tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiko kontuak > ‘Ikus-entzunezko gozamena’ Belodromoan
‘Ikus-entzunezko gozamena’ Belodromoan
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak eskainitako zine-musika. Soinu-bandak kontzertuan eta pelikula-eszenen emanaldia.
Asteartea, 2019(e)ko irailaren 10

Zinemaldiaren 67. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta erdiz, larunbatean, irailak 21, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 2.700 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan José Ocón donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.

Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa, ‘Ikus-entzunezko gozamena’ titulua duena, zazpi filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Manuel Paradaren Nodo. Noticiarios y documentales eta Los últimos de Filipinas; Pascal Gaigneren Handia eta Errementari; Joseba Beristainen Elkano. Lehen mundu bira; Nani Garcíaren Arrugas; eta Vanessa Garderen La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico.

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Landarbaso abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Elkano. Lehen mundu bira, La gran aventura de los Lunnis eta Errementari filmetan.

Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea ekoiztetxeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.

 

KONTZERTUA & PROIEKZIOA: IKUS-ENTZUNEZKO GOZAMENA
Larunbata, irailak 21, 12:00. Donostiako Belodromoa

Programa
M. Parada: Nodo. Noticiarios y documentales
M. Parada: Los últimos de Filipinas )
P. Gaigne: Handia (Zuzendariak: Aitor Arregi, Jon Garaño)
J. Beristain: Elkano. Lehen mundu bira* (Zuzendaria: Ángel Alonso)
N. García: Arrugas (Zuzendaria: Ignacio Ferreras)
V. Garde: La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico* (Zuzendaria: Juan Pablo Buscarini)
P. Gaigne: Errementari* (Zuzendaria: Paul Urkijo)

Juan José Ocón, zuzendaria
Landarbaso Abesbatza, abesbatza*
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa                                                                                                                


Musikagileak

Manuel Parada de la Puente (1911-1973). Salamancan hasi zituen musika-ikasketak, bere jaioterrian, eta Madrilen bukatu zituen, Errege Kontserbatorioan, non Conrado del Campo maisuen maisu izandakoaren ikasle izan zen. Gerraondoko musikagile nabarmenetako bat da. Raza filmean (1941) parte hartu zuen lehen aldiz zineman. 1940ko hamarkadatik aurrera, besteak beste Juan Quintero Muñoz eta Jesús García Leoz-ekin batera, Espainiako zinema-konpositore emankorrenetako bat izan zen: berrehun obra baino gehiago ageri dira bere katalogoan. Noticiarios y Documentales albistegiaren (NO-DO) aurkezpen-musika ezaguna sortu zuen; albistegi hori 1943ko urtarrilean eman zuten estreinakoz, eta 1978ra arte iraun zuen.
Pascal Gaigne (Caen, Frantzia, 1958). Paueko Unibertsitatean eta Tolosako (Okzitania) Kontserbatorio Nazionalean ikasi du. Autore emankorra da, eta, 1987az geroztik, bere lanak hainbat eta hainbat herrialdetan interpretatu dira. Sari asko jaso ditu (Goya, Feroz, kritikarena eta mundu guztiko hainbat zinema-jaialditakoak), zinemari eskainitako emaitza gisa; dena den, ez da zinemarako bakarrik aritu. 90 film luze, labur eta dokumentaletako baino gehiagotako musika konposatu du, besteak beste, honako zuzendari hauen lanetakoa: Víctor Erice (El sol del membrillo); Daniel Sánchez Arévalo (Azul oscuro casi negro, Gordos); Iciar Bollaín (El Olivo, Flores de otro mundo, Katmandu un espejo en el cielo); Montxo Armendariz (Silencio roto); Salvador Garcia (Mensaka, El otro barrio, Las voces de la noche, Castillos de Cartón); Gracia Querejeta (7 mesas de billar francés); eta, geroago, honako zinemagile hauen filmetakoa ere bai: Pablo Malo (Lasa eta Zabala), eta Jon Garaño eta Jose Mari Zabala (80 egun, Loreak, Handia).
Joseba Beristain (Azkoitia, 1978). Ingeniaritza informatikoa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina bere prestakuntza bokaziozkoa da, akademikoa baino gehiago. 20 urterekin film laburretarako musika egiten hasi zen, eta, geroztik, hainbat eta hainbat proiektutan parte hartu du konpositore modura, zineman, dokumentaletan eta sustapen-bideoetan. Hogei ikus-entzunezkotarako baino gehiagotarako musika sortu du eta, tartean, lan hauetako soinu-banda nabarmendu behar da: Historia de Elam, Mystikal, Involution eta oraintsuko Elkano: lehen mundu bira, Ángel Alonsorenak; Mafia: la cara sucia de Italia, Francisco Javier Martínezena; Malabestia, Enrique Garcíarena; Y ahora, ¿qué hacemos? Juan Carlos Gurrutxaga eta Aitor Arangurenena. Halaber, jaso dituen sari eta izendapenen artean, Alcine Nazioarteko 48. Jaialdikoa azpimarratu behar da, non musika onenaren saria eskuratu zuen.
Nani García (Coruña, 1955). 1976 eta 1980 bitartean, musika-prestakuntza jaso zuen Suedian, konposizioan eta jazzean, eta, aldi berean, hizkuntzalaritza-ikasketak egin zituen Uppsalako eta Stockholmeko unibertsitateetan. Gero, Galiziara itzuli, eta zenbait jazz taldetako kide izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Clunia taldea sortu zuen, eta, hala, bere ibilbideari ekin zion, jazz-pianista modura. Gaur egun ere horretan jarraitzen du, konpositore-lanarekin uztartuta. Solista, musika-produktore eta moldatzaile ere bada, eta esperientzia handia du ikus-entzunezko formatu gehienetan (iragarkiak, telesailak, bideo-erakusketak). Hainbat soinu-banda sortu ditu animaziozko eta fikziozko film luze, antzezlan, film labur eta telebista-saioetarako; ehun lan baino gehiago guztira. Adibidez, De Profundis, Arrugas eta El Gigante animaziozko filmetan bere ukitu pertsonala igar daiteke. 2009tik Vigoko Nazioarteko Jazz Jaialdia zuzentzen du: Imaxina Sons.
Vanessa Garde (Iruñea, 1974). Zinema, telebista eta ikus-entzunezko baliabideetako konpositorea da, baita moldatzaile, orkestratzaile, programatzaile (musika-teknologian aditua) eta Berklee College of Music-eko irakasle izandakoa ere. Bere izena zinemako izen handien ondoan ageri da, hala nola film hauetan: Exodus (Ridley Scott), Misconduct (Josh Duhamel, Anthony Hopkins eta Al Pacinorekin), The Girl in the Spider's Web  (Claire Foy), Tarde para la ira (Antonio de la Torre eta Luis Callejorekin), El Asesino de los Caprichos (Maribel Verdú eta Aura Garridorekin), Quixote (Terry Gilliam), Tiempo después (José Luis Cuerda), Hunter’s Prayer (Sam Worthington), Todos tenemos un plan (Viggo Mortensenekin) eta La vida inesperada (Javier Cámara eta Raúl Arévalorekin). Gauza bera telesailetan: The Titan Games (NBCrako, Dwayne Johnsonekin), Galerías Velvet (Antena 3/Netflix), Gran Hotel (Antena 3) eta Lo que escondían sus ojos (Telecinco), besteak beste.  Bere musika-ibilbidean beste izen handi batzuk ere ageri dira; adibidez, Plácido Domingo, Songs albumean hain zuzen, Rafa Sardina hamahiru Grammy sariren irabazleak ekoitzia.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zinearekin bat

Urte eta urteetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa modu ezberdinetan izan da Zinemaldian: 2012an Miramongo egoitzan zuzenean estreinatu zuen Fernando Velázquezek konposatu eta zuzendutako The Impossible (Juan Antonio Bayona) filmaren soinu-banda eta, hortik aurrera, Belodromoan, hainbat film luzeren musika interpretatu du Orkestrak (Pájaros de Papel, You’re the One y Tiovivo c.1950, Los crímenes de Oxford, Frío sol de invierno, Alatriste, Tadeo Jones 2, Todos los hombres sois iguales…). Urte batzuk lehenago, Orkestrak Lalo Schifrin (Mission Impossible) argentinarraren zuzendaritzapean kontzertu bat eskaini zuen, 3.000 ikuslerentzat prestatutako areto honetan egingo ziren kontzertuen lehen hazia. Ordurako Euskadiko Orkestrak hainbat film muturi musika jarri zien (King Vidorren The Crowd-i, Carmelo Bernaolaren musikarekin; eta Zamecniken Wings-i) eta Jaialdiarentzat zenbait sintonia grabatu zituen.
Aipagarria da, baita ere, Euskadiko Orkestrak Fernando Velázquezen zuzendaritzapean soinu-banda ugari grabatu dituela: El mal ajeno (Oskar Santos), Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez Lázaro), Contratiempo (Oriol Paulo), Submergence (Wim Wenders) eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Azken horrekin, gainera, Velázquezek soinu-banda onenaren Goya saria eskuratu zuen 2016an. Film hauek guztiak Donostia Zinemaldian eman dira.

 

SGAE Fundazioa Donostiako Zinemaldian

Espainiar eta latinoamerikar zinema sustatzeko, Donostiako Zinemaldiaren ospea zabaltzeko eta ekimen hau Gipuzkoako hiriburura bertaratu ezin diren ikusleei hurbiltzeko, SGAE Fundazioak hainbat jarduera antolatzen ditu urtero topaketa honen inguruan.

Kontzertua & Proiekzioa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainitako soinu-banden emanaldia da, eta irailaren 21ean izango da. Emanaldi hori SGAE Fundazioak irailaren 20etik 28ra ospatuko den 67. Donostiako Zinemaldi honetarako programatutako jardueretan kokatzen da.

Gainera, irailaren 9tik 15era, Madrilgo Berlanga Aretoan (Andrés Mellado kalea, 53; prezioa, 3 euro) Donostiako Zinemaldia erakusketa antolatu da, eta bertan azken urteotan Made in Spain atalean parte hartutako pelikulen sorta bat eskainiko da. Aurten, zazpigarren urtez jarraian, erakunde horrek Zinemaldian erakutsitako film batzuen zinema-zikloa egingo du berriz ere.

Bukatzeko, SGAE Fundazioak lehiaketaz kanpoko Made in Spain atalaren antolatzaileetako bat izan da 2012. urtetik. Bertan, pelikula-aukeraketa bat biltzen da, urteko Espainiako zinemaren eszenategiaren lagin bat, gure estatuan estreinatutako edo gabeko ekoizpenak eskainiz; Zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen du horien nazioarteko zabalkunderako.

 
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea