tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Ikusmira Berriak programa proiektuei ikusgarritasuna emateko aukera paregabea da
Ikusmira Berriak programa proiektuei ikusgarritasuna emateko aukera paregabea da
Asteartea, 2019(e)ko martxoaren 5

Otsailaren 11n hasi zen Ikusmira Berriak programaren bosgarren edizioa, eta igande honetan amaituko da bere lehen fasea. Lau aste hauetan, jasotako 174 proposamenetatik hautatuko bost errealizadoreek (Raven Jackson, Martina Juncadella, Alberto Martín Menacho, Aitziber Olaskoaga eta Michael Wahrmann) euren proiektuak garatu dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean.

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.

Bosgarren edizio hau Ikusmira Berriak-en egitura berriarekin egin da: lehen aldiz bi egonaldi egin dira, otsailean eta irailean. Horren xedea da errealizadoreek egonaldiari ahalik eta etekin handiena ateratzea, denbora izatea proiektua garatzen jarraitzeko aurkeztu aurretik eta Donostiako Zinemaldian produktore, inbertitzaile eta banatzaileekin bilerak izatea.

Prozesu horretan laguntzeko, Donostiara etorri dira, halaber, Valeska Grisebach, zinemagile alemaniarra, zeinak aurten hartuko duen parte lehen aldiz programan, eta Sergio Oksman, zuzendari brasildarra. Horiek TorinoFilmLab laborategiko eta Turineko Scuola Holden eskolako zuzendari Savina Neirottirekin batera Adituen Batzordea osatuko dute.

Egonaldiaren lehengo astean, eta aurtengo berrikuntza gisa, elkar gurutzatu dira Elías Querejeta Zine Eskolako programak eta Ikusmira Berriak: egoiliarrek banakako tutoretzak izan dituzte Oliver Laxerekin eta Salomé Lamasekin (EQZEko tutoreak), eta eskolako agendan parte hartu eta EQZEko ikasleekin batera jardueretara joateko aukera izan dute.

Beste urte batez, Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagile eta Vento Filmsen sortzaileek zinemaren gaineko jakintza eta esperientziak partekatu dituzte egoiliarrekin.

Martxotik irailera bitartean, zinemagileek euren proiektuetan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen sareko tutoretza jasoko dute. Irailean, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak betetzera. Itzulera horretan, proiektuak garapen handiagoa izango du, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren gaineko ikaskuntza-tailer bat antolatuko da, eta pitching saiorako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.

Ikusmira Berriak-en lehen edizioetan hautatutako hiru proiektu amaitu eta Zinemaldian aurkeztu dira: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calicen eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016an eta 2017an. Horiez gain, iaz Ikusmira Berriak-en lehengo edizioko egoiliarren bi film luze estreinatu ziren: Xacio Bañok zuzendutako Trote Locarnon eta ondoren Zabaltegi-Tabakaleran, eta Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa Gijonen. Gainera, iaz egoiliar izan zen Manuel Abramovichek Berlinale film laburren nazioarteko lehiaketako Epaimahaiaren Saria, Zilarrezko Hartza, jaso du Blue Boy lanagatik.

Bost zinemagileei galdetu diegu zergatik aurkeztu zituzten euren lanak Ikusmira Berriak programan eta zein espektatiba dituzten esperientziari dagokionez.

 

Zergatik aurkeztu zenuen zure burua Ikusmira Berriak-en?
Ikusmira Berriak-en egonaldi bat egiteko aurkeztu nuen nire burua arrisku- eta berrikuntza-toki bat delako. Iaz NEST saiaren bitartez laburmetraia batekin festibalera etorri eta Tabakalera ezagutu eta gero, banekien espazio hau nire lehenengo film luzea egiteko toki paregabea izango zela.

Lehenengo aldia da egonaldiak bitan banatu direla: otsailean eta irailean. Zer deritzozu egitura horri?
Programaren egungo egiturak ondo funtzionatzen du; izan ere, proiektuari arnasteko eta hazteko aukera ematen dio egonaldi baten eta bestearen artean. Gogo handia dut nire filma berriro ere irailean aurkezteko, eta, bitartean, ilusio handiz egingo dut lan aurrerapenak egiteko.

Zein espektatiba dituzu egonaldiari dagokionez?
Nire espektatiba da egonaldiaren bukaeran sakonago errotuta edukitzea nire film luzea. Horrez gain, dena ondo badoa, gidoi osoaren lehen zirriborroa idatzita edukitzea ere gustatuko litzaidake. Era berean, egonaldiaren bigarren fasean industriako pitching-a lanzen denez, proiektuari buruz modu erakargarri eta argian hitz egiteko hizkera zehatza eraikitzen jarraituko dut. Dena den, beste edozeren gainetik, egonaldiak film luze bat garatzean nola egiten dudan lan ikasten lagundu dit. Zein inguruk estimulatzen duten nire sormena. Bakarrik egoteko behar dudan denbora. Eta, aintzat hartuta nire lehen film luzea dela, baliagarria izan da, besterik gabe, nire kasuan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko.


All Dirt Roads Taste of Salt
Raven Jackson  (AEB)

All Dirt Roads Taste of Salt lan lirikoa eta ez-lineala da, oroitzapenen testura gogora ekartzen duena. Lanaren bidez, Estatu Batuetako hegoaldeko emakume beltz baten bizitza kontatzen digu, gaztetatik bizitzako azken urteetara arte.

Zergatik aurkeztu zenuen zure proiektua Ikusmira Berriak-en?
Pentsatzen dudalako luxu bat dela film bat idazteko lanari hilabete bat eskaintzea (luxua denbora da, niretzat lehenengo aldia da baldintza hauek ditudana. Halaber, uste dut neu eta nire pelikula beste ikuspegi batekin aurrez aurre jartzeak aurrea eginarazi eta ikasarazi egingo didala. Eta orain horixe baino ez dut nahi.

Lehengoa aldia da egonaldiak bitan banatu direla: otsailean eta irailean. Zer deritzozu egitura horri?
Ezin dut aurrekoarekin alderatu, ez baitut beste eredua bizi izan. Baina, uste dut ideia ona dela. Niri gustatzen zait denborak aurrera egiten uztea idazten dudanean, pausatzen utzi eta egun edo hilabete batzuk geroago berriro ekin. Beraz, uste dut martxoa eta iraila bitartean filmak bere bidea egingo duela eta hazi egingo dela. Muntatu bitartean idatzi egingo da; beraz, zergatik ez bideaz gozatu?

Zein espektatiba dituzu egonaldiari dagokionez?
Batik bat esperientziaz gozatzea eta idatzi, irakurri eta hausnartzea. Martxoaren 10ean, eroso sentiarazten nauen narratiba bat badaukat, hobeto; osterantzean, beti egongo da hor lan horri eskaini diodan denbora. Nire lana eta berau osatzen duten elementuak hobeto ezagutzea.


Antier noche / Nights Gone By
Alberto Martín Menacho  (Suitza - Espainia)

Neguko hilabete hotzetan zehar, Extremadurako iparraldeko mendietan ehizara joaten dira. Ana (20) eta Juan Luis (25) bikote gaztea dira, eta erritual horretan txakurrak gidatu behar dituzte. Anak denboraldi bat darama herritik ihes egiteko eta hiriburura emigratzeko nahiarekin. Bikoteak elkarren arteko harremanaren baldintzak negoziatu behar ditu, eta elkarrekin jarraituko duten edo ez erabaki behar dute. Martín (11) Anaren neba gaztea da; haurra landa-eremuan hazten ari da, naturaren indarkeriaren albo-alboan. Behar bada, gaur egun banaketa bat irudikatzea desagertzen ari den mundu zaharraren eta agertzen ari den mundu modernoaren arteko haustura gogora ekartzea da. Antier noche gazteria honen isla da. 

Zergatik aurkeztu zenuen zure proiektua Ikusmira Berriak-en?
Ikusmira Berriak programa, batetik, jorratzen ari garen proiektuari ikusgarritasuna emateko aukera paregabea da. Bestalde, tartean daudenez Tabakalera, Zinemaldia eta Zine Eskola, egonaldiak eskaintzen dituen giza baliabideak, ekonomikoak zein azpiegituren baliabideak oso egokiak dira proiektua sakonki garatzeko. Nire lehenengo proiektua berez dago lotuta euskal testuinguruarekin, eta horrexegatik erabaki nuen deialdian aurkeztea, ea zortea nuen.

Lehengoa aldia da egonaldiak bitan banatu direla: otsailean eta irailean. Zer deritzozu egitura horri?
Aldaketa oso egokia iruditzen zait. Ikus-entzunezko proiektuek denbora luzea behar dute, ideia sortzen denetik amaierara arte; hortaz, oso osasungarria da sei hilabete izatea egonaldiaren lehenengo eta bigarren zatien artean. IBren bigarren faseak filmaren pitching-a du ardatz zinemaldiak dirauen egunetan, eta aurreko lan-hilabete horiek ezinbestekoak dira proiektu helduagoarekin itzultzeko, eta espero dugu aurreratuagoa izatea (aurre)ekoizpenean. Egonaldiko zenbait arduradunek esan digutenaren arabera, aurreko urteetan amaierako pitching-a kezka-iturri zen egoiliarrentzat egonaldiaren hasieratik bertatik. Beraz, asko poztu ninduen euren egitura birplanteatzeko gai izateak.

Zein espektatiba dituzu egonaldiari dagokionez?
Batetik, IBk eskaintzen dizkigun denbora eta lan-guneak ahalik eta gehien baliatzea, filma bete-betean jorratzeko, eta ahalik eta gehien garatzeko. Bestetik, nire proiektua kideekin partekatzea eta eztabaidatzea, baita sektore zinematografikoko profesionalekin ere, garatzen ari naizen bitartean, birplanteatzen eta aberasten lagun baitiezadakete. Hemen egotea luxua da.


Jo ta ke / Non Stop
Aitziber Olaskoaga  (Espainia)

1990. urtean Negu Gorriak taldeak lehenbiziko kontzertua egin zuen Herrera de la Mancha espetxearen aurrean. Beranduago, emanaldiaren VHSa jarri zuen salgai. Zinta hori sinbolo bihurtu zen ezker abertzalearen jarraitzaileentzat. Jo ta ke bideo-entseguaren abiapuntua irudi horiek dira, hain zuzen, baita zuzendariaren senideen oroitzapenak ere. Haren bidez, hausnartu egiten du nazio-identitatearen eraikuntzari eta aberriaren, aitaren eta abertzaletasunaren arteko loturari buruz. Proiektuak egilearen kontzientzia politikoaren susperraldia jasotzen du, euskal inguru politizatu eta polarizatu batean.

Zergatik aurkeztu zenuen zure proiektua Ikusmira Berriak-en?
IB programak aukera ematen du proiektuaren zenbait alderdi aldi berean jorratzeko. Alde batetik, Tabakalerako lan-guneak, denbora esklusiboak eta adituen laguntzak lana sakontzeko eta proiektuan aurrera egiteko sormen-aukera ematen digu. Bestetik, Donostiako zinemaldian parte hartzeak eta industriari proiektua aurkezteak aukera ematen digu proiektua gure habitatetik at kanporatzeko eta ekoizpen- eta hedapen-alderdiak jorratzeko. Eta, nolabait, bi alde horiek oso garrantzitsuak dira proiektua garatzeko eta hazteko.

Lehengoa aldia da egonaldiak bitan banatu direla: otsailean eta irailean. Zer deritzozu egitura horri?
Bereizketa oso osasungarria iruditzen zait. Lehenik, denbora-tartea zabaltzen duelako hasierako garapena-fasearen eta proiektu garatuagoa aurkezteko bigarren fasearen artean. Hortaz, lehengo eta bigarren zatien arteko bi hilabete horiek proiektua garatzeko eta jorratzeko aukera ematen dute, irailean bertsio koherenteagoa eta argiagoa aurkezteko. Eta, bigarrenik, aukera ematen duelako lehenengo etapa hori ia soilik sormenean kontzentratzeko, maiz energia kentzen digun "pitching" bikain eta berehalakoa aurkezteko tentsioa izan gabe.

Zein espektatiba dituzu egonaldiari dagokionez?
Batetik, kontzentratu ahal izateko denbora eta isiltasuna izatea eta proiektua jorratzea inguruko ezerk kezkatu gabe. Bestetik, elkar-truke sakona izatea gainerako egoiliarrekin, tutore adituekin, zine-eskolako ikasleekin eta, oro har, Tabakalerako espazioarekin eta bertakoekin.


Sem dor / Painless (Minik gabeko)
Michael Wahrmann  (Brasil - Portugal - Argentina)

Erretiroa hartutako bikote frantses batek abandonatutako etxe bat erosten du Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean. Irla haiek uste baino isolatuago dago. Baina, erositako lurraldera iritsi bezain laster, konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoez osatutako arrantzale-herri txiki bat dagoela. Herritarrek gorputzean dituzten orbainek hamarkadetan zehar gordetako sekretua ezkutatzen dute. Lanak lurrari eta mugei lotutako klase-borroka irudikatzen du, eta galderak planteatzen ditu mugei eta min mota ezberdinei buruz, beldurrezko thriller sozialen estiloa jarraituz.

Zergatik aurkeztu zenuen zure proiektua Ikusmira Berriak-en?
Donostiako Zinemaldiko zine-ikasleentzako sail Nest-en parte hartu nuenean Ikusmira Berriak ezagutzeko aukera izan nuen. Film luzearen proiektua garatzen hasi nintzenean, egonaldi horrek kideen eta tutoreen arteko truke-elementuak biltzen dituela iruditu zitzaidan, eta, era berean, zure proiektua garatzeko espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkizu.

Lehengoa aldia da egonaldiak bitan banatu direla: otsailean eta irailean. Zer deritzozu egitura horri?
Uste dut primeran dagoela; izan ere, lehenik, sortzeko ahalmenean kontzentratzen gara, eta, bigarrenik, industriaren atalean murgil gaitezke.

Zein espektatiba dituzu egonaldiari dagokionez?
Aste hauek proiektua gehiago pentsatzeko, idazteko eta ikertzeko baliatuko ditut. Oso bultzada egokia da datozen hilabeteetarako.


© ''Cartones de Rafael-Hoy'' Mónica Rossi, 1981
Un personaje volador / A Flying Character
Martina Juncadella  (Argentina)

Amaren heriotzagatik doluan dagoenean, idazle bat Buenos Aireseko erdiguneko hotel mitikora lekualdatzen da. Bere hurrengo nobelari ekiten dion bitartean, hirian zehar noraezean ibiltzen da, ireki ezin duen margolan-biribilki batekin. Ezezagun batzuekin topaketa ustekabe bezain errebelatzaileak izan ondoren, bere egunak arraro bihurtzen dira. Gau luze batean, azkenean lortu egiten du bere amak utzitako obrak zabaltzea. Ordutik aurrera, ez da soilik bera izango: Pablo ere izango da, pizti neurrigabea eta samurra; Úrsula ere izango da, emakume kaustiko eta malenkoniatsua. Hiru nortasun, hiru bizitza, eta denak ala denak esperientzia berean bilduta.


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea