tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Ametsen atarian ahaztutakoei so
Ametsen atarian ahaztutakoei so
Varados
Larunbata, 2019(e)ko irailaren 21

Kasualitatez iritsi zen Helena Taberna atzo Zinemira saila ireki zuen Varados proiektura. Zaporeak GKEak deituta pieza bat egiten hasi eta errefuxiatu-eremuetako bizimodua ezagutu zuenean piztu zitzaion dokumentala lantzeko beharra. Jakin-min handia sorrarazten zion Grezian gertatzen ari zena, izan ere, Mediterraneoan Europak noiz hartuko dituen zain milaka errefuxiatu egoteak “egoera bereziki maltzurra” iruditzen zitzaion. “Gure zibilizazioaren sehaska izan zen itsasoa hilobi bihurtu da”, dio zuzendari nafarrak.

Varados-ek iraupen luzeko errefuxiatuen eguneroko bizitzara hurbiltzen du ikuslea. “Auziari europar kulturak, arteak eta intelligentsiak emandako erantzuna paralisia izan da, baina nik gertatzen ari dena kontatu nahi nuen”, dio Tabernak, “ez nekien nolako pieza aterako zitzaidan baina gerrilla-boluntariotza ekintza bat egin nahi nuen”. Hala ere, zuzendariak panfletotik urrundu nahi izan duela argitu du, geruza bat baino gehiagoko kontakizuna osatuta.

Kontinente zaharraren ateetan, itxaropenari eta duintasunari eusteko borrokan ari dira errefuxiatuak. Baldintza kaskarretan bizi arren eta nekeak atsekabetuta bizi badira ere, pertsona horien ametsek aurrera darraite, temati. Varados iraupen luzeko errefuxiatu horien eguneroko bizitzara hurbiltzen da, errespetuz, eta GKEen lanaren gorazarrean erori gabe. Atenaseko eraikin okupatuetan nahiz herrialdean zehar sakabanatutako errefuxiatu-eremuetan, bizitzan aurrera egiten utziko dien dokumentazioaren zain jarraitzen dutenei begira jarri da zuzendaria. “Euren bizimodua erakutsi nahi nuen; errefuxiatuei ahotsa ematea premiazkoa da", azaldu du. Dokumentalera jo du horretarako, Agnès Vardak emandako aholkuari jarraituz. “hark zioen fikzio zuzendari guztiek egin beharko luketela dokumental bat, umiltasun ariketa gisa”.

90eko hamarkadan zinemagintzan hasi zenetik, Tabernak gizarte gaietan sakondu du fikzio-film nahiz dokumental ugaritan. Euskal gatazkari, memoria historikoari zein genero-indarkeriari buruzko gogoetak proposatu ditu bere ibilbidean. Oraingoan, migrazio mugimenduetan jarri du arreta, gizartearen etorkizuna izango direla iritzita.

Zuzendaria ilusioz beteta etorri da Zinemaldira: “Proiekzioak aretoetan egitearen aldekoa naiz, gero eta gehiago”, esan du, “beste energia bat egoten da”. 

Irene Elorza

 
Helena Taberna bere lantaldearekin
Helena Taberna bere lantaldearekin

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea