tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Etxean dago zure tokia
Etxean dago zure tokia
El gallo de oro
Larunbata, 2019(e)ko irailaren 28

Mexiko bat badago sinesbera, superstiziosoa, klasista eta atzerakoia; denboran geldi, munduaren agintea daramaten jainko eta deabru guztien gidaritzatik inoiz bereizten ez dena; Mexiko bat non patuak jaiotzetik markatzen zaituen, non ia ezinezkoa den klase sozial batetik bestera salto egitea.

El gallo de oro (Urrezko oilarra) filmean, Roberto Gavaldonek aitzakia identifikagarria behar zuen gizarte horren erretratu kostunbrista egin ahal izateko, eta oilar borrokak baliatu zituen atrezzotzat. Eta korridoak: “Qué te falta, mujer qué te falta/ qué te falta si estás a mi lado/ soy dichoso, no soy desgraciado/ tengo madre que llora por mí” kantatzen du Lucha Villak, zoragarri, eta kanta bera filmaren protagonistaren bizitzaren metafora bat da: Dionisio Pinzon pregoilari koitaduarena, beti ametsetan ea koilara handi batekin jan ahal izango dituen amak prestatzen dizkion frijoleak. Eta hara non, koilara handiarekin jatekoak zituen jakiak erosteko aukera emango zion feria hasten den egunean bertan hain zuzen ere, orduantxe, sukar gaiztoak jota ama betiko joan dela deskubritzen duenean.

Dionisio Pinzon etxetik ateratzen da, beraz, amarentzako hilkutxa duin baten bila, baina Dionisio Pinzon pregoilari xume bat da besterik ez, oherik gabeko buztinezko etxean bizi den Don Inor bat, eta barre egiten dio ehorzleak asmoa azaltzen dionean: “Ezta hamar urtetako pregoiak kobratuta ere ez zenuke kutxatxo hau ordaindu ahal izango”. Bilatzeko beste toki batean, esaten dio, zurginarenean esaterako, hark egingo diola, lau ohol eta hogei iltzerekin, ama bertan sartu eta bakean lurra emateko moduko katabuta. Eta Dionisio Pinzonek, pregoilari harroa baita, erabaki du ezetz, berak hilkutxa dotorea nahi duela ama zendu berriarentzat, eta fortunaren bila abiatzen da.

Itzuliko da, noski, eta erosiko dio hilkutxa dotorea amari. Fortunak irri egingo baitio pregoilariari, eta deskubrituko baitu zortea badela munduan, eta maitasuna eta dirua ere bai; baina baita jukutria ere, eta inbidia eta lukurreria ere bai. Eta horra hor parabola: ez saiatu dagokizun mundutik harago joaten; ez zaitez handinahia izan: patuak erreserbatua dizu tokia.

Zuzendariari kritikatu zitzaion Juan Rulforen jatorrizko testuari eta Carlos Fuentesen eta Gabriel Garcia Marquezen gidoiari zuku gehiago ez ziolako atera, baina filmak inoiz ez du hari narratiboa galtzen, eta antzeman egiten da zuzendariaren eskua girotzean, enkoadraketan eta erritmoan.

Azkenean efikaziaz kontatzen baitu kontatu nahi duena: segi etxera, Dionisio Pinzon, hor dago eta zure tokia.

Alberto Barandiaran

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea