Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da Nest, eta aurtengo ediziorako (XIX.a), 49 herrialdetako 165 eskolak aurkeztutako 348 film laburren artean hamahiru hautatu dira. Aukeratutako lanak –horietako zazpi, gizonezko zinemagileenak, eta gainerako seiak, emakumezko zinemagileenak– Alemania, Argentina, Kuba, Espainia, AEB, India eta Erresuma Batuko zentroetatik datoz.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, sail horren bidez mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutzera eman nahi dira. Aurten, film laburren lehiaketak ohiko formatua –aurrez aurrekoa– mantenduko du, eta proiekzioak egingo dira irailaren 21etik 23ra.
Bigarren urtez jarraian, Nesten ikusgai izango diren film laburretako bat Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztua izango da (Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak partaidetuta dago EQZE). Ella i jo deritzo film horri, eta Jaume Claret Muxart (Sant Cugat del Vallès, 1998) da zuzendaria, zeinak Donostian kokaturiko eskolan Sorkuntzako graduondokoa ikasi zuen.
Zinema-alorrean ezaguna den norbait izango da Nesten epaimahaiburua, eta aurten, salbuespen gisa, azken edizioetan irabazle izan diren hiru ikaslek osatuko dute epaimahaia. Aurkeztutako hamahiru lanen artean, Film Labur Onenaren Nest Saria –Orona Fundazioak babestua– aukeratuko dute. Sari hori hautatutako proiektuaren zuzendariari emango zaio, zeinak 10.000 euro jasoko dituen.
Urtetik urtera, Nest lehiaketa finkatuz joan da Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako gisa, talentu berrien hazitegi den aldetik. Aurtengo edizioan, hain zuzen ere, New Directors sailean estreinatuko da La última primavera, Alemanian jaiotako eta Espainian eta Holandan hazitako Isabel Lamberti zinemagilearen lehenengo film luzea; 2015ean Nesten Torino Award saria irabazi zuen Lambertik. Halaber, Grigory Kolomytsev zinemagile errusiarraren Chupacabra filma New Directors sailean izango da; 2016an eta 2018an Nesten parte hartu zuen Kolomytsevek, eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldietan egon zen. Iaz, bestalde, Oren Gerner zinemagile israeldarra New Directors sailean lehiatu zen Africa lanarekin; Greenland graduazioko film laburrarekin Nesten arrakasta lortu eta bost urtera.
Bestalde, eta aurreko edizioetan egin izan den bezala, Tabakalerak Zinemaldiko egunak aprobetxatuko ditu azken urteetan Nest sailean sarituak izan diren film laburrak behin eta berriz emateko. Medialaben gaitutako pantaila batean ikusi ahal izango dira lan horiek, hau da, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitaleko laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan. Sailean parte hartu duten film labur guztiak digitalizatuta eta artxibatuta daude Medialaben, eta liburutegiko edozein erabiltzailek eskuragarri ditu kontsultarako.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Nest saila antolatzen dute, zeina Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte baita.
* Tabakalerako Zinema eta Ikus Entzunezko Programaren arduraduna eta Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kidea.
Bi neba-arreba gazte asmatutako mundu fantasiatsu batean bizi dira, amaren begietatik ezkutatuta dagoena. Amak azkenean ikusten duenean, lur jotzeko arriskuan egongo da mundu hori. Haurrek bi aukera dituzte: amore ematea edo, aitzitik, gogor egitea.
Queralt, Bartzelonako margolari bat, bere alaba Gemmarekin hitz egiten saiatuko da telefonoz. Gemmak bizitza berri bat hasi du Atenasen, margotzeko eta bizitzeko baliatzen duen estudio batean.
Zer gertatuko litzateke Kolonbiak Txina inbaditu izan balu? Kolonbiako heroi "faltsu" baten eta emakume txinatar baten arteko maitasun-istorioa. Elkarrekin inbasio faltsu bat birsortuko dute, Kolonbian gatazka armatua gainditzeko metafora gisa.
Golf-zelai bateko mikrokosmosak gizarte-egiturak islatzen ditu. Isabelek, tee girl berriak, oraindik arauak ikasi behar ditu, baina sistema iraultzeko hari-mutur solteen bila hasi da jada.
Uda amaierako goiz batean, Wrangelkiez auzoan, Berlinen, Elpik, emakume gazte greziar batek, aspaldian ikusi gabeko lagun baten deia jasoko du. Egunak aurrera egin ahala, Elpi adiskide horrekin berriz elkartzeko irrikaz egongo da bizilagunekin bizitzarekin gurutzatzen dela. Bizilagunek zerbaitera biziki itzuli nahi dutela hautematen da. Baina nora, zertara eta norengana?
Lionel aita bisitatzera doa, jakin baitu hura, oineko gaixotasun bat izaki, berriz gaixotu dela. Topaketa horrek familia-oroitzapena berrituko du, eta euren buruarekin topatzeko desioak elkartuko ditu aita-semeak berriro.
Indar lasaiz, Latak, 23 urteko etxeko langile batek, bide egingo du Mumbai hegoaldean kokatutako goi-klaseko etxe batean. Ateak etengabe ireki eta itxiko dira, eta Latari sarbide selektiboa emango dio horrek tokia hartzen duten errealitate kontrajarri guztietarako.
Kuban, Iraultza gertatu eta 60 urtera, bi anaia nerabek unibertso distopiko propioa bizi dute. Aitarekin bizi dira bi mutilak, Angolako gerrako beterano batekin. Pixkanaka lañotasuna desagerrarazten duten gerra-jokoetan parte hartzen duten bitartean, errealitatetik aldendu eta ziurgabetasunez beteriko etorkizun batera eramango dituzte mutikoak aitaren mamuek.
Albiste harrigarri batek aztoratu egingo du Fernando, baina kontatu eta ustekabeko erreakzioak izango ditu jendeak; tartean dauden pertsona guztiei eragingo dien eztabaida bat piztuko du horrek.
Lehen ikusleak aire zabalean dauden bitartean, Kieveko Opera astiro ari da esnatzen. Orkestra entseatzen ari da eta kamerinoetako prestakizunak aurrera doaz. Bat-batean, kanpoko jendez beteko dira Operako pasabideak eta hallak. Ataria eszenatoki bihurtu eta ikusleak eta langileak aktore bilakatuko dira.
Henriette eta Anais ahizpa banaezinak dira, baina ikusiko dute nola txikitzen diren bai euren bizitza bai elkarrekiko harremana, inguruabar misteriotsuak direla eta.
Ura, eta gero janaria. Nekazaritza, eta gero industria. Zaharra, eta gero berria. Funts-funtsezkoa, eta gero osagarria. Sinpletik konplexura. Zehatzetik abstraktura. Zikinkeriatik hodeietara. Errealetik irrealera.
2003ko maiatza, Pekin, Txina: OMEk bultzatuta, Txinako gobernuak iragarriko du ASALen agerraldia benetakoa zela. Hiria itxi egingo dute. Ikasle gehienak etxera bidaliko dituzte. Barnetegi pribatu batean konfinatuta daudela, zortzi urteko hiru neskatok munduari zentzua aurkitzeko modu bat aurkitu beharko dute.