Donostia Zinemaldiak 68. edizioa ospatuko du irailaren 18tik 26ra, eta bere Kutxabank-New Directors Sarian, Brasilgo, Erresuma Batuko, Errusiako, Espainiako, Frantziako, Hego Koreako, Herbehereetako, Irlandako, Japoniako, Poloniako, Txinako eta Vietnamgo hamaika ekoizpen lehiatuko dira. Hautatutako lan guztietatik, zazpi opera primak dira, eta gainerakoak, egileen bigarren filmak. Hala azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak.
Film luze batekin debutatzen duten zinemagileen artean, lauk aurretik Donostia Zinemaldian garatu, saritu edo programatu diren proiektuak dituzte. Besteak beste, Isabel Lambertik (Bühl, 1987), Alemanian jaioa eta Espainian eta Herbehereetan hazia. Volando voy (2015) film laburrari esker, Nest Donostia Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako Torino Award saria irabazi zuen, eta, orain, La última primavera / Last Days of Spring film luzearekin lehiatuko da (Madrilgo Cañada Realeko txabola-auzoan girotua). Halaber, David Pérez Sañudok (Bilbo, 1987) Aprieta pero raramente ahoga (2017) film laburrarekin parte hartu zuen Zinemira-Kimuak sailean, eta Ane aurkeztuko du aurten, desagertutako alaba bilatzen ari den ama bati buruzko film luzea.
Bestalde, Joâo Paulo Miranda Maria brasildarrak (Porto Feliz, Sâo Paulo, 1982) –Europako banatzaileen eta emanaldiak egiten dituztenen saria lortu zuen Zinema Eraikitzen 37 Toulouse sailean– Casa de antiguidades / Memory House aurkeztuko du, Brasilgo gaur egungo tentsio sozialak eta arrazazkoak biltzen dituen istorio espiritual eta fantastikoa. Grigori Kolomitsev errusiarrak (Krasnodar, 1990), berriz –Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen 2018an–, izaki mistiko bat aurkitzen duen haur baten istorioa kontatuko du Chupacabra lanean.
Hasi berrien artean Kim Mi-jo (Jeonju, 1989) korearra dago, duela gutxi, Jeonjuko zinema-jaialdiko sari nagusia lortu duena Gal-mae-gi / Gull filmari esker; filmak bortxatu duten emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Xingyi Dong (Anyang, 1986) errealizadore txinatarrak Gē shēng yuán hé màn bàn pāi / Slow Singing lanarekin egingo du debuta (pertsonaia nagusia kartzelatik atera ondoren jaioterrira itzuli den gizon bat da), eta Suzanne Lindonek (Paris, 2000) 16 printemps / Spring Blossom zuzendu eta protagonizatzen du, gizon heldu batenganako maitasunaren eta nerabezaroaz gozatzearen artean borrokatzen ari den neska gazte bati buruzkoa.
Bigarren filmak
Bestalde, lau zinemagile New Directors saria irabazteko lehiatuko dira euren bigarren film luzearekin. Ben Sharrockek (Edinburgo, 1988) bigarrenez parte hartuko du New Directors sailean (Pikadero lanarekin egin zuen debuta 2015ean). Oraingoan, Limbo aurkeztuko du, errefuxiatuen zailtasunei eta itxaropenari buruzko kulturarteko satira. Imanol Rayo (Iruñea, 1984) –Zinemira Sariaren irabazlea, Bi anai (2011) lanarekin– Donostiara itzuliko da, eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria zinemara eramango du Hil-kanpaiak filmean.
Azkenik, Silent Night (2017) opera primarekin nazioarteko oihartzuna lortu ondoren, Piotr Domalewski (Łomża, 1983) poloniarra Donostiara etorriko da lehen aldiz, eta Jak Najdalej Stąd / I Never Cry ekarriko du, laneko istripu batean hildako aitaren gorpua berreskuratzeko Irlandara bidaiatzen duen neska gazte bati buruzko filma. Akio Fujimoto japoniarra ere (Osaka, 1988) lehen aldiz etorriko da Donostiara; Boku no kaeru basho / Passage of Life (2017) bere lehenbiziko lanarekin bi sari eskuratu zituen Tokioko Nazioarteko Zinemaldiko Asian Future sailean, eta bere bigarren filmean, Umibe no kanojotachi / Along the Sea izenekoan, ikastun tekniko gisa zuen lanpostutik ihes egin eta Japonian bere familia mantentzeko legez kanpo lanean hasten den emakume vietnamdar baten istorioa kontatzen digu.
New Directors sarirako aukeratutako film guztiak lehenbizikoz proiektatuko dira mundu-mailan, film hauek izan ezik: Gal-mae-gi / Gull (nazioarteko estreinaldia), Limbo eta 16 printemps (Europako estreinaldiak).Gainera, azken bi film horiek eta Casa de antiguidades Canneseko zinema-jaialdiak aukeratu dituen filmen zerrendakoak dira, baina aurten, COVID-19aren pandemia dela eta, ezin izan dute 73. edizioa ospatu. Bestalde, La última primavera filma ACIDek –Zinema Independentea Hedatzeko Elkarteak– Cannesen egin ohi duen programazio paraleloan sartuta zegoen.
Suzannek 16 urte ditu. Bere adineko jendea aspergarria iruditzen zaio. Egunero, institutura bidean, antzoki baten aurretik pasatzen da. Han, berarekin obsesionatuko den gizon bat ezagutuko du, zaharragoa. Adin-aldea gorabehera, batak bestearengan aurkitzen du gogaitasunari aurre egiteko erantzuna, eta maitemindu egiten dira. Hala ere, Suzanne beldur da 16 urteko neska baten bizitzako gauzak galduko ote dituen, hainbeste kostatzen baitzaio bizitzaz bere lagunek bezain beste gozatzea.
Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen, konturatuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen. Opera prima.
Gaur egungo Brasil, baina denboran galduta. Cristovam, iparraldeko landako natibo beltz bat, hegoaldeko kolonia austriar zahar batera joan da, esne-fabrika batean lan egiteko. Pertsona kontserbadore eta xenofoboekin egon behar du, eta isolatuta eta zurien mundutik urrun sentitzen da. Etxe abandonatu bat aurkitzen du, bere jatorria gogora ekartzen dioten objektuz eta oroitzapenez betea, eta bertan geratzen da, bere sustraiekin berriro konektatzeko. Bat-batean objektu gehiago agertzen dira, oroitzapenez beteriko etxe hori bizirik balego bezala. Eta, astiro-astiro, Cristovamek metamorfosia jasaten du.
Andrei, 9 urteko mutiko bat, herri txiki baten kanpoaldean bizi da, itsasotik hurbil. Amak umezurztegi batera eraman nahi du. Aukera horrek izugarri izutzen du Andrei, badakielako bere bizitza guztiz aldatuko dela. Ekaitz-egun batean, txakur bat aurkitzen du, eta erabakitzen du Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa dela eta mirariak egingo dituela. Ikusmira Berriak egonaldi-programaren bitartez garatutako opera prima.
O-bok 61 urteko emakumeak itsaski-denda bat izan du, hamarkada luzez, arrain-merkatu batean. Egun batean, bere alaba In-aeren aita-amaginarrebak izango direnekin elkartuko da, lehenbizikoz. Gau hartan, O-bok bortxatuko du Gi-taekek. Hasieran, ezer gertatu ez zelako itxurak egin eta bere bizitzarekin beti bezala jarraitzen saiatuko da O-bok. Handik gutxira, In-aeri aitortuko dio bortxatu egin dutela. Poliziak Gi-taeki deituko dio, ikertzeko, eta gertakariaren istorioa merkatuan zabaltzen hasiko da. Opera prima.
Junsheng etxera itzuli da espetxetik irten eta gutxira, eta konturatzen da bere jaioterritik urrun sentitzen dela. Ez da han egon urte askoan, baina oraindik uste du herriko gazterik indartsuena dela. Hainbat oinaze jasan ondoren, ohartzen da itxuraz laburra izan den absentzia hori arrakala gaindiezina dela. Opera prima.
Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote eta horrek, berriz, Ertzaintzari. Baina eratzainak iristean, ez da hezurrik egongo. Segidan, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Olak Irlandara bidaiatu behar du bere aitaren gorpua Poloniara eramateko, eraikuntzan lanean ari zela hil zen eta. Olak ez du interes handirik aitarengan, soilik jakin nahi du ea aitak agindu zion kotxerako behar zuen dirua aurreztu ote zuen. Atzerriko burokraziari aurre egiteko bere maltzurkeriaz baliatzen den bitartean, Ola bere aita ezagutzen hasiko da. Zuzendariaren bigarren filma.
Gabarre-Mendoza familia bere bilobaren urtebetetzea ospatzen ari da, baina polizia-ikuskapen batek jaia eteten du. Cañada Realen, Madrilgo kanpoaldean dagoen txabola-auzoan, tirabirak sortzen dira agintarien eta bizilagunen artean; izan ere, lurrak saldu dituzte, eta beraiek eraiki dituzten etxeetatik alde egitera behartzen dituzte. Ama, Agustina, oso emakume alaia izatetik beldurrak jota bizitzera igaro da; aita, David, txatar-biltzaile oso langilea, irtenbide bat bilatzen saiatzen da, baina sistemaren burokraziak huts egiten die. Bien bitartean, familiako kide gazteenek –David, semea; María, erraina eta ama nerabea, eta Alejandro gaztea– ahal duten bezala egiten dute aurrera, beraien bizitzak hari-harian daudela. Opera prima.
Omar musikari gaztea da, etorkizun handikoa. Bere siriar familiarengandik bananduta bizi da, Eskoziako uharte urrun batean harrapatuta, asilo-eskaeraren zain. Besoan daraman eskaiola dela eta, ezin du bere lauda ukitu eta paisaia epikoetan ibiltzen da, iragan konplexu bati eta etorkizun etsigarri bati erantzun nahian. Agian harrapatuta dago, baina ez dago bakarrik. Omar eta bere pisukide berriak erabat gaizki ulertutako "kontzientzia kulturaleko" eskoletara joango dira, Friends telesailaren maratoi bat egingo dute, Ross eta Rachel eten batean ote dauden eztabaidatuko dute eta Farhad, Freddie Mercuryrekin obsesionatuta, tokiko mikrofono irekiaren gauean parte hartzera konbentzitzen saiatuko da Omar. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Phuong, An eta Nhu hogei urte inguruko emakume vietnamdarrak dira. Ikastun tekniko gisa ziharduten lantoki batean, baina handik ihes egin eta legez kanpoko egoiliar bihurtuko dira hirurak Japonian. An bitartekari batekin harremanetan jarriko da, lana aurkitzen lagundu diezaien. Bitartekari horrek arrantzale baten txabolara −izotzez estalita dagoena− eramango ditu, bizitzeko leku bat izan dezaten lanaren truke. Pozik daude, gainera, zutena halako bi delako oraingo soldata. Lanean hasi eta Phuong min izugarria hasiko da sentitzen halako batean. Kezkatuta, Anek eta Nhuk ospitalera eramango dute Phuong, baina han ez dute gaixoa onartuko, identifikazio-txartelik ez dutelako. Zuzendariaren bigarren film luzea.