tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiko kontuak > Bidegurutzea
Bidegurutzea
Ostirala, 2018(e)ko irailaren 7

Zinema-jaialdi oro bidegurutze bat da, eta arte zinematografikoa ulertzeko hainbat modu biltzen ditu barnean; elkargune bat da, eta bertan bide seguru eta ezagunak adarkatzen eta ustekabeko bihurtzen dira, edo, helmuga oraindik oso argi ez badago ere, horrexegatik tentagarriagoak izan daitezkeen beste batzuekin gurutzatzen. Bidegurutzeetan galtzeko arriskua dago beti, baina mundu osoko zinemagileek ikusleekin elkarrizketa aberasgarria izateko balio duen aste honek, batez ere, galtzeko aukera aldarrikatu beharko luke, ohiko bideetatik kanpo ibiliz paisaia eta bizipen berriak ezagutzearen plazera.

Halako desbideratze iradokitzaileak proposatzen dizkigute aurten 66. Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehiatzen diren filmetako batzuek. Izan ere, estilo eta izaera bereizgarria duten zenbait zinemagilek generoko zinemaren konbentzioak berridatzi dituzte: Peter Strickland ironiaz hurbildu zaio fantasiazko zinemari In Fabric-en, eta Kim Jee-woonek irmotasun narratiboz erakusten digu etorkizun distopiko bat Illang-en; Juan Verak zorroztasunez berrikusitako komedia erromantikoa proposatzen du El amor menos pensado filmean, eta José Luis Cuerdak Tiempo después dakar, bere umore sailkaezinetik iragazitako sainete bat; Claire Denis zientzia fikzioaren alorrean barrendu da High Life filmarekin, eta Valeria Sarmientok folletoi erromantikoari begiratu dio Le cahier noir lanean; Icíar Bollaínen Yuli-n bat egiten dute dokudramak eta film biografikoak, eta melodramari dagokionez, Carlos Vermutek bere ikuspegi harrigarriarekin begiratu dio Quién te cantará filmean; Naomi Kawasek bere sentikortasun bitxiaren bidez Vision-en, eta Louis Garrelek bere umore-zentzua gaineratu dio L'homme fidèle-n; Markus Schleinzerrek begirada kritikoa eman dio "garaiko" zinema tradizionalari bere lanean, Angelo-n; Enrique Urbizuk, Jorge Doradok eta Rodrigo Sorogoyenek ukitu errealista eta sozial nabarmena jarri diote thrillerari Gigantes-en eta El reino-n, eta Benjamín Naishtatek ustekabeko bide malkarretan zehar darama intriga Rojo-n; Telmo Esnal liluraz eta edertasunez gerturatu zaio dantza tradizionalari Dantza filmean... Beste zuzendari batzuek, aldiz, estilo hurkoa, zuzena eta konplazentziarik gabea aukeratu dute orotariko arazo sozialak agerira ekartzeko: horren adibide dira, kasurako, Brillante Mendoza (Alpha, The Right to Kill), Liu Jie (Baby), Isaki Lacuesta (Entre dos aguas), Felix Van Groeningen (Beautiful Boy), Simon Jaquemet (The Innocent) eta Tuva Novotny (zuzentzen duen lehenengo film luzean, Blind Spot). Era batera nahiz bestera, guztiek garatu dituzte munduarekin eta tradizio zinematografikoarekin erlazionatzean leku komunak saihesteko moduak.

Bi modu daude jadanik txunditzeko gai ez diren bide higatuei ihes egiteko. Bata, zuzendari berrien urratsei jarraitzea, ez baitute beldurrik inork ibili ez dituen bideetan sartzeko. Halakoak dira aurten New Directors sailean aukeratutako guztiak eta Horizontes Latinos eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan izango diren hainbat; errealitate eta bizipen aski desberdinak islatzen dituzten europar, asiar eta latinoamerikar zinemagileak, betiere aurreiritzietatik eta konbentzioetatik urrun dagoen begirada berri batez. Ihes egiteko beste modua eskarmentu handiko ibiltariez fidatzea da, eremua ezin hobeki ezagutzen dutenez ustekabeko txokoak erakusteko gai baitira: beste askoren artean, Jean-Luc Godard, Carlos Reygadas, Ana Katz, Bi Gan, Julio Hernández Cordón, Albertina Carri, Bruno Dumont, Lola Arias, Lucile Hadzihalilovic eta Jean-Gabriel Périot izango dira ortodoxia zinematografiko guztietatik aldenduko gaituzten gidariak. Gainera, Muriel Box britainiar zinemagileari eskainitako atzera begirakoak ikuspegi femenino zorrotza jarriko die komediaren, melodramaren eta zinema beltzaren moduko genero klasikoei.

Biderik ez duten paraje esploratu gabeak zabaltzen zaizkigu aurrean, ikus-entzunezkoaren alorrak bere historiako une gorabeheratsu eta zirraragarrienetako bat bizi duen honetan. Eta zinema-jaialdiek nahitaez urratu behar dituzte bide berriak, eta babesa eman behar diete horietan sartzera ausartzen direnei. Elías Querejeta Zine Eskola errealitate bihurtu da aurten, eta Donostia Zinemaldia elkarlan aktiboan aritzen da lehenengo promozioak prestakuntza jaso dezan. Gauza bera egiten du ikus-entzunezko artista talentudunei Donostian proiektu berriak garatzeko aukera ematen dien Ikusmira Berriak programaren bidez, eta Nest Film Students topaketaren bitartez promesa berrien film laburrak ematen ditu ezagutzera. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak etorkizuneko filmen ekoizpena sustatzeko konpromisoari eutsi dio, eta aurten Baltikoko herrialdeetako etorkizun handiko zinematografietan jarri du arreta. Orobat, postprodukzio-faseko beste lan batzuei babesa ematea da oraindik ere Zinema Eraikitzen (Latinoamerikako zinemarako) eta Glocal in Progress (hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako filmetarako) ekimenen helburua. Zinema-jaialdiak, azken batean, iparrorratz gisa balio dezake bere ikusle guztiei eskaintzen dien ibilbide zoriontsu eta betiere probetxuzkoan.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea