tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemira Saria > Ramón Agirre
Ramón Agirre
 

Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian, Jainkoak ez dit barkatzen / God Doesn't Forgive Me filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria banatuko da. Donostia Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE/APV ekoizleen elkarteak euskal zinemagintzako pertsona ospetsu bati ematen diote ohorezko sari hori. Aurreko urteetan Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016) eta Julia Juaniz (2017) izan dira saridunak, eta aurten, 2018an, Ramón Agirre aktorearen ibilbidea ohoratuko da.

Arkitektura ikasi eta gero, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Antzerti arte dramatikoko eskolan ibili zen Agirre (Donostia, 1954), eskolako lehenengo belaunaldietako batean. Haren lehenengo lan zinematografikoen artean, 27 horas (27 ordu, Montxo Armendariz, Zilarrezko Maskorra, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1988) daude. Horrez gain, zuzendari hauen esanetara aritu da, besteak beste: Álex de la Iglesia (El día de la bestia / Piztiaren eguna, 1995), Manuel Gutiérrez Aragón (Visionarios, Sail Ofiziala, 2001), Pablo Malo (Frío sol de invierno, Zuzendari Berriak, zuzendari berri onenaren Goya saria, 2004), Asier Altuna eta Telmo Esnal (Aupa Etxebeste!, Gazteriaren Saria, 2005), Emilio Martínez Lázaro (Las 13 rosas, 2007, lau Goya sari eta beste hamar izendapen), Aizpea Goenaga (Sukalde kontuak, Zinemira – Panorama 2009), Aitor Mazo eta Patxo Telleria (La máquina de pintar nubes / Hodeiak pintatzeko makina, Zinemira 2009) eta Alberto Gorritiberea (Arriya, Zinemira-Panorama, 2011).

Azken urteetan jardun bereziki oparoa izan eta hainbat zuzendarirekin egin du lan: besteak beste, Michael Hanekerekin Amour filmean (Urrezko Palmorria Cannesen, atzerriko hizkuntzako film onenaren Oscar saria eta Fipresci Sari Nagusia Donostian, 2012), eta Fernando Franco (La herida, Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, 2013), Mikel Rueda (A escondidas / Ezkutuan, 2014), Fernando González Molina (Palmeras en la nieve, 2015), Pedro Almodóvar (Julieta, Canneseko sail ofiziala eta Made in Spain, 2016), Fernando Trueba (La reina de España, 2016), eta Aitor Arregi eta Jon Garañorekin (Handia, Epaimahaiaren Sari Berezia, Euskal Zinemaren Irizar saria eta hamar Goya, 2017).

Aurten, New Directors saileko Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmean eta Zinemiran aukeratutako beste hiru lanetan agertuko da; hain zuzen, Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Errementari (Paul Urkijo, 2017, Publikoaren Saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean) eta Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017) filmetan. Eta 2019an beste bi lan estreinatuko ditu: Daniel Calparsororen film berria, El silencio de la ciudad blanca, eta Agur Etxebeste!, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako filmaren bigarren zatia.

Film laburretan ere aritua da Agirre, esate baterako, Adiós Toby, adiós (Ramón Barea, 1995), Tercero B (Jose Mari Goenaga, Kimuak 2002) eta Deus et machina-n (Koldo Almandoz, Kimuak 2012), eta zenbait animazio-piezaren ahotsa jarri du, hala nola Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro, Kimuak 2011) film laburrarena.

Zinemaldian, 2011n epaimahaikide izan zen Bi anai (Imanol Rayo) filma saritu zuen Serbitzu-Zinemira sariaren epaimahaian.

Ezin konta ahala antzezlanetan ez ezik, telesail eta telebista-programa ezagunetan ere antzeztu du Agirrek, bai Euskal Herrian (Bertan Zoro, Bi eta bat, Goenkale, Martin eta, duela gutxiago, Go!azen), bai Espainian (El joven Picasso, Los ladrones van a la oficina, Canguros, Hermanos de leche, La casa de los líos, Petra Delicado, El comisario, Médico de familia, Periodistas, Hospital central, Aquí no hay quien viva eta La familia mata).

Halaber, Susa argitaletxeak 1983an argitaratutako Eta zergatik ez?… Sigrid poesia-liburua irudiztatu du Agirrek, eta 1994an Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria eraman zuen Errenta antzezlanaren testuari esker.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea