tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Michell: “Errazagoa da tragedia bat filmatzea komedia bat baino”
Michell: “Errazagoa da tragedia bat filmatzea komedia bat baino”
Larunbata, 2019(e)ko irailaren 21

Blackbird-en emanaldiarekin hasi da Urrezko Maskorra lortzeko lehia eta estreinako negar malkoak sorrarazi ditu bere sufrimenduari amaiera jarri nahi dion gaixo terminal baten azken asteburua kontatzen duen filmak. Susan Sarandonek bikain hezurmamitzen duen pertsonaiak familia osoa bilduko du, bizirik jarraitu nahi ez duela jakinarazteko. Horrek agerira ekarriko ditu familiako liskar ezkutuak, baita bi alabek amari dioten maitasuna ere.

90eko hamarkadaren amaieran Notting Hill komedia erromantikoarekin txarteldegiak leherrarazi zituen Roger Michellek Silent Heart (2014) dramaren remakea zuzendu du. “Egia esateko, errazagoa da tragedia bat filmatzea komedia bat baino. Hala ere, leuntasun handiz tratatu beharreko gaia zen eutanasiarena. Oraindik orain eutanasia eta suizidioaren arteko mugak, legeari buruz ari bagara behintzat, lauso batean baitaude munduko herrialde gehienetan”, azaldu du zuzendariak.

“Alabaina –hariari heldu dio Sam Neill aktoreak–, gaur egun jendea oro har denbora gehiago bizi da, eta euren patua kontrolatu nahi dute, ez dituzte gauzak halabeharraren eskuetan utzi nahi, bai bizirik daudenean baita heriotzari aurre egin behar diotenean ere”.

Filma asteburu huts batean dago kontatua, zeinean Lily (Sarandon) gaixo terminala bere sufrimenduari amaiera ematea erabakita dagoen. Bi egun horietan ahaideek berriro elkar ezagutzeko, iraganeko zamak aireratzeko eta barre nahiz negar egiteko aukera izango dute.

Neillen arabera, “Susan eta ni ez dugu gehiegi hitz egin behar lan egiteko orduan, begirada hutsez ulertzen dugu elkar”. Aktoreak adierazi duenez, “oso harreman estua sortu dugu. Konfiantza asko hartu dugu guztiak oso film korala delako eta eszena gehienetan guztiak irteten garelako. Zortzi laguneko aktore multzoa ginen eta han geunden denbora guztian elkarrekin”.

Connecticuteko kostaldea irudikatzen duen Chichester (Ingalaterra) inguruan bost aste eskasetan gauzatu zen filmaketa, dekoratu bakar batean eta kronologikoki gainera. “Beti toki berean eta kronologikoki filmatzea, aktoreek pertsonaia biribilak sor ditzaten… Zer gehiago eska daiteke?”, pozik esan du zuzendariak bere hitzaldiari amaiera emateko.

Sergio Basurko

 
Sam Neill eta Roger Michell
Sam Neill eta Roger Michell

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea