tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemira Saria > Jose María 'Txepe' Lara
Jose María 'Txepe' Lara
Zinemira Saria
 

Irailaren 24an (asteartea), Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan, Agur Etxebeste! filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria banatuko da. Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizle-elkarteek euskal zinemaren pertsonaia nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko ematen dute ohorezko sari hori. Orain arte, Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramón Agirre (2018) omendu ditu sariak. 2019an, José María Lara Txepe ekoizlearen jardunari egingo zaio gorazarre.

Txepe Larak (Madril, 1948) 1985ean hasi zuen zinemarekin harremana, foto finkoko eta kamera-laguntzaileko zereginak betez Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1986), Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, 1988, New Directors) filmetan.

Beste teknikari batzuekin batera, Euskal Teknikari Zinematografikoen Elkartea sortu zuen 1985etik 1986ra bitartean.

1987an José María Lara P.C. ekoiztetxea sortu zuen eta hor hasi zen bere bidea urratzen azken hiru hamarkadetako euskal zinemagintzan funtsezkoa izan den ekoizle aurrendari hori. Hala, 1988an, Lourdes Bañuelosen No estamos ekoitzi zuen. Hainbat enpresarekin –besteak beste, José Mª Lara PC, Alokatu SL, Shangri-la PC, Primero izquierda, Toca.Sons Produccions, Lumiere Produkzioak eta Xerifa Producciones– orotara ekoitzi dituen 40 film laburretan lehena izan zen.

Alfonso Arandiaren lehen filmean (El anónimo… ¡vaya papelón!, 1990) jarduera egitekotsua bete zuen ekoizle elkartu, ekoizle exekutibo eta kamera-laguntzaile gisa. Martxelo Rubio eta Miguel Molina izan ziren filmeko protagonistak. 1993an Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (New Directors) ekoitzi zuen, Euskal Mediarekin batera, eta estatuko hainbat zinema-jaialditan lortu zituen sariak.

1994an, Helena Tabernaren Alsasua, 1936 filmaz gain, Justino, un asesino de la tercera edad ekoitzi zuen Flavio Martínez Lavianorekin batera. La Cuadrilla delako bikoteak (Santiago Aguilar eta Luis Guridi) zuzendutako lehen film luzea izan zen, eta sari ugari irabazi zituen: besteak beste, bi Goya sari, film onenaren saria Sitgesen, eta beste hainbat sari nazioarteko zinema-jaialdietan. Handik lau urtera, Aguilar eta Guridiren Atilano, presidente ekoitzi zuen, Luis Tosar aktorearen lehen lanetako bat. Alexandre Desplat konpositoreak jarri zion soinu-banda.

Horrez gain, lankidetza arrakastatsua izan zuen Ramón Barearekin; izan ere, harekin elkarlanean egin zituen Adiós, Toby, adiós (1995) eta Muerto de amor (Zabaltegi, 1996) film laburrak, eta Bareak zuzendutako bi film luzeak ere ekoitzi zituen: Pecata minuta (New Directors, 1999) eta El coche de pedales (Euskal Zinemaren Eguna, 2004).

Harreman luzea izan zuen, orobat, Asier Altunarekin eta Telmo Esnalekin; Txotx (1997), 40 ezetz (1999), Topeka (2002) eta Sarean (2008) film laburren ondoren, alboan izan zuten beren lehen film luzea, Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005), zuzendu zutenean ere. Filmak Gazteriaren Saria irabazi zuen Donostian, eta zuzendari berri onenaren Goya sarirako hautagaitza lortu zuen.

Daniel Calparsororen hastapenak ere babestu zituen eta harekin lehiatu zen Veneziako Sail Ofizialean (A ciegas, 1997) eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean (Asfalto, 2000).

Era berean, Julia Juaniz muntatzailearekin aritu zen hark errealizadore gisa egindako lanetan: Sigan felices (1989), Traintime (Euskal Zinemaren Sari Nagusia Bilboko zinema-jaialdian, 1991) eta El magnolio (1997); El vuelo de Dora Salazar (2011), El lenguaje de los objetos (2013) eta Kamarada (2018) ez-fikzioko lanak; eta hainbat bideo-lan.

Mercedes Álvarezentzat El viento africano (1997) film laburra eta El cielo gira (2004) sormenezko dokumental arrakastatsua ekoitzi zituen. Besteak beste, Buenos Airesen, Rotterdamen eta Cinéma du Reel-en nabarmendu zuten azken hori.

Era berean, ekoizle-lanak bete zituen Fidel Corderok zuzendutako La fabulosa historia de Diego Marín (1997) filmean. Martxelo Rubio eta Alicia Borrachero izan ziren Miamiko zinema-jaialdian saritutako lan horren protagonistak. 

Nazioarteko antzeztaldea duten filmetan ere ibilia da Lara. Esaterako, Morena Films-ekin koprodukzioan Cargo (2006) egin zuen; Clive Gordonek zuzendu eta Paul Lavertyk idatzi, eta Daniel Brühl, Luis Tosar eta Peter Mullan izan ziren protagonistak. Aldiz, 25 degrés en hiver Marion Hänselekin koproduzitu zuen; Stéphane Vuilleten zuzendaritzapean, eta Jacques Gamblin eta Carmen Maura aktoreak buruan, filmak Publikoaren Saria eraman zuen Berlinalen. Gainera, Eva López Sánchezen Francisca-n parte hartu zuen, eta Berlingo Panorama sailean hautatu zuten Mexiko, Alemania eta Espainia arteko koprodukzio hori.

Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian Pedro Aguileraren La influencia (2007) aurkeztu eta gero, zuzendari berarentzat ekoitzi zuen Naufragio ere (Zinemira, 2011).

Aurrez aipatutako filmez gain, Larak ekoitzitako beste asko hartu ditu Zinemaldiak bere aukeran: adibidez, Cecilia Barrigaren Time's Up (New Directors, 2000), Diego Fandosen Cosmos (New Directors, 2007), Arantza Ibarraren eta Alfonso Arandiaren Zigortzaileak (Haurrentzako Zinema, 2010) eta Alberto Gorritiberearen Arriya (Zinemira, 2011). Azken horrek bost sari bildu zituen Malagako zinema-jaialdian eta Karlovy Varyn ere hartu zuen parte.

2011n Miguel Curielen La niña de Maracaibo film luzea ekoitzi zuen.2013an, berriz, Alberto Moraisen Los chicos del puerto aurkeztu zuen Toronton. Aurrez ere aritua zen harekin, Rotterdamen eta Buenos Airesen hautatutako Un lugar en el cine debut-lanean (Euskal Zinemaren Eguna, 2008). Iaz, Duerme Negrita film laburra ekoitzi zuen; Ainara Porrón Arratibelek zuzendu eta Itsaso Aranak bete zuen protagonistaren papera. 2015ean José Semprún zuzendariaren Relaxing Cup of Coffee ekoitzi zuen.

Egin dituen ez-fikzioko lanen artean, honako hauek aipa daitezke: The Devil's Apprentice (Willy Huismann, 2006), Mi carrera en la Iglesia (Catherine Ulmer, 2011), La guerra del golf (Lucía Sánchez, 2013), La cañada de Andrea (Ekain Irigoyen, 2013), La memoria rota (Jorge Amat, 2018) eta Los caminos de la memoria (José Luis Peñafuerte, 2009) sari askoduna; izan ere, Valladolid, Merida, Montpellier, Miarritze, Ismailia (Egipto) eta Palermon nabarmendu zuten, eta dokumental onenaren Magritte saria ere irabazi zuen.

Hamar urtez FICI zuzendu zuen (Haur eta Gazteen Nazioarteko Zinemaren Madrilgo Jaialdia).

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea