tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Waddington: “Filmak moraltasunaren inguruko eztabaida proposatzen du”
Waddington: “Filmak moraltasunaren inguruko eztabaida proposatzen du”
Patrick • Portugal-Alemania
Osteguna, 2019(e)ko irailaren 26

Patrick, hogei urteko gaztea, Parisen bizi da bera baino helduagoa den gizon batekin. Etxean egingo duen festa batean Polizia agertuko da, eta atxilotu egingo dute drogak izateagatik eta neska batekin bortitz ari delako jokatzen. Komisarian, baina, ikusleak jakingo du Patrick zortzi urte zituela bahitu zutela, eta urteak egin zituela desagertuta. Hortik aurrera, amarekin eta senide gertuenekoekin –izeba eta lehengusina bat– izango duen harreman hotz eta gatazkatsuak ardaztuko du filma.

Prentsaurrekoan, Gonçalo Waddington zuzendariak segituan hartu du hitza filmeko alderdi moralari heltzeko. Bere aburuz, Patricken pertsonaiak badaki ongiaren eta gaizkiaren artean desberdintzen, baina traumaren ondorioz haren pertzeptzioa ohizkotik oso bestelakoa da. “Pelikulak ikusleari auzi moralak sortu badizkio, primeran, lortu dut nire helburua; ez dut lezio moralik eman nahi, bai ordea jendeak proposatzen dudan ezbai moralean sakontzea”, esan du.

Protagonista oinazetuaren amarena egiten duen Teresa Sobralek adierazi duenez, “Patrickek munstro bihurtu dela uste du, ongia eta gaizkia bereizten ez dituen pertsona. Barrutik suntsituta sentitzen da, eta batzuetan pentsatzen du hobe zuela hilda balego”.

Zuzendariak lehen planoak baliatu ditu ikusleak pertsonaiarengana hurbiltzeko eta haren buruan sartzen saiatzeko. “Horixe planifikatu nuen gidoia idazterakoan. Zerbait berariaz erakusten duzunean, erreakzioa da garrantzitsuena. Protagonistak ez du adimen emozional nahikorik zer gertatu zitzaion azaltzeko”.

Pertsonaia eraikitzeari buruz xehetasun guztiak behar bezala prestatu zituztela esan du Hugo Fernandes gazteak. “Hainbat aldiz joan nintzen Portugalera lantaldea ezagutzera, eta filmaketa hasterako erabat eroso sentitu nintzen gainerako aktoreekin. Horrez gain, Gonçalo aktorea ere badenez, ongi daki aktoreak nola gustura sentiarazi”. Waddingtonek gaineratu du frantsesa eta portugaldarra ongi zekizkien norbait aurkitu nahi zuela eta Fernandesekin topo egiterakoan “zaputz samarra zela konturatu nintzen, ez zidan zuzenean begietara begiratzen. Urduri zegoelako zen, baina begiratzeko modu hori zen, hain zuzen ere, bila ari nintzena”.

Carla Macielek (Patricken izeba filmean) gogoratu duenez, filmatzen hasi aurretik egonaldi artistiko bat egin zuten pertsonaiei buruz hitz egiteko, “horien moraltasunari buruz batik bat”. Sen horretan gaineratu du solasaldi horietan pertsonaien iraganak eraiki zituztela, filmatzerakoan “suntsitutako nortasunak berreraikitzeko ahaleginean”. 

Sergio Basurko

 
Gonçalo Waddington eta filmeko lantaldea proiekzioaren osteko argazki-saioan.
Gonçalo Waddington eta filmeko lantaldea proiekzioaren osteko argazki-saioan.

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea