Donostiako Udalak Zinemaldiari emandako babesa sendotu du Donostia Hiria Publikoaren Sariaren babesle gisa. Bosgarren urtez jarraian antolatu da ekimena, Donostia 2016 Europako Kultura HIriburuaren legatu gisa dirauena. Gainera, Udalak herritarrei egindako omenaldia ere bada, haiek ematen baitute saria bozketa bidez.
Perlak saileko filmak dira Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko hautagaiak, eta nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzten film luzez osatuta dago sail hori. Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betirako hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.
Iaz, Olivier Nakache eta Éric Toledano zuzendarien Hors normes / The Specials-ek irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta Ken Loachen Sorry We Missed You Europako film onenaren irabazlea izan zen.
Halaber, Udalak eta Zinemaldiak hainbat sarrera bideratuko dituzte Gizarte Ekintza sailera, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen artean banatzeko. Edizio honetako aforoa eta sarrera-kopurua murriztu direnez, bi aldeek adostu dute Gizarte Ekintzako udal-zerbitzuen bidez behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean oraindik zehazteke dagoen sarrera batzuk banatzea.
Neige, hiru seme-alaba dituen ama dibortziatua, bere aitona aljeriarra bisitatzera joan ohi da zahar-etxera. Neigek familiako oinarri hori maite eta errespetatzen du, bere hazkuntzaz arduratu eta, batez ere, bere guraso toxikoengandik babestu baitzuen. Senideen arteko harremanak korapilatsuak dira eta samintasun eta erresuminez beteta daude. Zorionez, Neigek François senar ohiaren babesa du. Aitonaren heriotzak ekaitza sortuko du familian eta nortasun-krisi sakona eragingo dio Neigeri. Hortik aurrera, bere ADNa ezagutu eta ulertu nahiko du.
Rómulo detektibe pribatua da. Bezero batek eskatu dio bere ama bizi den zahar-etxea iker dezan. Rómulok, orduan, Sergio 83 urteko gizona entrenatuko du; ez du inoiz detektibe-lanik egin, baina denbora batez zahar-etxean biziko da, isilpeko agente bezala. Egoitzan infiltratu ondoren, sator rola hartzeko eta bere nortasun maitagarria eta amultsua ezkutatzeko zailtasunak ditu, eta, azkenean, espioi baino, bere bizikideen aliatu egiten da. Sundance zinema-jaialdiko nazioarteko dokumentalen lehiaketa ofizialean estreinatu zen. 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI saria.
Sandrak bere bi alaba txikiak hazteko etxe epel, seguru eta zoriontsu bat lortzen saiatzen den ama gaztea dirudi. Familiaren bizitza hobetzeko erabaki irmoa du hartuta, eta ikusten duenean erakundeek ez diotela lagunduko, hutsetik abiatzea eta etxea berak eraikitzea erabakiko du. Oso diru gutxirekin eta aurrezkirik gabe, Sandrak bere asmamen guztia erabili beharko du bere asmo handiko plana benetako bihurtzeko. Horrez gainera, senar ohi posesiboaren kontroletik ihes egin eta harengandik urrundu beharko ditu nola alabak hala bere burua. Halere, ezerk ezingo du Sandra kikildu, eta babesa eta laguntza emateko prest egongo diren lagun batzuk bilduko ditu. Horien eskuzabaltasunari eta bihotz onari esker, eta bi alaben maitasuna izanik, Sandrak benetan bera izan daitekeelako sentsazioa berreskuratuko du.
Eleanor argi, bizkor, grinatsu eta askea Karl Marxen alaba txikia zen. Feminismoaren eta sozialismoaren gaiak lotu zituen lehen emakumeetako bat izan zen, eta parte hartu zuen langileen eta emakumeen eskubideen aldeko borroketan, baita haur-eskulanaren abolizioan ere. 1883an Edward Aveling ezagutu eta bere bizitza aztoratuko zuen maitasun-istorio grinatsu baina tragiko bat izango zuten elkarrekin.
Okju eta Dongju aitonaren etxera joango dira bizitzera udako oporretan, aita dirurik gabe geratu ondoren. Dongju ondo egokituko da etxe berrira; Okju, berriz, arrotz sentituko da ingurune berri horretan. Dibortziatzeko zorian duten izeba ere etxera etorriko zaie bizitzera, eta handik gutxira, Okjuri etxea eta aitona gustatzen hasiko zaizkio, familiarekin denboraldi bat igaro ahala. Hala ere, aitona gaixotu egingo zaie, eta orduan, aitak eta izebak aitona erietxera bidali eta etxea saltzea erabakiko dute.
17 urterekin, Autumnek ispiluari begiratu eta bere gorputza aldatzen ari dela konturatuko da. Kezkatuta, gazteei laguntzeko zentro batera joango da, eta gehien beldurtzen zuena adieraziko diote hor: haurdun dago. Toki-zerbitzuek ez diete bere galderei erantzuten, ezta osasun-zentroan ematen dizkioten liburuxkek (gazteak jaioberria adopzioan ematera animatzeko diseinatuak) ere. Gainera, adin-nagusitasunera ez denez iritsi, bere estatuko legeak behartu egiten du gurasoen baimena eskatzera legez abortatzeko. Etsita, metodo alternatiboetara jotzea baino ez zaio geratzen, emakumeek beti erabili izan dituztenak. Autumnek ez du inorekin hitz egiten bere arazoaz, baina bere lehengusu Skylarrek, zeina bere lagunik onena ere baden eta egunero institutuan ikusten duen, baita biek kutxazain gisa lan egiten duten dendan ere, segituan ulertuko du egoera eta berehala eta baldintzarik gabe eskainiko dio laguntza. Brooklyngo klinika bateko helbidea poltsikoan, New Yorkera eramango dituen autobus batera igoko dira biak egunsentian.
Nevadako landa-eremuko hiri batek pairatutako kolapso ekonomikoaren ondoren, Fernek bere kamioneta prestatu eta gizarte konbentzionaletik kanpo nomada moderno gisa bizitzeari ekingo dio. Filmean Linda May, Swankie eta Bob Wells benetako nomadak ageri dira, zeinak Fernen aholkulari eta adiskideak izango diren Mendebaldeko Estatu Batuetako paisaia zabalean zeharreko esplorazio horretan.
Anthony, ia 80 urteko gizon bat, bakarrik bizi da Londresen duen apartamentuan eta bere alaba Annek inposatu nahi dizkion erizainetako bat ere ez du onartzen. Alabaina, Premia hori gero eta larriagoa da Annerentzat, Parisera bizitzera joatea erabaki baitu ezagutu berri duen gizon batekin. Laster ikusiko da errealitatea gero eta modu nahasgarriagoan hautematen duela Anthonyk.
1850eko hamarkadan, Abigail bere senar Dyerrekin bizi da New York estatu iparraldeko landetxe batean. Urte berri bat hasten ari da, eta Abigailek bere egunkarian idatziz horri buruz hausnartzen duela, bere jokabide estoiko eta gogoetatsuaren eta bere emozio korapilatsuen artean kontraste nabarmena dagoela sentituko dugu, nahiz eta apurka argituz doazen emozio horiek. Udaberria heldu da eta Abigailek Tallie ezagutuko du, bere emozioekin zintzoa den emakume iritsi berri bat, edertasun liluragarrikoa, zeinak ondoko etxalde bat alokatzen duen bere senar Finneyrekin. Bi emakumeen artean oso argia ez den harreman bat sortuko da, baina existitzen zela ez zekiten hutsune bat beteko dute horrela.
Japonia, 1940. Bigarren Mundu Gerra hasi aurreko gauean, Yusaku Fukuharak, tokiko merkatari batek, gauzak okerreko nodabidea hartzen ari direla sentituko du. Satoko emaztea etxean utzi eta Mantxuriara joango da ilobarekin. Han, Yusaku gertakari anker baten lekuko izango da kasualitatez, eta munduari ezagutzera ematea erabakiko du. Hasieran egoera gaizki ulertuko du emazteak, baina senarraren benetako asmoak ezagutu ondoren, edozer egingo du haren segurtasuna eta zoriontasuna bermatzeko.