Zinemaldiaren 66. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute gaurkoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Aurten ere, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta erdiz, larunbatean, irailak 22, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 2.700 plazako edukieraz. Aurtengoan Fernando Velázquez bizkaitar musikagile eta orkestra-zuzendariak zuzenduko du Orkestra, zinemaren eta soinu-banden topaketa jendetsu honetan. Berak eragin zuen, hain zuzen, 2012an Orkestra Donostia Zinemaldiko egitaraura itzultzea, Lo imposible (J.A. Bayona) filmaren soinu-banda zuzenean osoki estreinatuz.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioak, ‘Pasealdia zineman barrena’ izenburudunak, hamar pelikula ingururentzat ondutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu. Eskainiko ditugun musika-piezen erdiak Velázquezek berak konposatu ditu; izan ere, ondorengoen soinu-bandak harenak dira: Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorerekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu zuen Un monstruo viene a verme filmaren soinu-banda, eta 2016ko Donostia Zinemaldian egin zen film horren Europako estreinaldia; partitura horri esker, Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen. Velázquezek ondorengoa dio hitzordu berri honi buruz:
"Ilusioa handia dut kontzertu honekin, oso anitza da, eta entzule guztiei zuzendua. Zipi y Zape eta Gernikako suiteak estreinaldi absolutuak dira, eta azken honek ezusteko bat darama. Contratiemporako, Zahara kantariarekin batera ondutako konposizioa oso dibertigarria izan da, eta istorio berezia du, eta azken abestian Go!azeneko hiru aktore aritu izana mundiala izan da. Beti dut gustuko Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lan egitea."
Errepertorioa beste bost pelikuletarako konposatutako musiken egokitzapenarekin osatuko da: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrías), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gómez Pereira) eta Go!azen(Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren). Juan Quintero, Zacarías M. de la Riva, Arnau Bataller, Bernardo Bonezzi eta Álvaro Carmona izan ziren, hurrenez hurren, soinu-banda horien musikagileak.
Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Gainera, Zahara kantautoreak Contratiempon parte hartuko du, baita Go!Azenpelikulako hiru kantarik ere (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).
Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 15etik 21era Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.
KONTZERTUA & PROIEKZIOA: PASEALDIA ZINEMAN BARRENA
Irailak 22, larunbata, 12:00etan Donostiako Belodromoa
Fernando Velázquez, Zipi y Zape y la isla del capitán (Zuz.: Oskar Santos)
Juan Quintero, Locura de amor (Zuz.: Juan de Orduña)
Zacarías M. de la Riva, Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Zuz.: Enrique Gato, David Alonso)
Fernando Velázquez, El secreto de Marrowbone (Zuz.: Sergio G. Sánchez)
Fernando Velázquez, Gernika (Zuz.: Koldo Serra)
Arnau Bataller,El elegido (Zuz.: Antonio Chavarrías)
Fernando Velázquez, Un monstruo viene a verme (Zuz.: Juan Antonio Bayona)
Fernando Velázquez / Zahara, Contratiempo (Zuz.: Oriol Paulo)
Bernardo Bonezzi, Todos los hombres sois iguales (Zuz.: Manuel Gómez Pereira)
Álvaro Carmona (letra: Xabier Zabaleta), Go!azen (Zuz.: Jabier Elortegi, Aitor Aranguren)
Fernando Velázquez, zuzendaria
Iholdi Beristain, ahotsa
Ainhoa Larrañaga, ahotsa
Aritz Mendiola, ahotsa
Zahara, ahotsa
Kup Taldea, abesbatza
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Fernando Velázquez (Getxo, 1976) musikagilea da, orkestra-zuzendaria eta biolontxelo-jolea. Bere lanen artean daude Juan Antonio Bayonaren hainbat filmen soinu-banda, hala nola El orfanato, Lo imposible eta Un monstruo viene a verme, baita La cumbre escarlata eta Los ojos de Julia ere.Gainera, Zipi y Zape filmen sorta, Ocho apellidos vascos eta Hércules filmetarako konposatu du. Orkestra-zuzendari gisa, ondorengoetan aritu da: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Madril Erkidegoko Orkestra eta Abesbatza, London Metropolitan Orchestra, Malagako Orkestra Sinfonikoa, Budapesteko Orkestra Sinfonikoa, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
Juan Quintero (1903-1980) musikagilea eta piano-jolea izan zen. Bere lehendabiziko konposizioen artean, pasodobleak, tangoak eta zarzuela nabarmendu behar dira. Komedia musikaleko musikagile gisa arrakasta lortu ondoren, zinemara jauzi egin zuen. Quinterok ehun pelikulari baino gehiagori jarri die musika, momentuko zuzendari garrantzitsuenekin lan eginez: Eusebio Fernández Ardavín, José Luis Sáenz de Heredia, Rafael Gil, Ladislao Vajda, Juan de Orduña, etab. Hona soinu-banda jarri izan dien pelikula batzuk: Locura de amor, Agustina de Aragón, Alba de América, Pequeñeces; Ella, él y sus millones, Deliciosamente tontos, Eloísa está debajo de un almendro komediak, baita Currito de la Cruz eta La hermana San Sulpicio pelikula folklorikoak ere.
Zacarías M. de la Riva (Bartzelona, 1972) 2004an hasi zen zineman lanean. Orduan, Tadeo Jones film laburraren partitura idatzi zuen (Enrique Gato). Ordudanik, hainbat generotan aritu da, hasi terroretik eta komedia edo animazioraino. Bere musika-lan berrienen artean nabarmen: Bent, Hombre de fe, Las aventuras de Tadeo Jones, Nieve negra, Pet eta Autómata. Hainbat orkestrak jo dute haren musika, adibidez, Espainiako Irrati Telebistaren Orkestra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bayerischer RundFunk Orchester eta Granada Hiriko Orkestra.
Arnau Batallerrek (Valentzia, 1977) ondorengoak tituluak eskuratu ditu: Carcaixenteko Mestre Vert Kontserbatorio Profesionaleko biolin-jole titulu profesionala eta Los Angelesen kokatutako Hego Kaliforniako Unibertsitateko zinemarako musika espezializaziodun musikagintzako Bachelor’s Degree titulua, Magna Cum Laude kalifikazioaz. Askotariko zinema-generotan lan egin du, baita publizitatean, film laburretan, antzezlanetan eta kontzertuko musikan ere. Gainera, El elegido eta Ermessenda pelikulen soinu-bandak orkestrarako prestatu ditu.
Zahara (Úbeda, 1983) kantautore independentea da. Bere musikak pop, rock, jazza fusionatzen ditu, eta eszenategia partekatu du Joaquín Sabina eta Javier Krahe musikariekin. La fabulosa historia de… bere bigarren albumak arrakasta handia izen zuen entzuleen artean, eta bultzada ederra eman zion espainiar musikako promesa gisa. Hala ere, Santa (2015) izan zen espainiar musikaren eszenategian kontsakratu zuen diskoa, berberak argitaratua eta Espainiako salmenten zerrendako 3. postura zuzenean sartua. Egun, estudioko bere zazpigarren albumean dabil lanean.
Bernardo Bonezzi (1964-2012) Zombiesen Groenlandia abestiaren egilea (Movida Madrileñako arrakasta itzela), zinema eta telebistarako musika egitera lerratu zen. Goya Sarietan, lau bider izan da finalista, baita 1996an hura lortu ere, Agustín Díaz Yanesen Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto filmarengatik. 1982an, urte hartan Pedro Almodóvarrek eta Fabio McNamarak grabatutako disko-musika ekoitzi eta konposatu zuen. Gainera, Laberinto de pasioneseko abestiak ondu zituen (film hura Mantxako zinemagilearen bigarren pelikula zen), eta musikaria hartara hasi zen zinema-munduarekin harremanetan. Berrogei soinu-bandatik gora konposatu zituen, tartean direla ¿Qué he hecho yo para merecer esto?, La ley del deseo eta Mujeres al borde de un ataque de nervios.
Álvaro Carmona (Sevilla, 1980) komikoa, gidoilaria eta musikaria da. Rose d'Or-erako izendatu dute Go!azen euskarazko telesailarengatik, askotariko antzerki-ikuskizunak idatzi ditu, adibidez, Terrat Pack, marrazkien liburu bat argitaratu du, El libro de los tiburones deitua, eta, 2010etik, sei komedia-ikuskizun sortu ditu, Espainia osoko antzokietan jokatuak. Komediarako abestiak konposatu ditu, adibidez, Bad Boy, Dafne Fernándezekin batera, Berto & The Border Boysen Me lo tiro eta beste batzuk ere, esate baterako, Me he puesto tetas eta La capital mundial, sare sozialetanbolo-bolo zabalduak.
SGAE Fundazioarekin eta Zinemaldiarekin batera ekimen hau sustatzeaz gain eta arlo honetan azken urteotan parte hartu ez ezik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Sail Ofizialean ere izan da. Betiere Fernando Velázquezen eskutik, Orkestrak J.A. Bayonak zuzendutako A Monster Calls (Un monstruo viene a verme) filmaren soinu-banda grabatu zuen. Film hura 2016ko Zinemaldian estreinatu zen Europarako eta, partitura horri esker, Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen. 2017an, getxotar musikari horrek idatzitako musika grabatu zuen Submergence (Inmersión) film luzerako (Wim Wendersena). Orkestraren eta Fernando Velázquezen arteko lankidetza oparoan kokatzen da 2012an zuzenean egindako Lo imposibleren estreinaldi absolutua (J.A. Bayonaren filma), Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkezten zela aprobetxatuz. Kontzertu horren bidez, Orkestra Donostiako Zinemaldiaren egitarauan sartu zen berriz ere. Dagoeneko, zazpi urte egin ditugu huts egin gabe.
SGAE Fundazioa Donostiako Zinemaldian
Espainiar eta latinoamerikar zinema sustatzeko, Donostiako Zinemaldiaren ospea zabaltzeko eta ekimen hau Gipuzkoako hiriburura bertaratu ezin diren ikusleei hurbiltzeko, SGAE Fundazioak hainbat jarduera antolatzen ditu urtero topaketa honen inguruan.
Kontzertua & Proiekzioa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainitako soinu-banden emanaldia da, eta irailaren 22an igaroko da. Emanaldi hori SGAE Fundazioak irailaren 21etik 29ra ospatuko den 66. Donostiako Zinemaldi honetarako programatutako jardueretan kokatzen da.
Gainera, irailaren 21etik 29ra, Madrilgo Berlanga Aretoan (Andrés Mellado kalea, 53; prezioa, 3 euro) Donostiako Zinemaldia erakusketa antolatu da, eta bertan azken urteotan Made in Spain atalean parte hartutako pelikulen sorta bat eskainiko da. Aurten, seigarren urtez jarraian, erakunde horrek Zinemaldian erakutsitako film batzuen zinema-zikloa egingo du berriz ere.
Bukatzeko, SGAE Fundazioak lehiaketaz kanpoko Made in Spain atal baten antolatzaileetako bat izan da 2012. urtetik. Bertan, pelikula-aukeraketa bat biltzen da, urteko Espainiako zinemaren eszenategiaren lagin bat, gure estatuan estreinatutako edo gabeko ekoizpenak eskainiz; Zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen du horien nazioarteko zabalkunderako.