Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan programatutako sei ekoizpenek Euskal Herriko Gai, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen GEHITU Elkarteak emango duen XXI. Sebastiane Saria irabazteko aukera izango dute; LGTBI kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta gizarte-aurrerapausoak hobekien islatzen dituen filmari ematen zaio Sebastiane Saria.
Sari hori, zeinaren edizioa hogeita batgarrena baita aurtengoa, irailaren 25ean emango zaio sei hautagaien artean aukeratzen denari. Horietako bi, Été 85 / Summer of 85 (François Ozon) eta Supernova (Harry Macqueen), Sail Ofizialetik datoz; Falling (Viggo Mortensen), ordea, Donostia Sariaren emanalditik; Las mil y una / One in a Thousand (Clarisa Navas), berriz, Horizontes Latinosetik; Rizi / Days (Tsai Ming-Liang), bestalde, Zabaltegi-Tabakalera Sailetik; eta The World to Come (Mona Fastvold), azkenik, Perlak Sailetik.
Halaber, GEHITUk nabarmendu nahi izan du edizio honetan lehiaketaz kanpo parte hartuko duten hiru lan: Patria (Aitor Gabilondo) eta We Are Who We Are (Luca Guadagnino) telesailak, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan barne hartuak; eta Dustin (Naïla Guiguet), Zabaltegi-Tabakalerako film laburra.
Bestalde, irailaren 23an (asteazkena), GEHITUk aprobetxatu egingo du Horizontes Latinosen Las mil y una / One in a Thousand (Clarisa Navas) lehen aldiz emango dela, filmaren arduradunei Sebastiane Latino 2020 Saria emateko; aurtengo LGTBI film latinoamerikar onenari ematen zaio Sebastiane Latino Saria.
Azkenik, GEHITUk eta Sebastiane Sariaren epaimahaiak aditzera eman dutenez, Iberoamerikako LGTBI Zinema-jaialdien VI. Topaketa irailaren 23an egingo da, baina ez aurrez aurre, covid-19aren pandemiak sortutako egoera dela eta. Elkarteak nabarmendu duenez, Donostia Zinemaldiak topaketari eta Sebastiane Sariei ematen dien babesa "beste kultura-ekarpen bat da, gure gizarteak berdintasun handiagokoak eta askeagoak izan daitezen ahalbidetzen duen horretan atzera ez egiteko".
Alexis (16 urte betetzear) itotzeko zorian da bere itsasontzia Normandiako kostaldean irauli ondoren. Zorionez, David (18 urte) agertuko da, heroi salbatzailea. Alexisek bere ametsetako laguna ezagutu berri du. Baina, uda bat baino gehiago iraungo al du amets horrek? 1985eko uda.
Sam eta Tuskerrek hogei urte daramate elkarrekin eta beti bezain grinatsu daude elkarrekin maiteminduta. Baina azken bi urteetan, Tuskerri fase goiztiarreko dementzia diagnostikatu ziotenetik, bikotearen bizitza aldatu egin da. Udazkena heltzean, errepideko bidaia bat egiteko plana egingo dute, Tuskerrek oraindik bidaiatzeko aukera duen bitartean, euren lagun eta senideekin berriz konektatzeko eta iraganeko lekuak bisitatzeko. Bidaiak aurrera egin ahala, etorkizunari buruz ideia desberdinak dituztela konturatuko dira. Sekretuak jakingo dituzte, plan pribatuak agerian geratuko dira eta inoiz ez bezala probatuko da elkarri dioten maitasuna.
John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta Monica bien alabatzakoarekin bizi da Kalifornian. Willis haren aitak, nekazari tradizional eta kontserbadorea, Los Angelesera bidaiatzea erabaki du, eta Johnen etxean geratuko da erretirorako tokirik egokiena aurkitu arte. Etxean dagoen bitartean, aita-semeen munduek talka egingo dute bortizki, eta zauri zaharretan zirikatzea eta beste batzuk irekitzea ekarriko du, elkar onartu eta barkatzeko bidaian.
Irisek Renata –iragan bereziko neska gazte bat– ezagutu eta berehala sentituko du harengatiko erakarpena. Beldurrak gainditu eta segurtasun-faltari aurre egin beharko die bere lehen maitasuna bizitzeko. Samurtasunez beteriko istorioa, oso kontrako ingurune batean, non desioak forma asko hartzen baititu iluntasunean eta hizkimizkiek arma bihur baitaitezke.
1850eko hamarkadan, Abigail bere senar Dyerrekin bizi da New York estatu iparraldeko landetxe batean. Urte berri bat hasten ari da, eta Abigailek bere egunkarian idatziz horri buruz hausnartzen duela, bere jokabide estoiko eta gogoetatsuaren eta bere emozio korapilatsuen artean kontraste nabarmena dagoela sentituko dugu, nahiz eta apurka argituz doazen emozio horiek. Udaberria heldu da eta Abigailek Tallie ezagutuko du, bere emozioekin zintzoa den emakume iritsi berri bat, edertasun liluragarrikoa, zeinak ondoko etxalde bat alokatzen duen bere senar Finneyrekin. Bi emakumeen artean oso argia ez den harreman bat sortuko da, baina existitzen zela ez zekiten hutsune bat beteko dute horrela.
Gaixotasun batek eta haren tratamenduak eragindako minez, Kang noraezean bizi da, leku batetik bestera joanez. Atzerrian Non ezagutzen du, eta elkar kontsolatzen dute biek, banandu eta bakoitzak bere bizitzarekin jarraitu aurretik.
Bertan behera utzitako biltegi batean, pertsona talde handi bat dantzan ari da, techno musika 145 BPMan jotzen ari direla. Dustin, transgender gazte bat, bertan dago bere lagun taldearekin: Félix, Raya eta Juan. Gauak aurrera egin ahala, histeria kolektiboa malenkonia gozo bihurtuko da, eta euforia samurtasun-irrika.
ETAk armak utziko dituela iragartzen duen egunean, Bittori hilerrira doa, terroristek hil zuten El Txato senarraren hilobiari esatera bizi izan ziren herrira itzultzea erabaki duela. Bizikide izan ahalko da bere eta familiaren bizitza aldarazi zuen atentatuaren aurretik eta ondoren jazarri ziotenekin? Jakin ahalko du nor den bere senarra garraio-enpresara bidean hil zuen kaputxaduna? Bittoriren presentziak herriko lasaitasun faltsua aldatuko du, eta, batez ere, Mirenena. Miren kartzelan dagoen Joxe Mari terroristaren ama da, eta, garai batean, lagun minak ziren. Zer gertatu zen bi emakume horien artean? Zerk pozoitu du beren seme-alaben eta senarren bizitza, iraganean harreman hain estua bazuten? Urradura disimulatuekin eta uste ezin hautsizkoekin, baita zauriekin eta ausardiarekin ere, El Txatoren hilketak eragindako kraterraren aurreko eta ondorengo istorio goriak ahazteko ezintasunaz eta barkamenaren beharraz hitz egiten digu. Zortzi ataleko telesaila, Fernando Arambururen izen bereko eleberrian oinarritua eta HBO Europerako ekoitzitako lehen telesaila espainolez.
Fraser, hamalau urteko mutil bat, Venetoko base militar amerikar batera bizitzera joan berri da. Han Caitlin ezagutuko du, bere adineko neska bat. Biak ala biak nahasita daude sexu- eta genero-nortasunei dagokienez. Pixkanaka, lagun bihurtu eta elkarri lagunduko diote. Azkenean, harreman bat dutelako itxurak egingo dituzte, kideen eta kanpoko munduaren presioa saihesteko. Caitlinek bere alderdi femeninoa baztertzen du, ez baitu ezer jakin nahi horri buruz, eta Fraserrek, bestalde, erakarpena sentituko du bere ama Sarahrekin lan egiten duen mutil zaharrago batengandik. Bi protagonisten lehen maitasun-esperientziek eragin ikaragarria izango dute euren bizitzetan.