tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Patua baita gosea
Patua baita gosea
Macario
Larunbata, 2019(e)ko irailaren 21

Resureccion Maria Azkue abade bizkaitarrak jaso zuen, Euskalerriaren Jakintza lan monumentalean, Ikazkina eta herioa ipuina, Baztango agure baten ahotik. Nola etxola batean ikazkina bizi zen, baba, talo eta gasna beste jakirik ez zuela, eta afari puska bat egiten ari zela, nola ahots bat entzun zuen, deika: “Nor da?”. “Gau honetarako ostatu nahi nuke”. “Baina nor zara?”. “Jainkoa naiz”. “Zuri ostatu? Batzuk ondasunez beterik dauzkazu; besteak, egun guztian lan egin eta ere, jatekoa urri dutelarik. Ez, zoazi hortik”. Handik gutxira, atean berriro jo zuten. “Gau honetarako ostatu nahi nuke”. “Baina nor zaitut?”. “Herioa naiz”. “Zuri bai, gogotik. Zu guztiekin berdin zara: naiz aberats naiz erromes, nahiz handi naiz tipiekin”.

Ugari dira gure inguruko tradizioan heriotzarekin tratua egin eta, trukean, mesede jasotzen duen jende txiroaren istorioak. Europa osoan ere halatsu: ipuin eta kondairen biltzaile bikote handienetakoak, Grimm anaiek, XIX. mendean jaso zuten heriotzaren eta gizaki zorigaiztokoaren arteko akordioaren parabola. Mezua argia da: herioaren mesedea ez da inoiz debaldekoa; iritsiko da eguna kobratzekoa, eta beti izango da dohakabearen kalterako, heriotzak beti egiten baitu bere lana.

Macario lanean, Roberto Gavaldónek Mexikoko landa giroko miseria eta sineskeria erretratatu zuen maisuek bakarrik egiten duten pintzelada zehatz eta artetsuz: gosea; etsipen sekulakoa; etorkizunik eza; gizartea zatitzen duen lubaki betierokoa. Ideia garbi eta eraginkorrak lagun, zuzendariak munduan izan daitekeen tristurarik handienaren isla margotu nahi izan zuen ideia bakar batekin: seme-alaba gosetiei jana ere uka diezaiekeen aita baten berekoikeria, zergatik eta beti ezagutu eta betirako dela iruditzen zaion gose sentsazio alimalekoa arintzearren.

Gidoiak, horregatik, ez dauka misterio handirik. Badakigu, lapurtutako guajolotea etxetik ezkutuan ateratzen duenetik, aitak ezin izango duela bere ametsa bete, alegia: hegazti koipetsu eta zaporetsua berak bakarrik dastatzea. Eta badakigu norbaitekin tratua egingo duela eta tratu horrek ondorioak ekarriko dituela, berarentzat zein familiarentzat. Baina, gidoiaz harago, Macario protagonistaren inozentzia da filmaren gaia: uste baitu patuarekin janaria partekatzeagatik lortutako mesedeei esker bizitza soluzionatuko zaiola. Amaiera, noski, ez da hain zoriontsua.

“Gure gainetik dagoen ordena existitzen da, zuk ulertzen ez dituzun legeak”, esaten dio herioaren mezulariak laborariari. Eta hain zuzen ere filmean dagoen ideia hori kritikatu zioten Gavaldóni, 1960an bere lan gorenetako hau estreinatu zenean, “erreakzionarioa eta konformaerraza” izateagatik. Jakina, Macario filma Hego Amerikako literaturaren errealismo magikoarekin oso lotuta dago, eta ez da kasualitatea Juan Rulfok urte batzuk lehenago argitaratutako izen bereko ipuinaren protagonistak txantxoei ematen dien garbantzu purearen zati bat ere bera jaten ibiltzea.

Patua baita gosea. Eta herioa, azkarra. Macario filmean bezala; Baztango ikazkinaren ipuinean bezala. 

Alberto Barandiaran

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea