzuekin batera koprodukzio-abaguneak handitzeko.